Euskal Herriko historia hurbileko gertakari garrantzitsuenetako bi arabiar herrietako antzeko albisteen itzalean geratu dira: Barajasko bonba lehertu baino 3-4 ordu lehenago Saddam Hussein urkatu zuten; egunotan, are berri garrantzitsuagoaren oihartzuna Muammar Gaddafiren hilketak estali du. Libiaren ondoren, Siriara begira jarri dira, atzera ere, Gaddafiren ondoren, Al Assaden txanda dela diote manifestariek. Baina gauzak konplikatuak dira: Nazio Batuetan mendebaldeak izandako porrotak, Txinari eta Errusiari esker, Damaskoko erregimena hauspotu du. Manifestazio jendetsuak deitu ditu Al Assadek hiriburuan eta Alepon, eta argi geratu da lehendakariak atzean dituela gutxiengoak —kurduak salbu—: hainbat sinesmen kristau, druzoak eta, zelan ez, Assadtarrak kide izanik Sirian botere handiena duten alauitak; denak ere, protestan ari diren gehiengo sunitaren beldur. 1982ko sarraskiaren ondoren —20.000 islamista hil zituzten Hama hirian—, erraz uler daiteke erregimena botatzeko suniten ahalegina. Baina Siriaz ari gara, munduko eskualde konplikatueneko estatu konplikatuenetakoaz.
Alauismoa xiismoaren adarretako bat da. Ez da kasualitatea arabiar herrietan porrot egin duen matxinada bakarra, mendebaldean oihartzun txikiena izan duena, Bahraingo gehiengo xiitaren aurkako zapalkuntza odoltsua izatea, Saudi Arabiaren laguntzarekin. Gauza bat da matxinadak zinez herritarrenak izatea Tunisian, Egipton, Yemenen, Libian, Bahrainen edo Sirian, eta beste bat Washingtonek —eta Riadek— aukera txikiena ematea Iran indartzeko eskualdeko joko-mahaian.
Benetan indartu den herrialdeak ere, Turkiak, aspaldiko eraso gogorrena jasan du; ostegunean PKK-ko gerrillak 24 soldadu hil zituen gutxienez —ehun, gerrillaren arabera—. Ankarak izan du arrakastarik islamismo moderatu eta demokratikoaren eredu izaten, baita otomanismo berria lantzen ere. Auzoekin arazorik ez leloa gezurra izan da hasieratik —hara Zipre, hara Armenia— baina hilabeteotan Siriako manifestariei emandako babesak Iran ere amorrarazi du. Hezbolarekin daukan zilbor-hestea arriskuan ikusi du. Baina etxean ere badauka aski arazo Teheranek. Zigor ekonomikoek ahulduta, Turkia du ia helduleku bakar. Turkia laikoa galbide eta salbazio.
Orain, aurkitu dute zerk batzen dituen: kurduen errepresioak. Jose Maria Aznarrek Euskal Herrian egindakoaren antzera, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak ere, aurreko agintaldian, egin zuen ahaleginik auzia bideratzeko. Ekaineko bozak erabateko gehiengoz irabazita, baina, gerraren alde jo du. Eta PKK-k indartsu dagoela erakutsi, Çukurca eta Yuksekovako erasoetan. Irakeko mugaz gaindi Hego Kurdistani eraso dio Turkiak, Barack Obamak abenduan badoazela esateaz bat. Uda osoan mehatxu kriminalak izan dira turkiar hedabideetan, «hara zeinen ongi konpondu zuten tamilen auzia Sri Lankan» izan da kuttunetakoa. Berriz ere gerra hotsak. 20 milioi kurdu —Turkiako herena edo laurdena, bertsioen arabera— anikilatzea ezinezko dela jakinda ere, beti da errazagoa propaganda nazionalista, arazoa konpontzen saiatu eta botoak galtzea baino. Hor bai, bat egin dute Iranek eta Turkiak.
Otomanoekin amaitzeko, Europako azken eremuari begiratu bizkorra: Balkanetako sua berotzen ari da. Bulgarian gaur bozak, erromanien —ijitoen— aurkako xenofobia nagusi dela. Kosovon, mundua alderantziz: gobernua ari zaio esaten gutxiengo serbiarrari «Estatuko mugak zatiezinak» direla. Europatik ere gogoratu dute zatiketa —Kosovo iparraldeak Serbiarekin bat egitea— ez dutela aintzat hartzen. Baina aipatze hutsak mahai gainera dakar auzia. Mazedoniako lehendakariak dio Kosovo zatitzeak eskualdea desegonkortuko lukeela, bere herrian hiru biztanletik bat albaniarra baita. Eta Bosniak urtebete darama gobernurik gabe, 1995ean Daytongo laborategian jaiotako estatuak kale egin duela bistaratuz. Arreta gehiago jarri beharko genioke euskaldunok eskualdeari, gure auzi politikorako galderak etengabe sortzen baitira. Sarri odolezko erantzuna daukate, baina konponbide irudimentsuak horrelako egoera konplikatuetan aurkitu behar dira.
Leku-lekutan
Auzi konplikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu