EUSKARA

"Euskara beti erabili beharko dugu beste hizkuntza batzuekin"

Euskarara nola ekarri erdaldunak, hutsune nabarmen bat hor dago oraindik. Amorrortuk uste du ageriago jarri behar dela euskara, eta aukera gehiago eman behar direla ikasteko. Denek ez dute titulurik nahi. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Esti Amorrortu. ARITZ LOIOLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko abuztuaren 3a
09:43
Entzun

Erdaldunek euskararekiko zer jarrera eta aurreiritzi dituzten aztertzen jardun du Esti Amorrortu irakasleak (Bilbo, 1969). Euskara askorentzat ikusezin dela azaldu du; ez dutela beharrik ikusten. Erabilera indartze aldera, hizkuntza alternantzia proposatu du.

Erdaldunak erakartzen asmatu al du euskararen munduak?
Bai eta ez. Gauza batzuetarako erakarri ditugu. Euskarak balio instrumentala irabazi izanak bide eman du hurbiltzeko. Baina oso aparte bizi denak jarraitzen du aparte bizi izaten, ez ditugulako erakarri eta beharrik ez dutelako. Horiei begira uste dut askoz ere gehiago egin daitekeela. Ahalegin bat egin behar dugu hor.


Soilik euskaldunek egin behar dute ahalegin hori?
Denok. Erdaldunek ere bai. Kontua da badagoela zenbait jende erabat aparte bizi dena euskaratik, inongo beharrik ez daukana eta euskara inon ikusten ez duena. Guk ez badugu euskara presente egiten, ez badugu plazara ekartzen —haiek bizi diren plazara—, asko ez dira konturatu ere egiten. Adibide bat: ezin dut ulertu zergatik jarraitzen dugun komunikabideetan gauzak elebidun egiten. Albistegian, jende berak hitz egiten du euskarazkoan eta erdarazkoan; euskaraz egin, eta gero erdaraz. Zergatik hori? Erdalduna ez da konturatzen pertsona hori euskalduna dela, zeren beti erdaraz egiten baitio: politikariek, kirolariek, denek. Oso erraza da: egin grabazio bakarra, euskaraz, eta jarri azpidatziak gaztelaniaz. Horrelako gauzak egin beharko genituzke, gutxienez erdaldunak konturatzeko beste hizkuntza bat badagoela eta zerbait galtzen ari direla.


Aurkako jarrera ari da arintzen?
Apur bat leundu da. Ez dakit zenbateraino den egia leundu direla, edo beste kontu batzuk direla-eta ez diren azaleratzen hainbeste. Batetik, lehen kontrako jarrera edukitzen zuen jende asko konturatu da euskarak balio instrumentala duela, prestigio bat irabazi duela, gizartean dagoela, eta komeni zaiola. Bestetik dago politikoki zuzena zer den: gure gizartean ez da politikoki zuzena euskararen kontra jotzea. Emakumeen edo etorkinen kontra jotzea ez den bezala. Horrek ez du esan nahi benetako jarrera, subkontzientea, aldatu denik. Baina, behintzat, politikoki zuzena ez denez, denok gaude euskararen alde, euskara errespetatu behar da. Hori oso orokortua dago.


Ez da aldekotasun erabatekoa.
Ideia orokorretan denok gaude ados: aniztasuna ona da, errespetatu behar da... Baina gero, neurri edo politika jakinetara jaitsita, arazoak hasten dira. Bai baina-koen taldea da: ideia orokorretan ez daukate inolako arazorik, baina oposizioetan eskatzea ez dela bidezkoa, baina hobe dela mediku ona eta ez euskalduna... Ideia orokorretan ados, baina gauza jakinetan, ikusi egin behar.


Erdaldun askok euskaraz eskolatu dituzte haurrak. Gurasoekin esku hartzeko aukera da hori?
Zalantzarik gabe. Guraso askok esaten dute ez duela ikasiko, denborarik ez duela, berandu dela, baina seme-alabek ikasiko dutela. Lehen pausoa hori da, umeak euskaraz eskolatzea. D eredua gero eta gehiagok aukeratzen dute. Horretaz aparte, umeak oso motibatzaile onak dira guraso gehienentzat euskarara hurbiltzeko. Guraso askok esaten du ez dagoela prest euskaltegira joateko ikastaro trinkoak egitera, baina umeekin batera prest legokeela ahalegintxo bat egiteko. Jende asko prest dago zerbait egiteko. Azken urteetan hasi gara ikusten ekimen txikitxoak gurasoekin eta seme-alabekin aldi berean zerbait egiteko.


Helduen heziketa formalegia da?
Formalegia ez dakit. Formala da. Behar ere, helduen euskalduntze formala behar dugu, eta horrela euskaldundu da jende asko. Horrek ere jarraitu behar du. Baina paraleloki beste bide batzuk behar ditugu. Xede berezietarako euskara, esate baterako. Agian, pertsona batek soilik nahi du euskara euskal mundutik hurbil bizi delako eta ulertu nahi duelako. Euskara ondo ikastea eta berba egiteko gai izatea igual helburu handiegia da, eta ez du ikusten edo ez dauka denborarik. Baina nahi du kuadrillan dagoenean ulertzeko, denak gaztelaniara ez pasatzeko. Edo nahi du umeei etxeko lanekin-eta laguntzeko. Horrelakoak ere behar ditugu. Ez dut esan nahi formala alde batera utzi eta pilula gisako ikastaroetan hasi behar dugunik. Baina zergatik ez biak? Motibazio asko daude euskarara hurbiltzeko. Batzuenak motibazio indartsuak dira, euskara ondo ikastera bultzatuko dituztenak; baina besteenak apalagoak dira, maila ezberdinekoak. Denen beharretara egokitzen saiatu behar dugu.


Umeak haziz joaten diren eran, gero eta gutxiago erabiltzen dute. Gurasoek ere bai, umeak hazi ahala?
Euskaraz ondo ez dakiten guraso askok ahalegin handia egiten dute umeekin euskaraz egiteko. Umeak txikiak direnean erraza da, eta egiten dute. Umea nagusitu ahala, ez daukate nahiko gaitasun hori egiteko, eta, orduan, gaztelaniara pasatzen dira. Eta umeak ere bai. Hizkuntza plangintza neurri batzuk diseinatu behar ditugu horren kontra.


Uste izatekoa da gaitasun txikia duenak gutxi erabiliko duela.
Ondo ez dakienak ezin du normaltasunez erabili. Garbi dago hori. Baina ondo ez dakienari aukera ematen badiogu dakien apurra erabiltzeko, euskaldunok ez gara beti gaztelaniara pasatuko. Hor dago abantaila, ez gutxi edo hain ondo ez dakienak gehiago erabiliko duelako. Kontua da kuadrilla batean bagaude eta pertsona batek ondo ez badaki baina ulertzen badu —akaso noizean behin gaztelaniara pasatuz edo euskaraz erabat gramatikalki ez arituz—, gutxienez gainerakoak ez gara pasatuko gaztelaniara. Horrelakoetarako ikusten dut nik aukera handia. Gainera, horrela, ondo ez dakienak ere aukera handiagoa dauka dakiena erabiltzeko eta motibazioa pizteko.


Hizkuntz alternantziaren bidea proposatu duzu.
Askotan jarrera oso preskriptiboak izan ditugu: hizkuntzak ez direla nahastu behar, euskara galdu egingo dugula horrela... Mundura begiratzen bada, eleaniztasuna normala den herrietan erabat normala da hizkuntza batetik bestera pasatzea, nahastea. Hizkuntzak ez dira galtzen beste batzuekin kontaktuan daudelako edo alternantzia dagoelako, baizik eta hiztunek erabakitzen dutelako ez erabiltzea hizkuntza hori. Euskara beste hizkuntza batzuekin beti erabili dugu eta erabili beharko dugu; euskara beti egon da hizkuntza-ukipen egoeran, eta gaur egun elebakartasunari buruz pentsatzea ez da errealista. Planteamendua ezin daiteke izan elebakartasuna. Hizkuntzak ezin ditugu kaxatan sartu. Egoera horrelakoa dela onartzen badugu, naturaltasun handiagoz erabil ditzakegu hizkuntzak une desberdinetan. Betiere kontuan hartuta euskarak babes berezia behar duela, noski. Baina zergatik ez erabili beste hizkuntza batzuekin batera? Behar denean. Euskaraz ondo ez dakitenekin, zergatik ez euskaraz egin, eta zerbait ulertzen ez dutenean gaztelaniara pasatu, eta ondoren berriz euskaraz bueltatu?


Arrisku bat ere ikusi duzue: dena egina dagoela pentsatzeko arriskua.
Arrosa koloreko etorkizunarena bada aurreiritzi nahiko orokortua. Sinplekeria eta okerra, baina nahiko presente dagoena: “Ume guztiek ikasten dutenez, hau egina dago, euskarak aurrera egingo du”. Erdaldunek askotan esaten dute, gainera: “Gu denok hiltzen garenean, egina egongo da”. Hori sinplekeria da, eta oso arriskutsua. Ez dira konturatzen euskara hizkuntza gutxitua dela, oso ahul dagoela, eta beti beharko duela aparteko konpromisoa eta ahalegina; berez ez dela egingo. Hori oso larria da, baina are larriagoa da sinplekeria hori euskaldunok ere badaukagula. Oso orokortua dago euskaldunen artean, eta batez ere gazteen artean. Erlaxatu egin dira asko. Ez badago hor kontzientzia pizte bat, ez badira ohartzen ahalegina egin behar dutela, konpromisoa behar dutela, hau ez dagoela eginda, hor arrisku handia daukagu.


Ingelesa asko ari da indartzen...
Batzuek ingelesa arrisku moduan ikusten dute. Nik ez dut uste gure arriskua ingelesa denik. Gure arriskua gaztelania da Hegoaldean, eta Iparraldean, frantsesa. Baina ingelesez ere jakin behar dugu. Nik, norabait joaten naizenean, ingelesez hitz egiten dut; ez amerikarrekin edo ingelesekin soilik, baita mundu osoko jendearekin ere. Baina bere funtzioak ditu. Erabiltzen dut lanerako, gauza batzuetarako. Umeei sekula santan ez diet ingelesez egingo. Eleaniztasuna hori da: hizkuntza guztiak ez ditugu zertan erabili maila berean eta gauza guztietarako. Gaitasuna ere ezberdina da. Hori barneratu behar dugu: hainbat hizkuntza jakin ditzakegu, baina maila ezberdinetan eta funtzio ezberdinetarako. Eta gauza batzuetan euskara babestu behar dugu. Uste dut ez dela komeni umeekin aisialdia ingelesez egitea. Zergatik nire herrian udalekua ingelesez? Ingelesa ikasiko du, baina beste funtzio batzuetarako. Herrian, betiko lagunekin, ingelesez? Ez. Horretarako, euskara.


Ingelesa sustatu beharrak eragin dezake euskararen garrantzia ahultzea? Horra Nafarroa...
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez, baina Nafarroan egon daiteke arrisku hori. Kontrajartzen badituzu euskara eta ingelesa, esaten baduzu elebitasuna egingo duzula batetik gaztelania jarriz eta bestetik euskara edo ingelesa, hor euskarak galtzeko guztiak ditu. Hori oso kaltegarria da euskararentzat. Kontua ez da kontrajartzea. Nafarroako Gobernua oso argia izan da bere politikan. Ez da euskara ala ingelesa. Kontua da euskara ikastea, gaztelania ere ikasiko dute, eta ingelesa ere bai. Guk diseinatu behar dugu plana, noiz ikasi behar duten bakoitza. Helburua izan behar da hiru hizkuntzak ikastea, baina ez maila berean, funtzio guztietarako eta denak batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.