Eurokopa

Espainia txapeldun, erakustaldia emanda

4-0 irabazi dio Italiari Eurokopako finalean. Aurreneko selekzioa da bere kontinenteko bi txapelketa eta mundial bat segidan irabazten.

enekoitz esnaola
2012ko uztailaren 2a
08:04
Entzun

Futbolaren historiara pasatu den selekzioa da Espainiakoa: bigarrenez segidan irabazi du Eurokopa, duela bi urte mundiala ere eraman zuen eta, hala, hiru txapelketak (bere kontinenteko bi eta mundukoa) segidan irabazten aurreneko selekzioa da. Eta bi urte barru Brasilgo Mundu Txapelketarako faborito nagusia da.

Kieveko finalean erakustaldia eman zuen atzo, gainera. Batetik, emaitza bera hartu behar da kontuan: 4-0 hartu du mendean Italia. Bestetik, jokoa: bikaina.

Finaleko lehen minutuetan bi selekzioak elkarri neurria hartzen egon ostean, segituan nagusitu zen Espainia, eta azkar sartu zuen 1-0ekoa, 14. minutuan. Bere markako gola izan zen: ukitu batzuk egin, Cesci areara pasea, honek atzera pasea eta Silvak, gola.

Ondoren Italiak bizpahiru erremate egin zituen, bat area barrutik (Cassanok) eta beste bi kanpotik (Cassanok eta Montolivok); arrisku handirik gabeak, ordea. Espainiak hartu zuen berriro agintea. Busquets, Alonso, Xavi, Iniesta eta Silvak osatutako zelai erdiarekin jai zuen kontrarioak. Eta defentsa ere izugarri Espainiarena: txapelketa osoan gol bakarra egin zioten Casillasi —lehen neurketan, Italiak berak—.

Atsedenera heltzear zirela, 2-0ekoa. Xabi pase sakona Albari, bakarrik geratu zen Buffonen aurrean eta ez zen kikildu. Italiarentzat errematea bigarren zatiaren ordu laurdenera iritsi zen, lehen minutuetan Di Natalek bi erremate egin ondotik: hamar jokalarirekin gelditu zen, Mottak min hartu duenean —hiru aldaketa eginak zituen taldeak—.

Partidaren bukaeran sartu zituen azken bi golak Espainiak, aurkariak burua makurtua zuenean.

Talde gaztea da

Beste titulu bat, beraz, Espainiako selekzioak. Eta hurrengo urteetarako ere erne haiekin. Izan ere, talde gaztea du. Hamaikakotik bi baino ez dira 30 urtetik gorakoak: Casillas (31) eta Xavi (32). Alonsok 30 urte ditu. Beste denak —ordezko diren onenetakoak kontuan hartuta—, 30etik beherakoak dira: Arbeloak 29 ditu, Piquek 25, Ramosek 26, Albak 23, Busquetsek 24, Iniestak 28, Silvak 26, Cescek 25, Torresek 28, Martinezek 23, Matak 24, Navasek 26, Cazorlak 27, Pedrok 24... Harrobia ere ona du. Eta joko estilo bat dauka.

Espainia: Casillas; Arbeloa, Ramos, Pique, Alba; Xabi Alonso, Busquets; Silva (Pedro, 59m), Xavi, Iniesta (Mata, 86m); Cesc (Torres, 75m).

Italia: Buffon; Abate, Barzagli, Bonucci, Chiellini (Balzaretti, 21m); Marchisio, Pirlo, Montolivo (Motta, 56m), De Rossi; Cassano (Di Natale, 46m), Balotelli.

Golak: 1-0: Silva (14m). 2-0: Alba (41m). 3-0: Torres (83m). 4-0: Mata (88m).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.