zinema

'Gazta zati bat' New Yorken, '80 egunean' Frantzian

2012ko ekainaren 13a
11:45
Entzun

Gazta zati bat dokumentala New Yorken estreinatuko dute larunbat honetan, Euzko Etxean 19:00etatik aurrera, Nazioen Mundua herri ekimenak jakinarazi duenez.

Autodeterminazioaren aldeko dokumentala da Gazta zati bat, Jon Maia bertsolariak egina eta Nazioen Munduak ekoiztua. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten, joan den apirilean, eta harrezkero sei mila lagunek ikusi dute, iturri haren arabera. Aste honetan Euskal Herriko bederatzi herritan emango dute.

Euskarazko beste film bat ere atzerrian ikusteko aukera dago gaurtik aitzina: 80 egunean, Frantzian. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako lana da, eta 2010eko udaberrian estreinatu zuten. Nazioartean dagoeneko hainbat lekutan eskaini dute.

Filma jatorrizko bertsioan estreinatuko dute Frantzian —euskaraz—, frantsesezko azpitituluekin. Guztira, 25 kopia banatu dituzte, eta horietako sei Parisko aretoetan emango dira, Irusoin eta Moriarti ekoiztetxeak jakinarazi dutenez. Frantziako banaketaz Epicentre enpresa arduratu da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.