EUSKARA

"Frustragarri samarrak izan dira hamar urte hauek"

Aurrera egiteko traba politikoak nabarmen dira Nafarroan. Oztopo bihurtu da Euskararen Legea, Kasaresen ustetan. Parlamentua aldatzea, hori du esperantza. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Paula Kasares, soziologoa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko abuztuaren 8a
10:33
Entzun

Gazteekin dago kezkatuta Paula Kasares filologoa (Iruñea, 1969): ezagutza handiena duen adin taldea da Nafarroan, eta euskara gutxien erabiltzen duena. Ikusten du euskararekiko atxikimendua Nafarroan, baina borondate politikoa eskas da. Euskarak toki gutxi du eskolatik kanpo: kalean, hedabideetan, aisialdian... Erabilera indartzeko, denen arteko continuum bat ezinbesteko jo du.

Euskararen iraupena atxikimenduarekin lotuta ikusten duzu.
Atxikimendua ezinbertzekoa da hizkuntza batek bizirik irauteko. Gure historia hurbilean, atxikimendu hori aintzat hartu gabe ezin azal daiteke euskarak nola iraun duen orain artio. Pentsatuko bagenu euskarak belaunez belaun iraun duela bakarrik jende euskaldunak ume euskaldunak hazi dituelakoz, ezin izanen genuke azaldu euskarak gaur egun duen egoera. Atxikimendu horri esker, euskara lehen hizkuntza ez zuten hainbat hiztunek euskararen aldeko bide bat egin dute: euskara ikasi, beretu, beren bizitzan sartu, eta, aita-amatu direlarik, umeak izan dituztelarik, ume horiek euskaldun hazteko erabakiak hartu dituzte. Atxikimenduarena garbi agertzen da. Ezinbertzekoa da edozein hizkuntzak iraun dezan.


Eta atxikimendua oraindik ez dutenekin behar adina egin da?
Kezka hori aspaldian dugu. Erdaldun multzo hori aski heterogeneoa da, eta hondar hamarkadan anitzez ere anizkunago bihurtu zaigu: badira erdaldun batzuk hemen sortuak; bertze batzuek jatorria urrutiko herri batean dute, baina hemen sortutako haurrak dituzte; eta badira bertze batzuk harreman arinagoa dutenak tokiarekin, askoz mugituzaleago direlakoz. Behar ditugu hurbilarazi euskara urruti samar ikusten duten horiek. Eta, batez ere, belaunaldi berriei begira. Horretan aritzen gara matrikulazio kanpainetan eta. Batzuetan ez dugu asmatu, baina kezka horrek hortxe dirau.


Bereizketa ikusten duzu euskaldunen eta erdaldunen munduen artean?Toki soziolinguistikoaren arabera aldatzen da. Baztanen, adibidez, gehiengoa euskalduna duen herri bat izaki, gizartearen, bizimoduaren eta egunerokoaren zati garrantzitsua dira euskal kultura eta euskara. Euskal eta erdal mundu horiek ez daude hain banatuta. Baina, oro har, euskal munduaren kultura eta hizkuntza azpiratuta daude. Hartu telekomandoa, eta hasi pasatzen, ea zer ikusten ahal duzun, Nafarroan, adibidez. Ikaragarriko aldea dago: euskararen eta euskal kulturaren presentzia non harrapatzen ahal duzun, eta beste hizkuntzek zer presentzia eta ahalmen duten.


