Xabier Makazaga.
Tortura. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia. Analisia

Pisua izango du

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak jada bi euskal herritarren kasuetan erabilitako argudio berberak erabili ditu berriro ere Espainia kondenatzeko Martxelo Otamendiren kasuan. Mikel San Argimiro eta Aritz Beristainen kasuetan esan zuena berretsi baitu. Edozein tortura salaketaren aurrean, ikerketa ofizial sakon eta eraginkor bat egitea behar-beharrezkoa bada ere, epaileek ez dutela halakorik egin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez ziola jaramonik egin Otamendik egindako tortura salaketari, eta kasua eraman zuen epaileak auzi medikuak zioena besterik ez zuela hartu kontuan, beste edozein diligentzia edo froga egitea ukatuz.

Horraino, hiru epaiak oso berdintsuak izan dira, baina Otamendiren kasuan urrunago joan da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia, aurreko bi kasuetan emandako argudioak are gehiago sendotuz. Espainiar Estatura egindako azken bisitaren ondoren, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko2011. urtean ateratako txostenak dioena azpimarratu baitu, eta bertan espainiar agintariei egindako eskaerak bete ditzaten eskatu.

Tamalez, hori bai, eskaera ez da izan behar bezain argia, zera baitio hitzez hitz epaiak: «Inkomunikaturiko atxilotuek babesgabetasun egoeran daudenez, halako egoeretarako zigor kodeak aurreikusten dituen zaintza neurri judizial egokiak hartzea beharrezkoa da, gehiegikeriak saihestu eta atxilotuen osotasun fisikoa babesteko (ikus 28. paragrafoak dioena)».

Ia bi orrialde betetzen dituen paragrafo horretan CPTk bere azken txostenean espainiar agintariei egindako eskaerak datoz. Hogei urte luzez errepikatu behar izan dituen eskaerak, agintariek beti uko egin baitiote haiek hartzeari. Besteak beste, senitartekoei atxilotua non dagoen esatea, hura abokatuarekin pribatuan egon ahal izatea, konfiantzako mediku batek auzi-medikuarekin batera aztertu ahal izatea...

Neurri horiek ez daude zigor kodean inolaz ere jasoak; aldiz, inkomunikazio kasuetarako neurri horiek ukatuak dira, eta epaiak dioenak besterik eman dezake ulertzera. Neurriak zigor kodean jasoak daudela, hain zuzen ere. Errealitatea da bizpahiru epailek bakarrik hartu izan dituztela horietakoneurri batzuk, ez denak, baina agintariek beti egin diotela uko neurriok legean jasotzeari.

Dena den, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen eskaera garrantzitsu horiek azpimarratu izanak are indar handiagoa eman dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epai honi, eta pisua izango du, izango duenez, espainiar agintariek haiei entzungor egiten jarraitzerik izan ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.