ERREPIDEAK

Isunak jartzeari utzi dio Ordizia eta Irura arteko radarrak

Gehiegizko abiadura jaistea lortu du gailuak, eta istripuen kopurua ere jaitsi da. Radarra ez du kenduko Jaurlaritzak; datuak biltzen jarraituko du, eta, gidariak atzera berriro hasten badira azkarregi gidatzen, isunak jartzen hasiko dira. Hiru lekutan abiadura muga jaistea nahi du Jaurlaritzak.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko ekainaren 12a
14:02
Entzun

Ordizia eta Irura artean, N-1 errepidean, jarritako tarteko radarrak ez du isunik jarriko gaurtik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi du jarritako helburuak bete dituela urtebetean radarrak: gehiegizko abiadura jaistea lortu du (batez beste orduko 8,3 kilometro mantsoago joaten dira ibilgailuak), eta istripuen kopurua jaitsi egin da, %16,7. Radarrak jarritako isunen kopuruari erreparatuz gero, bistan dago aldea: iazko ekainean, martxan jarri zutenean, 1.142 gidari zigortu zituzten azkarregi gidatzeagatik; aurtengo maiatzean, berriz, 305 isun jarri dituzte. Urtebetean 6.000 zigor inguru jarri ditu radarrak; kopuru "txikia" dela nabarmendu du Amparo Lopez Trafiko zuzendariak, urtean sei-zazpi milioi ibilgailu igarotzen baitira N-1 errepideko zati horretatik.

Radarrak ez du isunik jarriko, baina kendu ez dute egingo: martxan jarraituko du, abiadurari buruzko datuak biltzen. Horiek aztertzen jarraitzea da Jaurlaritzaren asmoa. Nolanahi ere, ohartarazi dute gidariak atzera berriro hasten badira azkarregi joaten isunak jartzen hasiko direla. Alegia parean dagoen radar finkoak jarraituko du zigorrak jartzen, eta Ertzaintzari agindu diote errepide bazterrean ezkutuko radarrekin kontrolatzeko abiadura. Aztertzen ari dira beste errepide batzuetan gisa horretako radarrak jartzea.

Hiru leku arriskutsu

Ordizia eta Irura arteko radarraren datuak aztertuta, eskari zehatza egin dio Jaurlaritzak Gipuzkoako Diputazioari: jaisteko abiadura muga hiru lekutan, ohartu baitira egungo muga handiegia dela eta istripuak pilatzen direla hiru gunetan. Itsasondoko gasolindegi pareko bihurgunean, Alegiako irteeraren ondorengoan eta Irurako irteera aurrekoan jaitsi nahi dute abiadura muga; gaur egun orduko ehun kilometroan dago, eta Jaurlaritzak 80ra edo 70ra jaitsi nahi du. Diputazioarena da eskumena, eta hari egin dio deia Trafiko Zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.