Hezkuntzaz kanpoko alorretan behar beste indar jarri da?
Hizkuntza politika instituzionala hasi zelarik, Francoren agintaldia akiturik, eta lehenago ere bai gizarte ekinbidez, hezkuntzak izan du sekulako pisua. Egia erran, hizkuntzak berreskuratzeko prozesuetan izarra izaten da alor hori. Hezkuntza gabe, ezin izanen genuke irudikatu euskararen edo beste edozein hizkuntzaren berreskuratzea. Baina egia da ordutik honat pasatu direla urte batzuk, eta badugula beste ikuspegi bat. Lehen hain garbi ez genekiena badakigu: eskolaren bidez sortzen den gaitasun hori ez da automatikoki bilakatzen erabilera. Euskarazko ikasle horiek ez dira euskal hiztun berehala. Naski, alde horretatik, oso inozoak izan ginen irudikatzen eskolak ekarriko lukeela hizkuntzaren egoeraren iraultzea berak bakarrik. Ikusi da ezetz: ezinbertzekoa da eskola, baina ez da aski. Behar dira eskolatik kanpoko lotura. Askoz eraginkorragoa da eskolak egiten duen euskalduntze lan hori familia ondoan baldin badu; eraginkorragoa eta finkoagoa da eskolaz kanpoko aisialdiaren arloa lagun baldin badu. Euskaraz ikasten duten ikasleak benetan euskal hiztun bilakatzeko, hori da kontua: eskola ez izatea ohitura bat haurren hizkuntzaren bizipenetan. Eskolan euskaraz, etxean ezer ez, plazan ia ezer ez... Continuum bat izan behar du. Aisialdia da haurren behar pedagogiko bat hiztun bilakatzeko.


Nafarroan goia jo da?
Nik ez nuke erranen Nafarroan erabilerak gaina jo duenik. Bertze era batez formulatuko nuke. Nafarroan dugu paradoxa bat, agian bertze euskal lurraldeetan baino garbiago agertzen dena: euskaldunena den adin taldeak du erabilera tasarik txikiena. Hori da kezkatzeko modukoa. Horrek salatzen du arestian erran dizudana: eskolak bakarrik ezin ditu belaunaldi berriak hiztun bilakatu. Gizartearen beste arloak behar-beharrezko dira. Euskarazko eskola bakarrik Nafarroako alde batean eskaintzen da sistema publikoan; hizkuntza politika instituzionalak ez du lehentasunezko jotzen eskola horrek izan behar duen segida eskolaz kanpo (aisialdia, elkarteak...); hedabideetan, adibidez, ETB3 euskarazko marrazki bizidunen katea ezin da hartu... Hori dena kontuan hartzen badugu, ados nago goia jo dugula. Kontua da zer paradoxa dagoen: haur eta gaztetxoak dira euskaldunenak Nafarroan, eta horiek dute erabilera tasarik apalena. Gazteen erabilera ez da mugitu hogei urte hauetan Nafarroan. Kezkatzekoa da.


Alor politikoan zein da egoera?
Eskutik helduta joan dira urte hauetan UPN eta PSN, euskararen garabidea galgatzeko eta aldez edo moldez kontzeko asmoetan. Horiengandik ezin dut deus espero. Bertze alderdien artean, noski, Ezkerrarekin eta, izan liteke aukera gutieneko batzuk adosten hasteko. Baina horretan ere harritzeko kontuak agertzen dira. Joan den legegintzaldian, adibidez, euskararen legearen eremukatzea ukitu zen —lehen aldiz 1986tik—; modu lotsagarrian egin zuten: Iruñerriko eremu ez-euskalduneko hiru udalerriri aukera eman zitzaien eremu mistora pasatzeko. Tankera horretako ukituekin kontent zen Ezkerra. Nafarroako ezkerreko alderdi batzuetan hizkuntza eskubideekiko sentiberatasuna ez dut inondi inora ere modu itxaropentsuan ikusten.


