Albistea entzun

KATALUNIA

Erreferendumera deitu du Masek azaroaren 9rako

Bilkura egin dute goizean erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek, eta erreferendumerako data, galdera eta prozedura hitzartu dute. Bi atal izango ditu galderak: "Katalunia estatu bat izatea nahi duzu?" eta "Katalunia estatu independente izatea nahi duzu?".

Jon O. Urain -

2013ko abenduak 12

Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egiteko bidean bilera garrantzitsua egin dute Bartzelonan erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde agertu diren alderdiek. Batzar bat egin dute Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak, ERCko Oriol Junquerasek, ICVko Joan Herrerak, EUiAko Joan Menak eta CUPeko David Fernandezek eta Quim Arrufatek.

Bi galderako erreferenduma egitea adostu dute alderdiek. Horietako bat da: "Nahi al duzu Katalunia estatu bat izatea?". Bigarrena zehatzagoa izango da, eta aurrenekoari baiezkoa erantzutekotan erantzun beharrekoa izango da: "Nahi al duzu Katalunia estatu independente bat izatea?". Azaroaren 9rako deituko dute erreferendumera.

Lehen galderak ez luke zehaztuko zer-nolako estatua izan beharko lukeen Kataluniak, eta ICV eta UDCren eskaerak asetuko lituzke horrela. Bigarren galderarekin, berriz, independente hitza txertatuta, CUP eta ERCren nahiei men egingo lieke Masek. Alderdietako zuzendaritzek berretsi beharko dute orain akordioa.

Masen esanetan, galdera eta data adosteaz gain, erreferenduma egiteko prozedura ere zehaztu dute. Masek esan du datorren astean jarriko dutela martxan prozedura hori. Joan Herrerak azaldu duenez, lege proposamen bat abiatuko dute Kataluniako Parlamentuan, eta, bertan onartuta, Espainiako Kongresura eramango dute gero, bertan onar dezaten erreferendumaren deialdia. Hala ere, erreferendumik ez duela baimenduko ohartarazi du berehala Espainiako Gobernuak.

Galdera "barneratzailea"

14:00etan agerraldi bat egin du Artur Masek, akordioaren inguruko xehetasunak emateko. Azaldu du akordio "azkarra" izan dela, bi egunetan heldu baitira adostasunera. Halaber, adostutako galderak "barneratzaileak" direla nabarmendu du, eta, zentzu horretan, PSCk ere erreferendum deialdiarekin bat egitea espero du.

Junquerasek hitz egin du hurrena, ERCren jarrera azaltzeko. Esan du ERCk ez lukeela nahi galdera "hain luzea" izatea, baina azaldu du estatu independenteaz galdetzea ezinbestekotzat duela ERCk, eta adostutako galderak hori ziurtatzen duela.

"Autonomia erkidegoen Espainia amaitu da", esan du Joan Herrerak (ICV). Ontzat jo du erreferendumeko galdera, iritzita federalistak eta autonomistak barnebiltzen dituela. Akordioa "ona" dela uste du, galdera "argia eta barneratzailea" delakoan, eta PSCri ere akordioarekin bat egiteko eskatu dio. Herrerak, gainera, uste du "prozesu konstituziogile" bat martxan jartzen duela erreferendumak.

CUPeko Quim Arrufatek ere ontzat jo du Artur Masen proposamena, baina gaineratu du gizartea dela erreferendumari oniritzia eman behar diona, "hura izan baita prozesu hau abiatu duena".

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaia Espainiako Kongresuan, joan den astean ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Aurreikusita dagoen porrot bat oholtzaratu ahal izateko prozesua

Igor Susaeta

Nuñez Feijoo PPkoa Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute gaur Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka izendatua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan
Kosovoko polizia talde bat, atzo, Kosovo iparraldeko Banjska herriaren ondoko bidegurutze batean. ©DJORDJE SAVIC / EFE

Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu du azken erasoak

Gorka Berasategi Otamendi

Talde baten eta Kosovoko Poliziaren arteko tiroketa batean bost lagun hil ziren igandean. Pristinak Belgradi leporatu dio erasoaren erantzukizuna
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin baean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistek lehenengoz ordezkaritza lortu dute Frantziako Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide Robert Xowie independentista aukeratu dute goi ganberako senatari. Eskuin muturrak hiru senatari lortu ditu.

Alberto Nuñez Feijoo PPkoa, joan den astean, Kongresuan. ©EFE

Aurreikusitako porrot bat oholtzaratzeko prozesua

Igor Susaeta

Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaia Espainiako presidente izendatzeko prozedura hasiko dute, bihar, Kongresuan. Gaur-gaurkoz, ez dauka inbestitua izateko aukerarik: ez lehen bozketan, ez bigarrengoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...