Albistea entzun

Zinemaldia

Zinemaldiko Sail Ofizialean emango dituzte 'Loreak' eta 'Lasa eta Zabala'

Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma lehiaketan emango dute; Pablo Malorena, lehiaketatik kanpo. Bideoa: Pili Zabala eta Axun Lasa, Lasa eta Zabalaren arrebak, Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreekin izan dira (Ander Gartzia, BerriaTB)

Juan Luis Zabala -

2014ko uztailak 25 13:52

Euskarazko zinemagintzak inoizko parte hartzerik handiena izango du aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, euskarazko bi film baitaude hautatuen artean: Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketan bata, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak; lehiaketatik kanpo bestea, Pablo Maloren Lasa eta Zabala. Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak izan zen Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartu zuen euskarazko lehen filma, 1989an, eta harrezkero ez da izan besterik. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Beloki Zuzendaritza Batzordeko kideak eman zuten albistea atzo, Madrilen, jaialdian parte hartuko duten "Espainian ekoitzitako filmak" aurkezteko emandako prentsaurrekoan. Agerraldi horretan Alex Anguloren heriotzagatik dolumina agertu zuen Rebordinosek, eta iragarri zuen Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian gogoan izango dutela aktore zendu berria.

Garaño eta Goenagaren Loreak filmak hiru emakume ditu pertsonaia nagusi modura, eta haietako bakoitzak lore sorta batekin zerikusia duen istorio bat du. Loreek ahaztuta ziruditen sentimenduak piztuko dituzte hiru emakumeengan. Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea, Jox Berasategi, Mikel Laskurain, Joxe Ramon Soroiz eta Ane Gabarain daude aktoreen artean. Sei astez filmatu zuten Garañok eta Goenagak Loreak, iaz, Gipuzkoan (Oiartzun, Donostia, Zarautz, Zumarraga, Idiazabal eta Irun), Nafarroan (Bera) eta Bizkaian (Leioa).

Lasa eta Zabalaren kasuaz

Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmak Joxi Lasa eta Joxean Zabala GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazitako gazteen kasua du kontagai, sumarioan oinarrituta. Filmean, Iñigo eta Fede abokatuak hildakoak identifikatzeko lanean ahalegintzen dira, beren sinesmenak eta are beren biziak ere arriskuan jarriz horretarako. Cristian Merchanek jokatu du Joxi Zabalaren rola eta Jon Anzak Joxean Lasarena; Iñigo abokatuarena, berriz, Unax Ugaldek. Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales aktoreek ere parte hartu dute. Filmaketa lanak Baionan hasi ziren, aurtengo otsailean, eta gero Gipuzkoan jarraitu zituzten; Tolosan, Donostian eta Zumarragan, besteak beste.

Sail Ofizialean emango diren beste hiru film ere iragarri dituzte antolatzaileek: Alberto Rodriguezen La isla mínima eta Carlos Vermuten Magical Girl Urrezko Maskorra irabazteko lehian emango dituzte; eta Isaki Lacuestaren Murieron por encima de sus posibilidades, lehiaz kanpo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2003. urtean heldu zen azoka Landakora, eta hor finkatu du egoitza. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Salbuespenean salbuespen

Itziar Ugarte Irizar

Elizpean hasi eta Landakora heldu, mende erdi pasako bidean 'liburu eta disko azokaren' etiketa galdu, eta «kultur plaza» bihurtu da azoka. Garai «gozoenean» iritsi da «atzerapausoa» batzuentzat

Diskoez haragoko hamaika formatu topatu daitezke egunotan Durangoko Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Diskorik entzuten ez dutenei diskoak saltzea

Iñigo Astiz

Durangoko Azokan argi ikusten da musikagintzaren sektoreak formatuekin duen korapiloa: egun, sarean entzuten du jende gehienak musika, eta formatu fisiko berrien bila dabiltza sortzaileak

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Musikan eztanda bat dago: izen interesgarri asko ari da ateratzen»

I. Ugarte - A. Sarasola

Musikaren ikuspuntutik begiratu diote azokari, eta, haren bidez, egungo eszenari. Garai politean ikusten dute, batez ere belaunaldi berrien eskutik.

Gizon bat, eskailera azpian ezkutatuta, irakurtzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.