Albistea entzun

EUSKARA

"Euskara informala eskuratzeko beste zerbait behar dugu"

Erabilera ez da automatikoa; ez du eskolak soilik egiten. Testuingurua oso da kontuan hartu beharrekoa: erdaldunagoa edo eleaniztunagoa da. Egoera berriari erantzun berriak eman behar zaizkiola dio Altunak. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea.
Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea. Jon Urbe / Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abuztuak 1 11:11

Erabilerari beha, Soziolinguistika Klusterrean aritzen da beharrean Olatz Altuna soziologoa (Usurbil, Gipuzkoa, 1971). Kaleko erabilera neurtzeko ikerketen arduraduna da. Datu kezkagarriak iritsi dira azken denboretan, dela etxeko erabileraz, dela arnasguneez. Testuinguruan kokatu ditu. Ikertzen segitzea ezinbesteko dela uste du.

Euskara geldialdian sartu ote den, kezka dago. Datuetan nabari da hori?
Azpimarratzekoa da azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman ditugula hizkuntza errealitatean, gizarte babes eta inplikazio handi batez. Egindakoa hor dago, eta ez da gutxi. Euskararen bilakaera sozialaz ari garelarik, garrantzitsua da zein alderdiri, eremu funtzionali eta  lurralde eremuri erreparatzen diogun zehaztea. Orokorrean, euskarak presentzia eta erabilera handiagoa izan dezan egoera hobean gaude, baina hizkuntza gaitasunean egindako aurrerapenak ez du erabileran areagotze nabarmenik ekarri.

Ahozko jardun informalean nabari da, batez ere, motelaldia. Agertoki garbienetako bat kalea da. Kale neurketei erreparatuta, 1980ko hamarkadatik 2000. urtera bitartean gora egin zuen, oro har, erabilerak, nahiz eta apurka-apurka igoeraren erritmoak apaltzeko joera erakutsi zuen. 2000z geroztik, ordea, erabileraren igoera eten egin dela erakusten digute egindako neurketek.

Dena den, argazki orokor horri gutxienez hiru ñabardura egin behar zaizkio. Bat: lurraldez lurraldeko egoera ez da bera. Gipuzkoan erabilerak gora jarraitu du etenik gabe; Araban eta Nafarroan apenas izan duen aldaketarik 25 urteotan; Bizkaian gorakako joera zuen, baina behera egin du azken urteetan; eta Ipar Euskal Herrian beheranzko joera eten egin da —azken neurketan ez da aldaketarik antzeman aurrekoarekiko—. Bi: haurren eta gazteen artean gertatu da igoera altuena lurralde guztietan, eta hori positiboa da euskararen berreskurapenerako. Hiru: euskaldunen —euskal hiztunen— zenbatekoa kontuan hartuta, probabilitate estatistikoen arabera, erabilera datuak espero zitezkeenak baino hobeak dira.

Etxeko erabilera zerbait jaitsi dela agertu du azken mapa soziolinguistikoak. Ulergarria da?
Etxeko erabilera ere eremu informalaren parte da, eta beherakada bat dator aipatutako kale neurketen datuek erakutsitakoarekin. Ez nau harritu, hortaz. Bi datuok, gainera, elkar elikatzen dutela esango nuke. Hainbat ikerketak erakutsi dute korrelazio handia dagoela etxean erabiltzen den hizkuntzaren eta kaleasn erabiltzen denaren artean. Berriki Pello Jauregik ondorioztatu du etxean euskaraz egiten duten gazteen artean gehienak kalean ere euskaraz aritzen direla. Etxean euskararen erabilera “anbiguoa” denean —batzuetan bai, besteetan ez—, ordea, gaztelaniaren aldeko joera nagusitzen da.

Datuek kezka eragin dute, besteak beste, etxea kontsideratu izan delako euskararen altzo eta babesgune. Espazio horretan huts egitearen sentsazioak alarma gorriak piztu ditu.
Dena den, etxeko erabileraren datuak ulertzeko ezinbestekoa da testuingurua kontuan hartzea, eta azken urteotan etxearen barne espazio horretan aldaketa nabarmena gertatu da. Besteak beste, etxeetako kideek euskaraz aritzeko duten aukera erreala nola aldatu den aztertu behar dugu; izan ere, etxeetako tipologiak zeharo aldatu dira. 1991n, EAEko euskaldunen %63 etxe guztiz euskaldunetan bizi ziren. 25 urte geroago, %40ra jaitsi da kopuru hori. Etxe mistoetan bizi diren biztanleen kopurua hazi egin da, eta, beraz, etxean euskaraz aritzeko aukerak murriztu egin dira.

Ezagutza handitu da nabarmen, baina erabilera ez hainbeste. Espero izateko eboluzioa izan da?
Erabilerak ez du garai batean espero zen igoera izan. Aurrera egin dugu euskaldunen kopuruan, nabarmen egin ere, baina ezagutzak ez dakar ezinbestean erabilera. Besteak beste, euskaldunen ezaugarrietan gertatu den aldaketari erreparatuko nioke erabileraren igoera motel hori ulertzeko. Bi aldaketa nabarmenduko ditut: batetik, euskaldunen erabilera aukera. Egungo euskaldunek garai batekoek baino harreman sare erdaldunagoa edota eleaniztunagoa dute; hau da, beren eremu pribatua, soziala, laborala nahiz mediatikoa erdaldunagoa da; bestetik, euskaldunen ezaugarriak aldatu egin dira, eta gaur egungo euskaldun askok —euskaldun berriek, gehienbat— ez dute nahikoa jario eta erraztasun egunerokoan euskaraz aritzeko. Garai batean familiagandik jasotzen zen euskara fresko eta informala eskuratzeko beste zerbaiten beharrean gaude.

30 urteko ibilbidean egoera soziolinguistikoa aldatu egin da. Ezin dugu gaur egungo errealitatea aztertu eta ulertu garai bateko parametroetan oinarrituta. Izan ere, garai batean ez bezala, gazte gehienak euskaraz ikasten ari dira; gehienek euskara eskolatik jaso dute, eta guraso erdaldunak edo bietako bat erdalduna dituzte —euskara bigarren hizkuntza dute—; gainera, “euskaraz hitz egiteko gai ez diren baina ulertzen duten” herritarrak —elebidun hartzaileak— bikoiztu egin dira.

Azter eta sozializa ditzagun zein diren parametro berri horiek, eta horien araberako praktikak proposatu. Adibidez, lehen esandakoaren bidetik, euskaraz hitz egiteko gai ez direnak baina ulertzen dutenak nola ekar ditzakegu elkarrizketa elebidunetara edo euskarazkoetara? Areago, nola lortu hainbat jardunetan, esate baterako lan munduko bileretan eta komunikazio idatzian, elebidun hartzaileek beren ahalak garatzea eta elebidunen euskarazko jarduna ahalbidetzea? Elebidun hartzaileak tarteko direla, zein lanketa egin behar dugu elebidunek elkarrizketetan euskarari euts diezaioten erdararen inertziari amore eman gabe?
 

Umeekin lan handia egin da, eta haiek erabiltzen dute gehien euskara. Baina adinean aurrera egin ahala, gutxitu egiten da...
Ezin da pentsatu eskola, besterik ezean, nahikoa denik erabileraren gorakada ekartzeko. Beste faktore askok ere eragiten dute, adibidez, familiak, lagunarteko giroak, aisialdiko jardunak,  ingurune mediatikoak, erreferentzia sozialek, eta abar.

Kale neurketek erakutsi duten beste argazki bati erreparatuko diot, gutxienez hutsune bat nabarmentzeko: hizkuntza portaeran eragin handia du haurrak elkarrizketetan presente egoteak ala ez egoteak. Hau da, elkarrizketetan umeak daudenean, erabilerak gora egiten du nabarmen. Aldiz, nagusiek, euren artean ari direnean —haurrik gabe—, askoz ere gutxiago erabiltzen dute euskara, haurrekin ari direnean baino. Nagusien portaera horretan zerikusia izango du haurren artean euskaldun gehiago izateak, edota erdaraz aritzeko ohituraren pisuak. Haur askorentzat alderdi sinboliko-baloratiboan nagusien mundua gaztelaniaz edo frantsesez da. Hizkuntza serioa, prestigiotsua, erdara da.
Bestalde, alderdi praktikoari begira, ume eta gazte askok, ingurune erdaldunetan bereziki, zailtasunak dituzte erabilera informalean —familian, jolastean, lagunartean, haserretzean, sare sozialetan, ligatzean…—. Aisialdiko jardunbide horietan airoso moldatzeak hizkuntzarekiko gertutasuna dakar, eta horrek, bide batez, gaitasunari eta erabilerari eragiten dio.

Gauzak horrela, haur askok nerabezarora iristearekin batera hizkuntza ohiturak erdaldundu egiten dituzte. Iñaki Iurrebasok BAT aldizkarian jakinarazten zuen euskararen erabilera nolabait lotuta doala norbanakoen bizitza zikloarekin, denborak aurrera egin ahala, nerabe askok heldu izatera iristean euskararen erabilera berreskuratzen baitute, batez ere seme-alabak izaten dituztenean. Hortaz, jakin beharko litzateke ea urteek aurrera egin ahala gazte horiek erabilera berreskuratzen duten, eta guraso direnean seme-alabei euskaraz egiten dieten. Garrantzitsua litzateke hala izatea. Horrela egin lezake gora etxetik euskara jasotzen dutenen kopuruak, eta hiztun horiek, normalean, hizkuntzarekin erro sendoagoak izango dituzte.


