Aieteko beren deklarazio partikularrean ari dira Nicolas Sarkozy eta Angela Merkel. Konponbide izan nahi duen erreforma sorta baten bide orrian urratsa egiten. Hurrengo antzezpena etzirako espero da, Frankfurten, Europako Banku Zentralaren dorrean. Merkozy-k epe luzera begiratu ondoren, Mario Draghiren esku dago epe laburrean sua itzaltzea, estatuei beren burua prezio txukunean finantzatzeko aukera emanez. «Ordenak garrantzia du», esan zuen joan den astean Draghik. Bazekien zertaz ari zen.
Merkelek eta Sarkozyk badakitelako —edo jakin beharko luketelako— atzo proposatutakoak ezin duela zorraren krisia konpondu. Epe erdi edo luze batean etxean ordena jartzea ari dira proposatzen, merkatuei «aurrerantzean zintzoak izango gara» esaten. Baina horrek ez ditu Espainia eta Italia salbatuko aldi luze batez %7ko interesa pagatu behar badute. Martxorako nahi dute erreforma zehaztuta: eternitate bat merkatuentzat, instant bat Europako Batasun motelarentzat, presioak mirariak egiten dituela egia izan arren.
Ez da inondik ere hainbeste aldarrikatu den batasun fiskala. Ez dago zerga edo altxor bateraturik; bide orriaren hurrengo urratsak? Baliteke. Austeritatea in secula seculorum ezartzeko konpromisoa da, horrek dakartzan muga estuekin. Eta berez, norbere etxekoak kudeatu behar dituen edonork dakien bezala, kontuak garbi izate hori ez da txarra, baldin eta horren truke eskatzen diren ahaleginak hobeto banatuta izango balira...
Zorraren krisia. Europaren erantzuna. Analisia
Frankfurt, zure txanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu