Hilberria
Jorge Videla diktadorea hil da
Jorge Rafael Videla hil da, 87 urterekin. Argentinako diktadore izan zen 1976 eta 1981 artean. Argentinak urterik beltzenak bizi izan zituen Videlak gidatutako Junta Militarraren pean, eta haren agintaldian 30.000 lagun desagertu ziren, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera.

Videlari bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten 1985ean estatu terrorismoagatik, baina Carlos Menem presidenteak indultua eman zion 1990ean. Haur lapurtuen auziagatik, 1998an berriro kartzelara sartu zuten, baina hilabetera etxeko espetxealdia onartu zioten. Nestor Kirchnerren agintaldian barkamen legeak indargabetu eta indultuak bertan behera utzi ondoren, 2008an sarrarazi zuten berriro espetxean, eta 2010ean bizi guztiko bigarren zigorra ezarri zioten, gizateriaren aurkako krimenengatik.
Hil denean, Condor operazioagatik epaitzen ari ziren Videla Argentinan. Inoiz ez du onartu auzitegien zilegitasuna, eta de facto presidente izan zen garaiko krimenen biktimak "terrorearen militanteak" zirela argudiatu izan du.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.