Albistea entzun

EUSKARA

"Ezinbestekoa da minimoetara iristea"

Jauzi bat egiteko unea, paradigma berri batera jotzeko garaia dela uste du Amonarrizek. Horretarako, ordea, ezinbesteko jo du gutxieneko adostasunak lortzea euskalgintzan eta alderdi politikoen artean. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Kike Amonarriz. /
Kike Amonarriz. / Jon Urbe/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abuztuak 9 08:14

Arazoak eta kezkatzeko arrazoiak badaudela aitorturik ere, ohikoa duen baikortasunez begiratu dio euskararen egoerari Kike Amonarriz soziolinguistak (Tolosa, Gipuzkoa, 1961). Belaunaldi bat joan dela eta beste ziklo bat datorrela uste du. Gutxieneko adostasunetan eta diskurtso integratzaileagoetan oinarritutako zikloa izan beharko lukeela nabarmendu du. "Paradigma berriak denoi eskatzen digu aldaketa bat".

Geldialdian sartu da euskara?
Badago kontzientzia zabal bat fase aldaketa batean gaudela. Segur aski, horrek zerikusi handia dauka belaunaldi baten aldaketarekin. Belaunaldi baten eta ziklo baten itxiera da. Orain 30 bat urte sortu ziren hemengo erakundeak, Euskararen Legea, D eredua, euskarazko hedabide publikoak... Aldaketa garrantzitsua. Belaunaldi bat joan da, eta, gainera, belaunaldi horren aldaketa egokitu da aldaketa ekonomikoekin, soziopolitikoekin, globalizazioaren fenomenoarekin... Orain 30 urte, gure belaunaldiak 20-30 zeuzkan, eta sorkuntza momentu batean geunden: indartzen, eremuak irabazten, D ereduko proportzioak igotzen, euskarazko hedabideak sortzen eta bultzatzen, batua indartzen... 30 urte pasatu dira, eta gauza askotan aurreratu dugu, baina beste zenbait elementutan, espero baino gutxiago. Orduan ezagupena helburu nagusi zen bezala, une honetan erabilerarako jauzia daukagu denok buruan. Geldialdia zenbait elementutan ikusten da —batez ere erabilera ez-formalarekin lotutako esparruetan dago geldialdia, eta, kasu batzuetan, jaitsiera—, eta horrek alarmak piztu ditu. Krisi ekonomikoak eragina du, euskarazko hedabideen kontsumoan oso-oso makal gaude, erabileran ez da egon hobekuntza nabarmenik orokorrean, etxeko erabileraren datuek beldur bat sortu dute... Daukagun egoeratik jauzi kuantitatibo-kualitatibo bat egiten hasteko unea iritsi da.


Egungo eskemarekin?
Garatu edo aldatu. Bi aditz horiekin ari gara euskalgintzako eztabaidetan. Paradigma aldaketa izango da oraingo eztabaida hau garatu eta aldatzen dugunean. Dikotomia eta eztabaida horretan jarraitzen badugu, paradigma bertsuan jarraituko dugu. Paradigma aldaketa ez dago lotuta soilik egin beharreko aldaketekin eta garatu beharreko alorrekin —eta asko dira—, baizik eta euskalgintzaren barruko jarrerak, harremanak eta diskurtsoak berritzearekin. Berritu, indartu, sustatu, adostu. Paradigma aldaketak denoi eskatzen digu aldaketa bat. Azken urteetan pauso handiak ematen ari dira joko zelai berri batera pasatzeko; askotan, joko zelaia lege eremuarekin identifikatzen dugu —zer betea eta garatua asko dago hor ere—, baina hori baino garrantzitsuagoa da euskalgintzan lanean ari garen guztiok —eta hor sartzen ditut euskalgintza instituzionala eta soziala— lortzea gure indarrak optimizatzea, estrategia minimo komun batzuetara iristea, eta aktibatzea ekarpen eta dinamismo soziala eta instituzionala. Jokoaren zati handi bat hor dago.


