PRESO GAIXOAK

Iparragirreri ukatu egin diote zigorra etxean betetzea, gaixo den arren

Etxerat-en arabera, espetxeko egonaldiak larriagotu egin du Ibon Iparragirre presoaren egoera. Espetxe zaintzak atzera bota du eskaera.

Ondarroan aurten preso gaixoen eskubideen alde egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2014ko irailaren 30a
16:01
Entzun

Navalcarneroko espetxean da preso ondarroarra. Etxerat-ek bere azken txostenean azaldu zuenez, hiesa C fasean eta orbana burmuineko ezker lobuluan ditu, eta azken horrek ikusmen galera eta beste funtzio kognitibo batzuen kaltea dakar. Ekainean, Ondarroan aske uzteko eskatu zuten manifetazio batean.

Presoak zigorra etxean betetzeko eskaera egin zuen 100.2 artikuluan oinarrituta, baina Jose Luis de Castro epaileak ukatu dio hori. Eusko Legebiltzarrak ere ekainean aske uzteko eskatu zuen. Une honetan bakartuta dago presoa, ekainean espetxe barruan eraso bat jasan ostean. Hiru hilabeterako neurria zela iragarri zuten.

Atxiloketa "ulertezina"

Lehen aldiz 2010ean atxilotu zuten Iparragirre. Orduan salatu zuten kartzelan igarotako denboran osasun arazo larriak izan zituela: "Kartzelako muturreko bizi-baldintzek Ibonen bizitza arriskuan jarri zuten". 2011ko urriaren 17an aske utzi zuten, eta etxean egon zen.

Aurten, ordea, berriro atxilotu zuten. "Ulertezina zaigu Ibonen atxiloketa, eta gure kezka adierazi nahi dugu berriz ere Ibon espetxeratzeak bere osasunean ekar ditzakeen kalteengatik", salatu zuten bigarren aldiz atxilotu zutenean. Basaurin egon zen lehenik, baina gero urrundu egin zuten.

Aurreko astean Ventura Tome aske geratu ondoren, une honetan hamar dira espetxean larri gaixo dauden euskal presoak: 

Txus MartinHernando (Basauri): Zaballa. 1960. urtean jaioa. 2002an atxilotua. Nahasmen eskizo-afektiboa, delirio osagarriarekin. Bakartua dute.

Josetxo Arizkuren Ruiz (Iruñea): A Lama (A Coruña). 1958an jaioa. 1999an atxilotua. Kardiopatia iskemiko larria. Kateterismoa: stent bat hodi batean.

Jose Ramon Lopez de Abetxuko Likiniano (Gasteiz): Villabona (Asturias). 1949an jaioa. 1989an atxilotua. Bradikardia sintomatikoa. Fibrilazio aurikularra. Prostatako adenoma.

Inma Berriozabal Bernas (Zegama/Elorrio): A Lama (Pontevedra). 1951n jaioa. 2009an atxilotua. Psoriasi artropatia, diabetesa (DM-II), diabetes oina, hipertentsioa, azkazaletako psoriasia, asma bronkiala, belaunetako protesia.

Gari Arruarte Santa Cruz (Hernani): Almeria. 1980an jaioa. 2003an atxilotua. Espondilitisa.

Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea): Topas (Salamanca). 1964an jaioa. 1996an atxilotua. Eboluzio luzeko miopia magnoa dauka. Eskuineko begiko erretina hemorragia, ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko afakia.

Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria): Basauri. 1975ean jaioa. 1999an atxilotua. Nahaste obsesio konpultsioa. Bakartua.

Jose Miguel Etxeandia Meabe (Larrabetzu): Topas (Salamanca). 1960an jaioa. 2003an atxilotua. Nahaste obsesibo konpultsiboa, C hepatitisa.

Ibon Fernandez Iradi (Hernani): Lannemezan (Frantziako Estatua). 1971n jaioa. 2003an atxilotua. Esklerosi anizkoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.