Zergak. Bilera Lakuan. Analisia

Zelai erdiko jokoa

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga ereduan aldaketak egiteko partida hasi da. Futbol txapelketa handien hasieran ohikoa den moduan, erasoko joko gutxirekin hasi ere; batzuk eta besteak indarrak neurtzen hasi dira, partida (negoziazioa) erabat zapuztuko duen mugimendurik egin gabe.

Baina, hala ere, lehen adierazpenei erreparatuta, nahiko garbi geratu da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren proposamenei harrera hobeagoa egin diela Martin Garitanok beste bi ahaldun nagusiek baino, zerga kontuetan behintzat. Gipuzkoako Diputatuzioaren buruak ziurtatu du bere programan agertzen ziren aldaketa guztiak negoziatzeko prest dagoela. Eta zer dio, bada, programa horrek? «Zerga politika aurrerakoia eta birbanatzailea garatuko dugu. Zerga eta tasen politika progresiboa bultzatuko dugu». Zehaztasun eskaseko esaldi horien atzetik daude, besteak beste, ondare zergaren berreskuratzea, eta kapitalaren gaineko zergak errentek dituzten tasekin parekatzea eta errenta zergaren tipo handienak igotzea.

Proposamen horiek edo oso antzekoak azaltzen dira Lopezek bilerei begira landutako proposamen ez itxian, «aurrerakoi» labela jaso dezaketen beste batzuekin batera, hala nola: sozietate zerga «berraztertzea» enpresek benetan %28ko tasa paga dezaten, zenbait kenkari kentzea (etxea erostekoa esaterako) edo ondorengotza zerga berreskuratzea.

Proposamen horiek ikusita, ez da harritzekoa Garitano baino uzkurrago agertu izana Jose Luis Bilbao eta Javier de Andres. Lehenengoak gaurko utzi du balorazioa, baina EAJren barruan PSEren higatzaile instituzional nagusia izanik, ezin zuen Lopezi ziztada bat emateko aukera galdu, eta etsituta atera zela esan zuen. Sentipenak sentipen, «akordiotara iritsi gaitezke» batekin atea irekita utzi du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Entzundako gauza batzuk gustuko izan ez dituen arren, PSE-PP itunak adeitsuago azaltzera behartu du Javier de Andres, eta ohikoa den «negoziaziorako borondatea» adierazi dio. Hori bai, nahiko garbi utzi du ez duela sozietate zerga igotzea onartuko—«enpresek alde egingo lukete», argudiatu du— eta aberatsenak gehiago zorpetzea ere ez duela gustuko, azken horiek ere hanka egingo luketelakoan. Beste hitz batzuetan, negoziatzeko esparru gutxi utzi duela, eta horregatik heldu dio iruzur fiskalaren aurako borroka sendotzeari, jakinda inork ez diola horri ezezkorik esango. Aurretik esan dituenak entzunda, ez da aztia izan behar Bilbaok gaur bide horretatik edo oso gertuagoko batetik joko duela iragartzeko.

Edonola ere, hainbat hilabete iraungo duen negoziazio prozesu baten hasiera formala baizik ez da atzoko bilera, eta alderdien interesek orain ezinezkoa dirudien puzzlea osatzera eraman ditzake.Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak mapa instituzional koloretsua osatzen dutela ikusita, puzzle hori nolakoa izango den asmatzea ez da erraza. «Hiru herrialde, herri bat» leloa aldarrikatu du azken egunotan Jaurlaritzak, eta bere buruari eman dio errealitate hori egituratzeko erantzukizuna.

Neurri batean bitxia dirudi egituratze hori zerga politikatik abiatu nahi izatea Jaurlaritzak, eskumen hori aldundiena delako. Baina Gasteizko administrazioak asko du jokoan. Aldundiek zergetan biltzen dituzten hamar eurotik zazpik haren sakelean bukatzen dute, eta hark nozitzen ditu eskasiak. Eta Lopezek dioen moduan dirua iristen ez bada—aurten 800 milioi euroko zuloa sortzeko bidean da—, Jaurlaritzaren lepo geratzen dira ere herritarrek gehien ikus ditzaketen murrizketak, osasungintzan edo hezkuntzan, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.