Diskurtso berri bat behar da?
Bai. Euskararen inguruan eta herrigintza osoaren inguruan. 1980ko hamarkadan sortutako paradigma diskurtsibotik gatoz, eta egoerak asko aldatu zaizkigu, eta asko ikasi dugu. Orain 30 urte, elebakartasuna, elebitasuna eta kontzeptu horietan zegoen diskurtsoa eta eztabaida; orain, etorkizun hurbilean eta gazteen artean, gero eta gehiago izango dira eleaniztunak. Hor jokatzen dugu etorkizun hurbila, maila pertsonalean eta sozialean. Horrek aldaketa diskurtsibo bat ekartzen digu. Askoz ere diskurtso integratzaileagoak, ez hain historiko-etnizistak behar ditugu, gehiago lotuak etorkizunarekin, bizikidetzarekin eta ongizate mailarekin. Orain arte gehiago fokalizatu dugun eremutik kanpoko eremuetara ere joan beharko dugu. Euskara denona bada, ahalik eta sektore sozial gehienak hartuko dituen diskurtso bat ere landu behar dugu, ahaztu gabe orain arte euskararen aldeko urrats nagusienak egin dituen sektoreak ere bere diskurtsoa behar duela. Oreka berri bat bilatu behar dugu. Politikan Gure Esku Dago-k perfilatu duen mugimenduaren gisan —eta diskurtsoan ere badaude berrikuntzak—, euskaran ere diskurtso berri horien premia eta beharra badugu. Harrotasunez diot Tribuaren berbak programaren ekarpen nagusia hori izan dela: diskurtso, ikuspegi, tonu aldaketa bat proposatzea. Sorpresa handiena izan da zenbatek aipatu digun programa dinamikoa, irekia eta positiboa dela. Hori nabarmendu bada, eta halako indarrarekin, esan nahi du badagoela norabide bat oso konpartitua dena, eta orain arte behar duen indarrez plazaratu ez dena. Hor badago bide integratzaile bat, zoru komun bat definitzen duena, euskararen aldeko indar guztiak eroso samar senti daitezen, norberak bere ikuspegi, sinesmen eta asmoei uko egin gabe. Hor dago hurrengo urteetako oreka. Gainera, aldaketa horrek planteatu behar ditu helburu sakonagoak. Orain arteko hizkuntza politikak aurreratzeko eta sakontzeko aukera ekarri behar du; jende gehiago ekarri behar du euskarara eta erabilerara. Lor genezake. Euskal gizartea oro har euskararen aldekoa da; Nafarroan eta Iparraldean, beharbada, kontrako jarrerak handiagoak dira, baina kasu horietan ere gehiengoa aldekoa da. Jendeak ilusioa badu euskararen aldeko normalizazio prozesuak aurrera egin dezan. Korapiloak askatu behar ditugu. Norabidea ondo aukeratuz gero, orain arte euskarara gutxi hurbildu diren sektore asko hurbiltzeko aukera izango dugu, eta erabilerarako jauzia eman ez dutenek egiteko aukera ere izango da.


Nork hartu behar du gidaritza?
Konpartitua izan behar du. Aspaldiko eztabaida da, eta hori ere aldatu beharrekoa da paradigma berrian. Orain arteko konfrontazio giroaren ondorioak nozitzen ari gara. Hori da gainditu beharreko puntu nagusietako bat: norberak bere ardurak ditu, denok dugu elkarren beharra, eta denok dugu elkarren errekonozimenduaren beharra. Noski, zenbait puntutan eztabaidak egongo dira. Baina gero eta garbiago dago badirela eremu batzuk non erakundeek hartu behar dituzten erabakiak eta ardurak, eta beste batzuk non gizarteak eta gizarte erakundeek izan behar duten gidaritza. Inportantea da norabide beretsuan joatea, eta ez elkar ezabatzeko moduan. Gauza asko, proiektu asko, bide asko, bidean geratu dira, elkarren kontra jo duten bi indarren eraginez. Ahalegin asko bide erdian geratu da. Hurrengo urteetan gainditu beharko genukeen posizioa da. Ezinbestekoa izango da minimoetara iristea, oinarrizko adostasun batzuk lantzea. Gutxienez bi familia abertzale nagusien artean, eta, ahal balitz, abertzale ez diren ezkerreko indarren artean. Euskal Herri osoko ikuspegitik hartuta. Ahalegin erraldoi bat egin beharko lukete indar politikoek. Horretara iristeko, ezinbestekoa litzateke euskalgintza instituzionalak eta sozialak bide batzuk markatzen hastea edo jarraitzea. Abiapuntu batzuk jarrita daude. Ez luke hain zaila izan behar.


