memoria historikoa

Frankismo garaiko lau polizia inputatu ditu Argentinak, eta atxilo hartzeko agindu du

Jesus Muñecas, Celso Galvan, Jose Ignacio Giralte eta Jose Antonio Gonzalez Pacheco dira inputatu dituztenak.

ainara arratibel gascon
2013ko irailaren 19a
11:10
Entzun

Frankismo garaiko lau polizia buru atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Maria Servini de Cubria Argentinako epaileak —hark hartu du frankismoko krimenen auzia ikertzeko ardura Argentinan—. Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Jose Antonio Gonzalez Pacheco atxilotzeko agindua eman du Servinik. "Oraindik ez dugu esku artean agindua, baina badakigu 200 orrialde baino gehiago dituela. Lehengo astetik espero genuen albistea da, eta oso pozik hartu dugu. Espero dugu horrela jarraitzea. Rodolfo Martin Villa, Jose Utrera Molina eta Fernando Suarezen inputazioekin batera, oso lorpen inportantea da", adierazi dio BERRIAri Josu Ibargutxik, Goldatu taldeko kideak.

Agindu horrekin lau polizia horiek inputatuta daude, frankismoko krimenak egotzita. "Batez ere Jesus Muñecasen atxiloketa nabarmendu nahiko nuke. Andoni Arrizabalagaren torturatzaile nagusienetakoa izan zen Muñecas. Gainera, Tejeroren ondokoa izan zen, estatu kolpea eman zuenean". Argentinan salaketa jarri zuten biktimen elkarteetako ordezkariak gaur dira biltzekoak, erabakia aztertzeko. Ondoren, agerraldi bat egingo dute.

Eskariak Interpoli eta Espainiako Gobernuari bidaliko dizkio Servinik. Hala jakinarazi du Carlos Slepoyk, frankismoko biktimen elkarteek Argentinan duten abokatuetako batek. Behin agindua jasota, inputatuek Argentinara joan beharko dute.

2010ean hasitako prozesuan frankismoko biktimen elkarteek lortu duten "garaipen garrantzitsuenetakoa" dela nabarmendu du Slepoyk. Duela egun batzuk frankismoko biktimen aldeko plataforma bat sortu zen Argentinan. Servinik biktima horietako batzuen senideak hartuko ditu azaroaren 20an—Franco hil zen egunean—beren testigantzak eman ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.