jugoslavia ohia

Karadzicen kontrako epaiketa, epaiaren zain

Baliteke epaileek hilabeteak behar izatea erabaki bat hartzeko. Bizi guztiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak gerra krimenengatik, gizateriaren kontrakoengatik eta genozidio delituengatik.

Karadzic, iaz, auzitegian. MICHAEL KOOREN, EFE
jon ordonez garmendia
2014ko urriaren 7a
11:50
Entzun

Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi izandakoak 69 urte ditu orain, eta 11 delitu leporatuta auzipetu dute Hagan, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian. Horien artean leporatu dizkiote gerra krimenak, gizateriaren kontrako krimenak eta Bosniako musulmanen kontrako genozidioa. 1992 eta 1996. urteen artean izan zen Bosniako Serbiar Errepublikako presidente, eta Srebrenica eta Sarajevoko sarraskiak leporatu dizkiote, non 20.000 musulman inguru hil zituzten.

Alan Tieger fiskalak azken hitza hartzean esan du Bosniako Serbiar Errepublikan "gerra estatu" bat ezarri zuela Karadzicek, eta helburu bakarra musulman eta kroaziarrengandik bereiztea izan zela. Karadzicek, ordea, epaiketan hori ukatu du, eta bere asmoa Bosniako serbiarren bizi-baldintzak "normalizatzea" zela adierazi du. Argudiatu du leporatzen diotena "deportazioak" direla eta ez "genozidioa". Fiskaltzak aitzakiatzat jo ditu argudio horiek, eta Bosniako gerran "milaka eta milaka genozidio ekintza" izan zirela nabarmendu du.

"Fiskaltzak dioena gezurra da", esan du Karadzicek epaiketan. Bere burua defenditzeko ardura hartu zuen, eta esan du musulman, serbiar eta kroaziarren arteko bizikidetza zuela helburu bakarra. Fiskaltzak, ordea, hori frogatzeko aurkeztutako frogak "garrantzirik gabekoak" direla esan du. Irailean bizi guztiko espetxe zigorra eskatu zuen Fiskaltzak, "epai egoki bakarra hori izan daitekeelako".

Nazio Batuen Erakundearen arabera, Bosniako Gerran 100.000 pertsona hil ziren, eta beste bi milioi deportatuak izan ziren. Epaiketan Karadzicek esan du atxilotu zuten arte ez zuela izan Srebrenican gertatu zenaren berri, eta agintean zela gehiegikeria bakar baten berri ez zuela izan. Srebrenicako sarraskia Ratko Mladicen ardura izan zela argudiatu du —Hagan ari dira hori ere epaitzen—, eta ez berea.

2008ko uztailaren 21ean atxilotu zuten Karadzic, Belgraden, eta Hagara eraman zuten. Serbiak aitortu du berak babestu izan duela urteetan Karadzic. 2009ko urriaren 26an hasi zen Karadzicen aurkako epaia, eta O-Gon Kwon epaimahaiko presidenteak esan du neurri horretako prezesurik ez dela aurretik inoiz egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.