Euskararen Legea traba da euskara garatzeko?Bai. Legea murritza da, estatuan bertze inon ez dagoen elementu aski bitxia eta luzera arrunt gaiztoa bihurtu dena du oinarri: eremukatzea. Testua ez da gai herritar guztiak modu berean hartzeko. Gainera, batez ere hamabost urte hauetan, testuaren interpretazioa beti izan da murriztailea, eta legea ez da betetzen bere eskasean ere. Argi esan behar da: legea bera ere ez da betetzen. Nafarroako Gobernuak oraindik jokatzen du Nafarroa eremu bakarra balitz bezala, hau da, erdalduna. Defenditzen baldin baduzu eremukatzea, defenditu behar duzu ondorio guzietarako. Ezin dezakezu izan Foruzaingoaren auto multzoa erdara hutsean errotulaturik, eta Nafarroa osoan ibili. Eremukatzea oso zaila da Nafarroa bezalako toki txiki batean eta populazio hain txikia izanda. Auto batzuk beharko dituzu erdara hutsean nahi bada, baina beste batzuk ele bitan, leku batzuetan erabiltzeko. Haiek ere ez dute sinesten. Eremukatzea gaur egun ez da betetzen leihatila birtualarekin. Birtuala izanik, edozein tokitatik edozein herritarrek edozein izapide administratibo egiteko, zein zentzu du eremukatzeak? Inolakorik ez. Herren egiten du alde guzietatik. Sorreratik, betetzetik eta ondorioetatik.

Gainera, legeetan agertzen diren kontzeptuak ez dira inozoak, neutroak. Sortzen dute errealitate bat, sortzen dutelako pertzepzio bat, errealitatearen alderdi bati erreparatzeko. Legean agertzen baldin bada Nafarroak baduela eremu ez-euskalduna, normala da jendeak barneratzea euskara ez dela hemengo bertako elementu bat, ez dagokiola horri, eta historiak kontrakoa erraten du: duela gutirako, herri aunitz, gaur egun ez-euskaldunean daudenak, euskaldunak ziren. Hori sortu da.


Zer planteamendu beharko luke legearen birformulazioak?Errotik aldatuko nuke. Beti Nafarroaren aniztasuna aipatzen da. Nafarroa ez da EAE baino anizkunagoa. Nafarroak, bere handitasunean, hizkuntzaren aldetik, badu Gipuzkoa bat, badu Bizkaia bat, badu Araba bat. Ez da heterogeneoagoa. Kontua da legegileek zer asmo zuten. Valentzian, hizkuntz legea diseinatu zutelarik, ez zuten banatu lurraldea hizkuntza eremutan, nahiz eta dokumentatuta dagoen katalanaren isoglosak ez zirela iritsi hego eta barne aldera. Nafarroan ez dago dokumentatuta Tutera aldean eta Ebro azpiko lurraldeetan euskara inoiz solastatu ote den, baina ez denik ere ez. Nahiz eta gero aplikazio maila anitz izan legeak, malgua da Valentziakoa.


Legea formulatzeko adostasun gutxienekoa lor daiteke?
Hori da Nafarroan dugun arazo handiena hizkuntzaren legezko oinarri hori aldatzeko. 26 eserleku behar dira parlamentuan. UPNren taldean ez dut ikusten nahi hori, PSNrenean ere ez, eta ezkerreko etiketa duten alderdi batzuetan ere ez da orain artio izan sinesmen hori: hizkuntza eskubideen aldetik nafar guztiok maila berean egon behar dugula.


Euskalgintzak zer rol dauka?Funtsezkoa. Herri ekinbidez lortu da hizkuntzari lotutako hainbat lorpen. Nafarroan bezala, Euskal Herri osoan. Are gehiago da funtsezkoa, erakunde publikoak ez badira batere sentiberak hizkuntzarekin. Gero bertze gauza bat da nola lortzen dugun hori. Euskalgintzaren hainbat giza ekinbidezko arlotan gertatu den bezala itzaltze hori, indarrak galtze hori... Izan dira hamar urte hauek frustragarri samarrak. Miguel Sanzek euskararen aurkako gurutzada hori abiatu zuen Nafarroako euskalgintza bildu zelako Oinarriak plataformaren bidez, euskararen lege hobe baten aldarrikapenean. Ondotik etorri zen etorri zena. Urte oso gogorrak izan dira. Orain, gauzek agian leunago dirudite, baina ez dira aldatu euskararen kontrako lege atzeratze hori gertatu zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.