Leitzaraino, HBrekin biltzera

1998ko irailean Herri Batasuneko ordezkari batzuekin bildu zen Rubalcaba, Patxi Zabaletaren etxean. Lizarra-Garaziren hasiera garaia zen. Batzarrak ez zuen askorako eman.

enekoitz esnaola
2014ko irailaren 11
22:59
Entzun

Lizarra-Garazi akordioa 1998ko irailaren 12an sinatu zuten EAJ, HB, EA, AB, Ezker Batua, ELA, LAB eta hainbat eragile sozialek, ETAk handik sei egunera indarrean jarri zuen su-etena, eta PSOEk bilera eskatu zion HBri. 1982-1996 artean, Felipe Gonzalez zela buru, Espainiako Gobernuan egon ostean, oposizioan zegoen alderdi sozialista, «egoera bitxian egon ere», Patxi Zabaletak gogoratzen duenez. «PSOEko idazkari nagusia Joaquin Almunia zen, Espainiako gobernuburugaia Jose Borrell, eta alderdian agintzen zuena, artean, Felipe Gonzalez. Hirurekin ongi ulertzen zen bakarra Rubalcaba zen».

HBk, zalantza batzuk izan ondotik, baiezkoa eman zion PSOEren bilera eskakizunari, eta Leitzan (Nafarroa) bildu ziren bi alderdietako ordezkaritzak, Patxi Zabaletaren etxean. PSOEtik, Rubalcaba eta Enrique Curiel senataria. HBtik, Mahai Nazionalaren ordezkari gisa, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Xanti Kiroga. 1998ko irailaren 26a zen, larunbata. Bilkura sekretua zen. Hilabete batzuetara jakinarazi zuten —besteak beste, Su-etenaren apustua liburuan (Pello Urzelai, Egunkaria, 1999)—; iazko urrian, berriz, Permachek berak herriko tabernen auziko epaiketan aitatu zuen gaia.

«Ni orduan ez nengoen HBko Mahai Nazionalean, eta nire asmoa bi aldeek harremanak izateko bitartekari aritzea zen. Hori zen Leitzako bileraren prestakuntzan egin nuena», dio Zabaletak. Jose Luis Uriz PSNko orduko kidea zen prestaketan ibili zen beste bat, Curielekin batera. Urizek oroitzen duenez, Rubalcaba eta Curiel Madrildik autoz etorri ziren Noainera, han berak hartu zituen bere autoan, eta, «segurtasun gisa buelta batzuk eman ostean», Leitzara heldu ziren.

Zabaletaren etxeko garajean sartu zuten autoa PSOEkoek, eta handik, bigarren solairura, bilerara, jarritako hitzordua baino ordubeteren bat beranduago. Eguerdia zen, eta han zituzten zain HBko ordezkariak. Aurretik, goizeko hamaiketan, sabotaje bat gertatu zen Donostiako Altza auzoan, PSE-EEren egoitzan: zazpi lagun sartu ziren barrura; erregaia bota, eta su eman zioten. Kalte material handiak izan ziren; pertsonalik ez. Barrenak, Permachek eta Kirogak irratian entzun zuten berria, Leitzako etxean zirela; Rubalcabak-eta ere bai, autoan.

Ezker abertzalekoek diote «tentsioa» izan zela bilkuraren hasieran. Batetik, Rubalcabak Donostiako erasoaren aipamena egin eta ea hark Leitzako bilerarekin loturarik zuen galdetu zuelako. Eta, bestetik, bileraren eskatzailea PSOE izan zela zalantzan jarri zuelako. HBkoek erantzun zioten plan horretan baldin bazegoen ea zer egiten zuten han denek ere. Rubalcabak alboratu egin zituen susmoak eta dudak, eta bilerari ekin zioten. Zabaleta eta Uriz ez ziren bertan izan, etxe berean ziren arren.

Luze aritu ziren. Rubalcabak-eta zioten Lizarra-Garaziri buruz informazioa jasotzera eta ETAren su-etenaren apustuaren izaera nolakoa zen jakitera joan zirela. HBkoak ez ziren askorik fio haiez; PSOEko ordezkariei egoera berriaren garrantzia azpimarratu zieten. Rubalcaba 1996tik politika «antiterroristako» arduraduna zen PSOEn, eta hark zeukan Jose Maria Aznarren (PP) gobernuarekin gai haiei buruzko harremana.

Bileraren ondoren, Patxi Zabaletaren bikotekideak jateko zerbait atera zien, eta Zabaleta bera eta Uriz orduan batu zitzaizkien besteei. Aurrenak dio «distentsio handiagoa» izan zela jatorduan. «Halakoetan ere, ordea, denok joaten gara zerbaiten bila, zerbait ateratzera bestearengandik. Rubalcabak gogoeta asko ozen egin zituen, baina ez du guztia kontatzen, maltzurkeriaz jokatzen du beti. Asko daki, estatu aparatuetako informazio ugari du, baina gauza asko bere buruko armairuetan gordetzen ditu», dio Zabaletak. «Guk ere baditugu armairuak, ordea».

Bueltan, Felipe Gonzalezi deia autotik

Bazkaltzen hiruzpalau orduz aritu ziren kontu kontari. Barrena, Permach eta Kiroga ez ziren bukaerara arte geratu. Kirogak, adibidez, euskal preso bati bisita egiteko ordua zeukan, eta joan beharra izan zuen. Azkenerako Rubalcaba, Uriz, Uriel eta Zabaleta geratu ziren. Bromarako eta politikaz hitz egiteko aukera izan zuten, Zabaletaren arabera: «Izan zen txantxa unerik. Atleta izana da Rubalcaba, eta nik esan nion Permach ere aritu izan zela atletismoan, eta bazutela, beraz, hizketarako gairik... Halako uneak aparte utziz, niri esan zidan Lizarra-Garazikoen eta PSOEren arteko akordio bat egitea nahiko lukeela». Aurreko bileran, ordea, Espainiako Konstituzioa muga gisa planteatu zuen Rubalcabak.

Urizek dioenez, «eztabaida politikorako» aukera eman zuen bazkariak, eta «onuragarria» izan zen. PSNko kide ohiak gogoratzen du Rubalcabak nola esaten zien HBkoei euskal gaiek Espainiako Estatu osoan dutela eragina; «alegia, Sevillan, Valentzian, Burgosen eta Zaragozan ere badutela hauteskunde eraginik, PSOErentzat ez dela erraza mugitzea, eta HBkoek hori ulertu beharra zeukatela».

Arratsaldeko zazpiak aldera amaitu zuten hitzaspertua, eta atzera berriz garajera; Urizen autoan sartu ziren PSOEkoak, Noainera joateko. Bidean zirela, Rubalcabak hots egin zion Felipe Gonzalezi, bileraren berri emateko. «Esan zion harremanetan jarraitzeko borondatea zuela HBk», dio Urizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.