ETXE KALERATZEAK

Errenta mugez gain, beste baldintza batzuk bete beharko dira etxea ez galtzeko

[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1590/[/Berriatb] Etxe kaleratzeei aurre egiteko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak. Urtean 19.000 euroko diru sarrerak baino gutxiago izatea ez da aski; horiekin batera, beste baldintza batzuk bete beharko dira: familia ugaria izatea, ezindua... Etxea jada galdu dutenentzat ez dute babesik ekarriko neurri horiek. Trukean, gobernuak hitzeman du alokairu soziala martxan jartzeko negoziazioetan hasiko dela.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko azaroaren 15a
20:13
Entzun

Etxetik botatzear daudenak babesteko araua erabat baldintzatua izango dela baieztatu du Espainiako Gobernuak. Ministroen kontseiluak gaur onartu du berehala indarrean sartuko den dekretua. “Lehen fasea” da honako hau, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak adierazi duenez. Bi erabaki nagusi daude:

1. Nor ez duten botako. Bi urtean etxea ez galtzeko, bi baldintza bete beharko dira: bat errentari dagokiona eta bestea familia egoerari dagokiona. Errentari buruz: urtean 19.200 euro baino gutxiago sartzea etxean, hipotekak diru sarreren erdia jatea  eta hipoteka pagatzeko bideratu beharreko kopuruan “aldaketa handiak” izatea; adibidez, lehen sarreren %30ekin aski izatea hipoteka pagatzeko eta orain %45 behar izatea. Errentaz aparte, beste baldintza batzuk bete beharko dira. Kasuak: familia ugariak, guraso bakarra eta bi ume, 3 urte baino gutxiagoko ume bat, %33tik gorako menpekotasuna edo ezgaitasuna, langabezia saria amaituta, adineko ezinduak eta genero indarkeriaren biktimak.

2. Alokairu soziala. Kaleratzeei aurre egiteko neurriek ez dituzte babestuko dagoeneko etxetik bota dituztenak, nahiz eta baldintzak bete. Horiei irtenbide bat emateko, alokairu soziala bultzatuko du Madrilgo gobernuak. Negoziazioak hasiko ditu etxejabeekin, etxea galdu dutenei “arrazoizko prezioan” alokairua errazteko.

Gobernuak onartutako dekretua ez da itxia, eta Espainiako Kongresura igorriko dute. Han beste neurri batzuk adosteko asmoa dute: etxea ordainetan noiz eman ahalko den, enkanteak nola egin behar diren, hipoteketako gehiegikeriak nola saihestu... Santamariak itxaropena azaldu du beste alderdiekin ados jartzeko.

Oraingoz ez baitago adostasunik. Erabakiak bere kabuz hartu ditu azkenean PPren gobernuak. Astelehenaz geroztik aritu da negoziatzen PSOErekin, baina azkenean akordiorik ez dute egin. Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten presidenteak adierazi du aurrerantzean ere “jarrera eraikitzailea” izango duela.

Protestak, bitartean, etenik gabekoak dira. Barakaldon (Bizkaia) bildu dira goizean dozenaka lagun. Manifestazioa egin dute, eta amaieran gorabeherak izan dituzte Ertzaintzarekin. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu du lau lagun finantza erakunde baten bulegora sartzen saiatu direla eta hori ez egiteko agindu dietela poliziek. Ertzaintzaren arabera, ez da istilurik izan eta ez dute inor identifikatu.

Stop Kaleratzeak elkarteak, bestalde, jakinarazi du astelehenean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) gizon bat etxetik botatzekoa zutela baina bertan behera utzi dutela kaleratze hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.