BERRIA TALDEA

Beatriz Zabalondo izango da BERRIA Taldeko lehendakaria, eta kontseilari ordezkaria, Iban Arregi

Akziodunen batzarrak aukeratu ditu biak, Joxan Lizarribarren eta Joanmari Larrarteren ordezko. Lizarribarri omenaldia egin diote batzarraren amaieran. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1802/[/berriatb]

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 1a
20:10
Entzun

Lehendakari eta kontseilari ordezkari berriak ditu BERRIA Taldeak: Beatriz Zabalondo izango da lehendakaria, eta kontseilari ordezkaria, Iban Arregi. Akziodunen batzarra egin du gaur taldeak, Andoainen (Gipuzkoa), eta han aukeratu dituzte taldeko arduradun berriak. Zabalondok Joxan Lizarribar ordezkatuko du lehendakari karguan ―apirilean hil zen―, eta Arregik, Joanmari Larrarte. BERRIAk hamar urte betetzearekin batera kargua uzteko asmoa aurrez jakinarazia zuten Lizarribarrek eta Larrartek.

Beatriz Zabalondo (Elgeta, Gipuzkoa, 1961) Ingeniaritza Teknikoa eta Kazetariza ikasia da, eta itzulpengintzan eta hizkuntzari lotutako jardunetan aritu da batez ere: ETBn gidoiak itzultzen, egokitzen eta zuzentzen, eta telesail batzuen hizkuntz arduradun; Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn euskara taldeko kide izana da, eta bi egunkari horien estilo liburuak idazten parte hartu zuen. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakari izana da, eta irakasle ere jardun du, Mondragon Unibertsitatean eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. 2011z geroztik da BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide.

Iban Arregi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975) Komunikazio Zientziak ikasia da. Euskarazko hedabideei lotuta garatu du jardun profesionala: ETBn hasi zen lanean, eta berehala Euskaldunon Egunkaria-ra joan zen, kazetari; hura itxi zutenean, BERRIA Taldean jarraitu du, kudeaketa arloan. Azpeitian, Uztarria kultur koordinakundearen sortzaileetakoa izan zen, eta lehen presidentea.

Beste hiru kide berri ere izango dira administrazio kontseiluak: Pilar Kaltzada ―kazetaria, eta komunikazio estrategian aditua―, Idurre Maortua ―irakaslea eta Anboto aldizkariaren sorrerako taldeko kide eta kudeatzaile ohia― eta Gartzen Garaio ―diseinuan, itzulpengintzan eta komunikazio esparruan aritua, eta Aiaraldea.com webgunea kudetzen duen Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteko kidea―. Kargua utzi dute Nagore Amondarainek, Alazne Iruretagoienak eta Abel Ariznabarretak.

Kide hauek izango ditu, beraz, administrazio kontseiluak: Beatriz Zabalondo (lehendakaria), Josu Amezaga (lehendakariorde), Iban Arregi (kontseilari ordezkari), Edurne Alegria, Joxean Alustiza, Gartzen Garaio, Gurutze Izagirre, Pilar Kaltzada, Joanmari Larrarte ―urtebetez jarraituko du―, Emilio Majuelo, Idurre Maortua.

Omenaldia Lizarribarri

BERRIA Taldeko lehendakari gisa azken ekitaldia gaur behar zuen Joxan Lizarribarrek, eta oso gogoan hartu dute gaur. Haren senideei Gotzon Huegunen artelan bat eman diete, esker ona agertzeko. Lizarribarren ingurukoen lekukotasunekin egindako bideo bat eman dute bileraren amaieran. Gogora ekarri dute, gainera, ostegunean Andoaingo Bastero kulturunean Lizarribarren omenezko ekitaldi bat izango dela.

Kontuak eta aurreikuspenak

2012ko kontuen berri eman dute, bestalde, akziodunen bileran. "Urte gogorra" izan zen iazkoa. Egunkari salmentek beherantz segitu zuten, eta publizitateak, are gehiago ―2006tik %46 jaitsi da―. Kontua da, ordea, taldeko hedabideek inoiz baino irakurle eta jarraitzaile gehiago dituztela, paperekoak eta Internetekoak aintzat hartuta. Hori berretsi dute azken audientzia datuek. Saretik, hala ere, ez dator dirurik. Bide horretan, jarraitzaileen diru ekarpenak biltzen hasi zen BERRIA, Zure ziztada behar dugu kanpainaren bitartez. 500.000 euro biltzea jarri zuen helburu 2012rako, eta lortu zuen xedea. Aurten ere bide horretan jarraitu nahi dute. "Etorkizunerako bide bat izan daiteke", azaldu du Larrartek.

Sektorearen egoera ere hartu dute hizpide. Batzera jo dute herri ekimeneko hedabideek, eta Hekimen elkartea sortu dute. Aurrerapausotzat jo dute urrats hori batzarrean. Gisa bereko proiektu gehiago ere badituzte esku artean; Tolosaldean, adibidez, eskualdeko euskarazko komunikabideak bat egitekotan dira, proiektu multimedia bateratu bat sortzeko.

2012ko jarduna aho batez onartu dute akziodunek, eta 2013rako ardatz nagusiak ere bai. Bost ildo zehaztu dituzte: bideragarritasunerako urratsak egitea ―BERRIAlagunen kanpaina indartzea―, hedabideak garatzen jarraitzea, zerbitzuetako enpresetan beste bide batzuk ere indartzea, antolaketan eta funtzionamenduan egokitzapenak egitea, eta saretze lanean jarraitzea ―Hekimen eta Kontseilua indartzea―.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.