urtzirrutikoetxea
Kurdistan. Askatasunaren eta Justiziaren Aldeko Martxa. Leku-lekutan

Bidasoa-Tigris

2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Oilaskoa curryarekin, entsalada eta garagardoa afaldu genuen etxe ondoko tabernan, Taksimen. Bion afaria ordaintzera tematu nintzen, eta irribarre egin zuen. Kurduen ohitura zen, ez turkiarrena. Istanbulgo espainiar eta katalan kazetariekin biltzean ere, nork berea ordaindu ohi zuen. «Euskaldunak eta kurduak ez gara nahikorik sofistikatu. Agian horregatik gabiltza hain gaizki», esan zidan. Kalean behera joan ginen, Cihangir auzo bohemio baina geroz eta garestiagora. Josu Martinezen Itsasoaren Alaba-z hitz egin nion Hego Kurdistandik itzuli zenean. Aitaren berri izateko joan zen hara. Mizgin jaio eta laster bat egin zuen gerrillarekin, eta ez zuen sekula ezagutu. Maxmurren hil zuten, Hego Kurdistanen, basamortu ertzean. 90eko hamarkadan Turkiako armadak suntsitutako 3.000 herrietako iheslariek sortu zuten Maxmurgo eremua; haren zaindari zen Mizginen aita.

Haize Goikoetxea, GALek hildako Mikel Goikoetxea Txapela aitaren istorioa berreskuratzen ari zen dokumentalean iritsi ziren pisukideak. Merdingoa da Bergüzar, Mizgin legez, Siriako muga ondokoa. Baina kurdu gehienak ez bezala, ez da musulmana, jazidia baino. Eguzkia eta sua gurtzen duen antigoaleko sinesmenaren jarraitzailea alegia. Nuray aktorea da, eta hura ere ez da sunita. Dersimgo alevi ezkertiarren artetik zetorren. Kurdistango gazte belaunaldi berria ziren, bere modernotasunean, Istanbulgo pisu txiki batean. Asimilazioaren eskoletan haziak, gatazkaren erdian Europara etorriak, militante unibertsitatean, artista kritiko azken aldian. Kurdu, harro, eta libre. Baso ardoa hartu zuten, askatu ziren mihiak. Mikel Laboa atsegin zuten. «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza» kurduok eta euskaldunok ulertzen dugu, eta besteren batek. Amaitu zen filma. Begiak gorritu zitzaizkion Mizgini, ez zuen utzi malkorik ihes egiten.

«Horixe azaldu nahi dut. Guk ez daukagu itsasorik, baina hori bizi izan dut nik». Mizginek urteetan bizkarra eman zion mugimendu kurduari. Aitita-amamekin hazi zen, amak ere Siriako erbesteko bidea hartuta. Hil batzuk ziren berriz topo egin zutela, hainbat urteren ondoren. Ez zuen ezer jakin gura izan hasieran. Prezio garestiegia ordaindu zuen gurasoen ideiengatik. Zenbait kurduk kritikatu zuten filma egin zuen, poligamiak emakumeari zekarkion drama gordin azaltzen. Azken aldian amarekin adiskidetu eta denbora berreskuratzen ari zen. Handik gutxira, haren etxera joan zen bizitzera.

Urte bi joan dira Istanbul utzi nuela. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak berriz irabazi zituen hauteskundeak ekainean. Baina Kurdistanek bizkarra eman zionislamismo demokratikoaren mozorroa zekarren alderdiari. Eta askorik inoiz jaitsi ez zen tentsioak gorantz egin du ordutik. Aitari buruzko filma idazteko alde egin behar zuela esan zidan, ez zuela inorekiko gorrotoz eskribitu gura. Idazle Elkartearen bidez Pasaiako Hugo Enera gonbidatu genuen. Basamortuko alabak itsasoaren alaba ezagutu zuen.

Urrian bidali zidan aitari buruzko dokumentala. Ehunka kurdu ari ziren atxilotzen. Alkateak eta hautetsiak hasieran, BDP alderdi kurduko arduradunekin batera. Hainbat erakundetako kideak gero, hizkuntzaren aldekoak, giza eskubideetakoak, abokatuak. Iritsi zen idazleen eta kazetarien ordua. Gerrillaririk ez, horiek mendian hiltzen zituzten. Baita gerrillari ez direnak ere, Roboskin abendu amaieran legez. Hogeita hamabost ume eta gazte, kontrabandoa beste bizibiderik ez zutenak. Hamahiru urtekoak biktimetako asko. Duela hiruzpalau aste Eserren etxera ere joan ziren. Eser Uyansizenera. Durangoko azokan bisitatu gintuen, Azadiya Welat kurduerazko egunkari bakarreko zuzendari zela. Euskal PENen Idazluma jaso zuen. Vedat Kursun, Uyansizen aurreko zuzendaria, Amed/Diyarbakirren dago preso, 166 urtera zigortuta. «Ez dut inoiz armarik hartu, kurduek gehien irakurtzen duten egunkariko zuzendaria baino ez naiz». Eserrek erbesteko bidea hartzea lortu zuen. Asteon deitu dit, Mizgin atxilotu dutela esateko. Laurehun atxiloketa hiru egunean. Sindikalistak, zinegileak, poetak, martxoaren 8a prestatzen ari ziren feministak. Denak PKKren atzean omen dagoen KCK-ko arduradun, entorno-aren oso antzekoa den paralelismoan.

Libre utzi dute Mizgin. Herenegun idatzi zidan, ondo zegoela, shocka gainditu barik artean. «Hobeto egongo naiz aurki. Zergatik joan naizen Maxmurrera galdetu didate, eta zertara joan nintzen Espainiara. Dena azaldu diet. Filma zen arazoa. Eskerrik asko denagatik». Oso lagun ona dut Mizgin. Pertsona berezia da, sentibera, bizitzak gogor astindu du eta bakarrik aurrera egiten ikasi du. Baina kurdu belaunaldi oso bati argi ari zaio uzten Turkia, asimilazioa eta sumisioa baino ez dituela onartuko. 90 urtez saiatzen ari diren bide kriminalean, alegia.

Artikulua amaitzean, Cihanek idatzi dit. Tigris ertzean afaldu genuen azkenean, errebeldia handiena kurdueraz bizitzea zela gogorarazi zidaten. Debekatutako hizkuntzan. Berak amai dezala artikulua: «badakizu preso dudala anaia azken hiru urteotan. BDPko hautetsi da orain. Duela lau egun gose greba mugagabeari ekin dio Selma Irmak parlamentarioarekin batera. Mesedez, ez utzi hiltzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.