Euskalgintzak zer egin behar du Nafarroan eta Iparraldean, erakundeen babesik gabe, eta, areago, kontrako jarrerarekin?
Orain arte egin duena. Bere oinarri soziala ahalik eta gehien landu, eta zabaltzen saiatu. Euskalgintzak badu ikuspegi nazional oso bat. Elkarrekiko babes eta elkartasuna askotan landu da, eta landu beharko da. Estrategikoki oso garrantzitsua da. Baldintza politikoak ere lantzen joan behar dira. Euskalgintzaren egitekoetako bat da aldeko baldintza politikoak sortzen joatea. Alde horretatik, Iparraldean, egituratze instituzional sendorik ez badago ere, euskalgintzak lortu du sektore politiko eta sozial oso zabaletan euskararen aldeko diskurtsoa zabaltzen joatea, nahiz eta gero teoriatik praktikarako jauzian tartea handia den. Nafarroan, gizartean lortu den aldekotasun hori politikara pasatzea da hurrengo urratsa. Horretarako ere epeak iristen ari dira. Euskalgintzak jarraitu behar du bere esparru hori zabaltzen, euskal komunitatea trinkotzen, sektore zabaletan euskararen aldekotasuna zabaltzen. Baldintzak sortzen.


Erdaldunak erakarri dira?
Neurri handi batean, bai; neurri handi batean, ez. Erdaldun asko euskaldundu da, erdaldun gehienen seme-alabak euskaldunak dira, erdaldun gehienak euskararen alde daude. Hori lortu dugu. Beharbada, ez dugu lortu masiboki euskararen aldeko jarrera praktikoago batera ekartzea. Ez dugu asmatu. Abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko talkak asko urrundu du mundu bat euskaratik; zenbait kasutan, euskaldunok ere ez dugu jakin hurbiltzen, ate batzuk zabaltzen; ez dugu askotan jo erdaldunengana. Hor badago ikasgai pendiente bat: nola iritsarazi gure diskurtsoak erdaldunei, nola ikusarazi gure mundua. Ez da erraza. Gu minoria bat gara; kasu batzuetan ia ikusezina, oso urruna, oso markatua —kanpotik ere asko markatu da—. Txanponaren bi aldeak ikusi behar ditugu. Erdaldunei eta kanpotik etorri diren euskal herritar berriei begira, gure diskurtsoak findu eta landu behar ditugu, gehiago hurbildu behar gara. Guk ere haiek gutxiegitan entzun ditugu. Askotan egon da honelako jarrera bat: “Horiek aitzakiak dira. Euskarara ez dute etorri nahi horiek”. Euskararekin zerikusirik nahi ez zuten gazte erdaldunekin hitz egitea niretzat oso aberasgarria izan zen. Mundu berri bat deskubritu nuen, benetan zer sentitzen duten. Urruntasuna, ezezagutza dago, topikoz beteriko jarrera bat. Guk ere baditugun bezala.


Etxeko erabilerak behera egin du. Nola lortu ohiturak aldatzea?
Hori da esparru zailenetako bat. Eskola ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Eskola barruko erabilera zer puntutaraino iritsi den ikusi dugu. Gailur bat agertu da: Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, %61ek esaten dute gela barruan ikaskideekin beti euskaraz edo batez ere euskaraz egiten dutela. Ez bilatu inon horrelako daturik: ez dago inon horrelakorik. Euskararen erabileran daukagun tontorra hori da. Mailetan aurrera egin ahala, gelatik kanpora atera ahala, murriztu egiten da. Nabarmendu, areagotu eta lagundu egin behar da gurasoen eta familien egitekoa. Eskolari aitortu behar zaio ikaragarri egin duela eta jarraitu beharko duela. Baina ez da nahikoa.

Udalak, herrietako gizarte eragileak, guraso elkarteak, familiak sartu behar dira. Haurren eta gazteen ingurune sozial gertua. Hiru ildo ikusten ditut. Lehenik, ikastetxeetatik sor litezkeen lan ildoak, eskola orduz kanpoko jarduerekin lotuak. Bigarrenik, haur eta gazteekin lotutako esparru egituratua, eta hor udalek erantzukizun handia dute, kasu askotan landu ez dena: zonalde askotan, eskola orduz kanpoko jardueren euskarazko eskaintza txikiegia da, eta horrek ez du aitzakiarik; haur eta gazteei zuzendutako ekintza guztiek, salbuespenak salbuespen, euskaraz behar dute, are gehiago etorkin berrien seme-alabak integratuko badira; hizkuntza motibazioa lantzeko leku egokia da. Hirugarrenik, gurasoak eta familiak; landu da esparru hori, baina pista gehiago eman behar zaizkie gurasoei. Sorpresa da ikustea nolako galderak egiten dituzten oraindik. Galdera batzuek masiboki erantzunda egon behar zuten jada: etxeko lanen ingurukoak, dakiten euskara apurra erabiltzea ona den edo ez, zertan lagundu dezaketen... Oinarrizko galdera batzuk badira sistematikoki erantzun beharko liratekeenak. Ildo horiek sakon eta indartsu landuz gero, hurrengo belaunaldian eta urteetan aldaketa kualitatiboak sor daitezke jarreretan, ezagupenean eta erabileran.


