Albistea entzun

"Euskal Herriak irabazi du epaiketa", diote auzipetuek eta ezker abertzaleak

Donostian prentsaurrekoa eman dute. Arantza Urkaregik esan du auzipetuen "delitu bakarra lan politikoa egitea" izan zela. Maribi Ugartebururen arabera, epai honen ondoren Espainiak "baldintza demokratikoen aroa hasi" beharko luke, "konponbidearen alde".

Berria -

2012ko ekainak 18

D3M eta Askatasuneko auzipetuen ustez, "epaiketa ez da Madrilen irabazi, baizik eta Euskal Herrian". Hala esan du gaur arratsaldean Arantza Urkaregik auzipetuek Donostian hotel batean emandako prentsaurrekoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu denak absolbitu dituela jakin eta hiru bat ordura. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea ere antzera mintzatu da: "Euskal jendarteak irabazi du epaiketa".

Urkaregik auzia salatu du, euren "delitu bakarra lan politikoa egitea" izan zelako. "Eskubide zibil eta politikoen defentsan aritu ginen, hauteskundeetako parte hartzea defenditzen". Horregatik atxilotu, kartzelatu eta epaitu egin dituztela adierazi du. Auzian zehar eskubide zibil eta politikoen alde Euskal Herrian han eta hemen egindako lana eskertu du; bereziki, Eleak mugimenduak egindakoa.

Auzipetuta izan direnak "lan politikoarekin" jarraituko dutela esan du Urkaregik, "Euskal Herri aske eta justua" lortzeko. "Pertsona guztien" eskubideak eta Euskal Herriaren eskubideak defendituko dituzte, haren esanetan.

Ugarteburuk azaldu du epai honen ondoren Espainiak "baldintza demokratikoen aroa hasi" beharko lukeela, "konponbidearen alde". Horra bidean "urrats positiboa" izan da D3M eta Askatasuna auziko absoluzioa, ezker abertzalearen ustez, baina Ugarteburuk ohartarazi du ezin dela "urrats solte bat" izan. Kasu, espetxe politika "inhumanoa" eta Sortu auzia hor direla gogoratu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.