Araba: ezagutzan pauso handia, baina inguru erdalduna oraindik.
Denborak, besterik ezean, ez du egoera aldatuko.Ezagutzan pauso handia eman da, bai. Arabarrak gero eta euskaldunagoak dira. Espazio publikoa, ordea, erdalduna da oraindik; sozialki gaztelaniak erakarpen indar handia du.

Nahiz eta kaleko erabilera orokorra ez den aldatu 1989tik hona, 2011ko kale neurketak erakutsi du Gasteizko auzo batzuetan euskararen erabilerak gora egin duela. Auzo horietan bikote gazteen eta umeen presentzia nabarmena da. Hor bada, hortaz, datu positiboa. Datu horrek erakusten du, gainera, euskaldunak elkartzen direnean, sarea osatzen denean, euskararen erabilera indartu egiten dela. Batzuetan, sarea geografikoki antolatzen da, auzoetan-edo, baina badira bestelako aukerak ere: espazio birtualak, jarduera jakinei lotuak, eta abar.
Araban, eta bereziki Gasteizen, ez dira urriak euskarazko ekimenak. Horiek modu antolatuan eta orokortuan zabaldu beharko lirateke, euskaldunen komunitatea arnasberritzeko eta indartzeko.
 

Bizkaian ere pausoak badira. Bilbo inguruak eragiten du aurrerapen gehiagorik ez izatea?Bilbo inguruan gertatzen denak, Bizkaian ez ezik, Euskal Herrian ere izugarrizko eragina du. Bilbok pisu handia du demografikoki eta sinbolikoki: Bilbo Handian bizi da Bizkaiko biztanleriaren %75 eta Euskal Herrikoaren %30 inguru, eta hiri handi baten ezaugarri soziolinguistikoak dituzte, adibidez, testuinguru eleaniztunagoa —beste erdal hizkuntzen erabilera %5ekoa dela jaso zen azken neurketan—.

Bilbon, duela 30 urte %9 ziren euskaldunak, eta %23 dira egun. Euskararen erabilera, ordea, %3koa da, eta puntu bakarra egin du gora 80ko hamarkadatik. Datu horrek ongi adierazten du ahozko erabileran aurrera egin ezina, eta egun Bilboko kaleetan euskarak duen presentzia urria.
Nolanahi dela ere, bilbotarren lautik batek euskaraz dakiela, hor bada landu beharreko jokaleku bat, lehentasunezkoa, aukera asko dituena, eta estrategikoa dena. Hala bada, Bilbon euskarak gora egingo balu, sekulako bultzada emango litzaioke Bizkai osoko erabilerari.
 

Nafarroan, erabilera da kezka.
Nafarroan, orokorrean, euskararen erabilera bere horretan dago azken urteotan. 2011n kalean entzun genituen ehun elkarrizketatik sei izan ziren euskaraz, 91 gaztelaniaz, eta hiru beste hizkuntzetan. Euskararen erabileraren %6 horrek apenas izan duen aldaketarik 80ko hamarkadatik hona. Datu horiek kaleratu genituenean egindako gogoeta hauxe izan zen: egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo du. Ez dago hobekuntza tarterik euskal hiztunen kopuruak nabarmenki gora egiten ez badu eta, aldi berean, hiztun berri horiei euskarazko harremanetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie. Hau da, erabilerak ezin dezake gora egin elebidunen masa soziala eta euskararen erabilera ahalbidetzen duten sare zein guneen kopurua handitzen ez badira.

Iparraldean galerak abian jarraitzen du. Gazteak dira itxaropen?
Iparraldean euskal hiztun gutxiago dago duela hamabost urte baino, baina gazte elebidunen ehunekoa gora egiten hasi da. Euskaldun berrien kopurua ez da EAE eta Nafarroan bezainbeste hazi, baina ari dira gora egiten pixkanaka. Bikote euskaldunek seme-alabei neurri apalagoan transmititzen diete euskara, gainontzeko lurraldeetan baino. Era berean, euskararen erabilera bultzatzeko aldeko jarrerak apalagoak dira Iparraldean. Baina, bestalde, azken urteetan gazteen artean geroz eta gehiago dira aldeko jarrera dutenak, eta hori garrantzitsua da.

Kale erabilerari dagokionez, Iparraldean azken neurketan [2011] haurrek eta gazteek darabilte euskara gehien —Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan bezala—. Datu garrantzitsua da hizkuntzaren geroratzeari begira. Duela bi hamarkada, adinekoak ziren euskaraz gehiago aritzen zirenak, baina orain ez, ziur aski heldu erdaldunak adineko izatera pasatzearekin batera adinekoen artean euskaldunen kopuruak behera egin duelako. Ez dugu ahaztu behar, dena den, duela hamabost urte orokorrean euskara gehiago entzuten zela Iparraldeko kaleetan gaur egun baino. Garai hartan, %8ko erabilera jaso genuen, eta 2011n, % 6koa.

Aurrera begira, belaunaldi gazteen erabilerari eustean eta sendotzean dago erronka. Batetik, euskarak lege babesa behar du, eta, bestetik, neurri eta jardunbide egokiak aktibatu behar dira erabilera indartzeko. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak sendotzeak ere on egingo lioke euskararen bilakaerari.
 

Gipuzkoan dago euskara osasuntsuen, baina arnasguneetan atzera egiteak kezka eragin du.
Oro har, euskarak atzera egin du udalerri euskaldunetan azken bi hamarkadotan, gainerako udalerrietan ez bezala. EAE osoan euskaldunen kopurua nabarmenki handitu da, 1981eko %22tik 2011ko %37ra. Hazkunde hori, ordea, ez da homogeneoa izan, eta euskaldunen pisua izugarri igo da udalerri ez-euskaldunetan. Udalerri euskaldunetan, aldiz, hasierako bilakaera positiboa eten egin da, eta 2001etik hona euskaldunen kopuruak behera egin du. Esan dezakegu inguru erdaldunenak euskalduntzen ari direla, eta euskaldunenak erdalduntzen. Hau da, muturreko habitat soziolinguistikoak desagertzen ari dira, eta konbergentzia bat gertatzen ari da erdiguneko habitatera.
Jakina, hainbat eremutan —formalak, batez ere— euskararen presentzia areagotu egin da udalerri euskaldun horietan ere, esate baterako, irakaskuntzan, osasun zerbitzuetan, udal zerbitzuetan, eta abar.

Fenomeno hori nabarmenagoa da Gipuzkoan, udalerri euskaldun gehienak bertan kokatzen direlako. Baina orokorrean Gipuzkoan ere euskaldunen kopuruak gora egin du, ikuspegi kuantitatibo huts batetik handiagoa baita gune erdaldunagoetako euskalduntzea gune euskaldunagoetako erdalduntzea baino.
Ikuspegi soziolinguistiko batetik ezin dugu pentsatu habitat batzuen eta besteen garrantzia bera denik. Beraz, lehenik eta behin, gertatzen ari den konbergentziarako fenomeno hori plazaratu behar dugu, hausnarketa bultzatu, eta erabaki aurrera begira habitat euskaldunetan edo arnasgune deituriko udalerri horietan nola jokatu.


Biziberritzea hauspotzeko aukera ikusten duzu gaur-gaurkoz?
Biziberritzea hauspotzeko, lehenik eta behin, ezagutza soziolinguistikoa behar dugu, gaur —egungo testuinguru globalizatuan— eta hemen —Euskal Herrian—. Horretarako, hizkuntza errealitatearen dimentsio soziala ezagutu behar dugu: zer gertatu da? Zer gertatzen ari da? Zer espero da aurrerantzean? Ezagutza horren arabera, faktore estrukturalak nahiz subjektiboak zaindu eta landu behar dira. Estrukturalak dira, esate baterako, hizkuntza babesteko legea edota euskaldun eleaniztunak sortzen dituen hezkuntza sistema. Erabaki estrukturaletan hizkuntza ekologiatik ekarritako honako printzipio hauek hartuko nituzke ardatz: egoera ezberdinetan dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da zilegi, eta hizkuntza gutxiagotuaren zaintza onuragarria da hizkuntza handientzat ere.

Egiturazko faktore horiekin batera, maila subjektiboan, beharrezkoa da hizkuntzarekiko atxikimendua lortzea/sendotzea, hizkuntza ohituren aldaketan trebatzea, edota diskurtso berri erakargarriak sortzea.
Instituzioek eta gizarte eragileek alderdi subjektibo eta estruktural horietara zuzendu behar dituzte beren ahaleginak, tokian tokiko egoerak aintzat hartuta. Esate baterako, eremu euskaldunetan balekoak diren egitasmoek ez dute zertan egokiak izan eremu erdaldunetarako, eta alderantziz ere gauza bera esan daiteke. Azken batean, ezagutza soziolinguistikoa bultzatu eta garatu behar dute herri administrazioek, beraien erabakiak jakintza horretan oinarritu eta politika eraginkorrak aurrera eramateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...