"Euskal Herriak irabazi du epaiketa", diote auzipetuek eta ezker abertzaleak

Donostian prentsaurrekoa eman dute. Arantza Urkaregik esan du auzipetuen "delitu bakarra lan politikoa egitea" izan zela. Maribi Ugartebururen arabera, epai honen ondoren Espainiak "baldintza demokratikoen aroa hasi" beharko luke, "konponbidearen alde". [Ustream]http://www.ustream.tv/recorded/23403148[/Ustream]

2012ko ekainaren 18a
17:30
Entzun

D3M eta Askatasuneko auzipetuen ustez, "epaiketa ez da Madrilen irabazi, baizik eta Euskal Herrian". Hala esan du gaur arratsaldean Arantza Urkaregik auzipetuek Donostian hotel batean emandako prentsaurrekoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu denak absolbitu dituela jakin eta hiru bat ordura. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea ere antzera mintzatu da: "Euskal jendarteak irabazi du epaiketa".

Urkaregik auzia salatu du, euren "delitu bakarra lan politikoa egitea" izan zelako. "Eskubide zibil eta politikoen defentsan aritu ginen, hauteskundeetako parte hartzea defenditzen". Horregatik atxilotu, kartzelatu eta epaitu egin dituztela adierazi du. Auzian zehar eskubide zibil eta politikoen alde Euskal Herrian han eta hemen egindako lana eskertu du; bereziki, Eleak mugimenduak egindakoa.

Auzipetuta izan direnak "lan politikoarekin" jarraituko dutela esan du Urkaregik, "Euskal Herri aske eta justua" lortzeko. "Pertsona guztien" eskubideak eta Euskal Herriaren eskubideak defendituko dituzte, haren esanetan.

Ugarteburuk azaldu du epai honen ondoren Espainiak "baldintza demokratikoen aroa hasi" beharko lukeela, "konponbidearen alde". Horra bidean "urrats positiboa" izan da D3M eta Askatasuna auziko absoluzioa, ezker abertzalearen ustez, baina Ugarteburuk ohartarazi du ezin dela "urrats solte bat" izan. Kasu, espetxe politika "inhumanoa" eta Sortu auzia hor direla gogoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.