Arnasguneak ahultzen ari diren sintomak azaldu dira. Zer garrantzi daukate arnasguneek?
Handia. Mikel Zalbideren hitz batzuk hartuko ditut: “Sua zabaltzeko, bizirik dagoen lekua zaindu behar da”. Arnasguneetan da euskara indartsuen, erabilien, bizien. Horiek dira gure irradiazio guneak. Hortik sortu beharko lirateke erabiltzeko aukera gehiago. Arnasguneek gune erreferentzialak izan beharko lukete. Euskararen erabilerak indartsuen jarraitzen duen bitartean, haur eta gazteen artean hitanoak bizirik jarraitzen duen bitartean —hala dagoen lekuetan—, hizkuntza sortzeko mekanismoak bizirik dauden neurrian, erreferentzia horretan oinarritu ahal izango dute beste lurraldeek ere hizkuntza biziberritzeko eta erabilera ohiturak indartzeko. Nora joango da Gasteizko familia euskaldun baina erabileran motz dabilena? Arnasguneetara joan daiteke euskara praktikatzera. Arnasguneetan ikus daiteke euskara bizi dagoela. Espazio sinboliko-funtzional bat errepresentatzen dute. Sinbolikoa, adieraziz zein izan daitekeen euskaraz bizi den gizarte bat; funtzionala, euskararen erabilera esparruak martxan jartzen dituztelako. Arnasguneen inguruan batez ere aurten sortu den mugimendua eta oihartzuna oso garrantzitsua da, erreferentzia ematen baita. Gainera, bertako biztanleei erantzukizuna erakusten zaie: “Zuek euskaraz egiten jarraitu behar duzue, euskara lantzen, eta zuen erantzukizuna da hizkuntza normalizazio prozesu honetan eragile aktibo izatea eta erreferentzia bihurtzea”. Hizkuntzaren prestigioari dagokionez, garrantzitsua ere izan daiteke askotan herri txiki euskaldunenetako biztanle gazteek izan duten gutxiespen sentsazio horri kontra egiteko ere —euskara kaxeroa erabiltzea; hori oraindik ere badago—. Bertako euskara prestigiatzea diskurtso horren barruan sartzen den aspektu garrantzitsuetako bat da.


Baina txikiak dira herri horiek. Hiriak ez dira irabazi behar?
Batak ez du bestea kentzen. Arnasguneei dagokien garrantzia eman behar zaie. Horrek ez du esan nahi, noski, Azpeitira edo Lekeitiora joatean euskaraz egitea, eta Gasteizera joatean ez. Ezta gutxiagorik ere. Gehiago da gure baldintza optimoenak dauzkaten eremu geografikoak zaintzea. Hori erabiltzea beste eremuetan aurrerapausoak errazago emateko. Hori da ikuspegia. Funtzionalki ere gauza bera esan genezake; asko eta asko arnasgune geografikoetatik kanpo daude. Euskararen erabilera nagusia izango den esparruak sortu, mantendu eta indartu beharra nabarmentzen da arnasguneen filosofiarekin. Normalizazio prozesua oso asimetrikoa izango bada, oso ondo zaindu behar ditugu indartsuen dauden guneak, izan geografikoak edo funtzionalak. Eta, gainera, horiek irradiazio gune bihurtu behar dira, eta daukaten balioaren kontzientzia eman. Horrek lagunduko du Bilbo lehenago euskalduntzen. Ez ditugu ghettoak nahi, ezta gutxiago ere. Baina, beharbada, momentu batzuetan lehentasun batzuk ere hor jarri behar dira. Orain Lea Artibai galduko balitz edo euskararen ezagutza eta erabilera asko jaitsiko balira, Bilboren euskalduntzean eragina izango luke. Euskara landu, gozatu, bizi nahi duen Bilboko pertsona batentzat Lekeitio edo Ondarroa oso gune erreferentzialak izan daitezke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...