Mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpigarren urtea zen. Anthony Minghellaren The English Patient-ek 9 Oscar irabazi zituen, besteak beste, Coen anaien Fargo maisulana kontsolamendu txikiko sari pare batekin utziz.
Miramaxen lehen garaipen handia izan zen. 70eko hamarkadaren amaieran Weinstein anaiek ekoizpen etxe txiki bat jarri zuten martxan, hurrengo urteotan zinema independentearen ikur bihurtu zena. Horrekin batera, gero eta argiago gelditu zen Miramaxek abilezia paregabea zuela azpijokoetarako eta erdipurdiko filmak urre bihurtzeko.
Foku distiratsu eta alfonbra gorri guztietatik aparte, Oscar sarien azken hamabost urteok itzalpeko protagonista erabatekoa izan dute, Harvey Weinstein. Minghellaren filmaren ondoren, askoz ere sonatuagoa izan zen bi urte geroago gertatu zena. Miramaxek sustatutako pelikula kaskartxo batek, Shakespeare in Love-k, Steven Spielberg ahalguztidunaren Saving Private Ryan pelikula onenaren sari nagusirik gabe utzi zuen. Zer gerta ere, aldi berean, Weinstein bigarren hautagai bat ere ari zen sustatzen, Roberto Benigniren La vita è bella.
Hurrengo urteotako zerrenda beldurtzeko modukoa da: Chicago, The Cider House Rules, Chocolat, In the Bedroom, The Hours, Finding Neverland… Eta behin Miramax utzita, Weinstein abizenak Oscar sariei oso lotuta segitu du: The Reader, The King´s Speech, eta aurten The Artist.
AEBetako banaketa bereganatu zuenetik, aste gutxiren buruan, Michael Hazanaviciusen filma goi mailako bitxikeria bat zena Oscar sarietarako faborito nagusi bihurtu zen. Eta, beste behin ere, Weinstein bultzada garaile atera da.
Zuri-beltzean eta hitzik gabe, bere historiaren iragan idealizatu bat saritu nahi izan du Hollywoodek. Gauzak ez direla batere aldatu esateko modu lampedusarra, atzo eta gaur inportanteena ez da urteko pelikularik onena zein den, produktua nola saldu baizik.
Analisia
Weinstein bultzada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu