Burujabetzarako ibilbide-orriaren zain

Patxi Azparren Raul Arkaia
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Gaur Lizarra-Garazi Akordioak 14 urte bete ditu eta, azkeneko urteetan bezala, urteurrena berkokapen bat egiteko aproposa dela uste dugu. Atzo goizean izan zela ematen du, duela mende oso bat izan zela dirudi, oraingo garai politiko berria akordio horren alaba baita eta, era berean, erabat ezberdina den eszenatoki-politikoan gaudelako.

Lizarra-Garaziren saioaren porrotak, paradoxikoki, Ibarretxeren itzala handitu zuen. Desilusio itzelak Ibarretxerengan babesa bilatzera eraman zituen herritar asko. Gaizki oroitzen ez bagara, mendebaldeko hiru herrialdeetan Ibarretxek 600.000 boto jaso zituen, IUk 100.000 inguru, eta ezker abertzalearen ildo nagusiak 120.000 inguru. Porrotean murgilduta ere, akordioa bultzatu zuten indar politikoek espainiar nazionalismoa gainditu zuten, herritarrek oso argi ikusi baitzuten indar unionistek gatazka armatua kroniko bilakatu nahi zutela.

Ibarretxek jeltzaleen aldarrikapenen langa ko-burujabetza Estatus bateraino igo nahi izan zuen. Lehengo proposamen hark euskal naziotasunaren onarpena ere aurreikusi zuelarik. Halere, bera ere ez zen arerioa etxean zuela ikusteko gai izan. Etxea sotoan eta atzeko atea ixten Mikel Laboaren kantak zioen moduan. Estatuak itxi zion bidea; etxetik landatu zituzten harri-txingorrek saio politiko bitxi bat zapuztu zuten, ordea. PNVren lidergoaz bultzatutako marko juridiko-politikoaren aldaketa, hain zuzen ere.

Ilegalizazioen aroaren erdian, PNV babesten duten interes ekonomikoen mesedetan Ibarretxe sakrifikatutakoan, Lopez jauna Ajuria Enera iritsi zen, iruzur erraldoi baten bidez.

Ziur asko, ezker abertzalearen ildo nagusiak beste norabide bateko zubigintza egin izan balu, Jesus Egigurenen itsaslamina-kantei jaramon egin beharrean, orain bestelako kontaketa bat idatziko genuke. Berriz, ez zen horrela suertatu.

Euskal Harry Potterren eskaintzaren helburua subiranisten arteko balizko akordio guztiak zapuztea zen, eredu juridiko-politikoaren aldaketan (Catalunyako ERCren ereduari jarraituz) ezker abertzaleari PNV ordezkatzeko ideia xuxurlatu ziolarik.

Baina gertatutakoa jazo da, iragana da, eta PNV-k, bere kabuz, bakar-bakarrik eta laguntzarik gabe, bere azkeneko aukera historikoa galdu zuen. Egun, ezkerreko sektore subiranista guztiak (edo ia guztiak) elkartzen dituen Ezker Soberanista etorkizun hurbileko alternatiba da, bai esparru abertzalean, bai Euskal Herriko ezkerreko esparrurako.

Haatik, lekuko aldaketa ez da Egigurenen, PSOEren edota Estatuaren laguntzaz gertatu. Aitzitik, Estatuaren tresneriak eta Rubalcabak batik bat hari guztiak higi zituzten gertaerak beste modu batez suerta zitezen. Zorionez, alferrik.

Gernikako Akordioan isla duen oinarri soziologikoaren esaeraren tinkotasunak soilik beste ahalegin politiko bat ahalbidetu du: baldintzarik gabeko, aldebakarreko eta iraunkorra den borroka armatuaren amaiera.

Orain, beste egoera baten bizi gara, beste bidegurutze batean: abertzale mugimenduan, ezker subiranistak PNVri hegemoniaren lekukoa kendu-hartuko dioordezkatzeko eta haren rol bera egiteko? Edo ezker subiranista laster, burujabetzara eta eraldaketa sozioekonomikora eramango gaituen ibilbide-orria kudeatzeko gai izango da?

Balizko etorkizun ezberdin batzuk mahaigaineratuta daude. Hurrengo hauteskundeekin borroka armatuaren aldebakarreko amaieraren kudeaketaren zikloa itxiko da; lehengo atala, bederen. Kudeaketa honek plus bat sortu du, inorekin banatu behar izan ez den plus-a, PNVk, PSOEk eta PP-UPNk ez baitute borroka armatuaren bukaera duinerako urratsik egin.

Testuinguru honetan, bat baino gehiago harrituko zen, gu bezala, Laura Mintegik britainiar prentsan esandakoa irakurritakoan. Lehendakarigaiak PSOE-EH Bildu gobernu akordioa ez duela baztertzen irakurtzean, alarma gorri guztiak piztu zaizkigu, balizko etorkizun horietako bat egungo markoaren kudeaketaren onarpena izan daitekeelakoan —abertzale boto-emaile gehienontzat agortua aspalditik, baita ELAren esanetan ere, 1996tik—. Politikari profesionalak ulertzeko zailtasun handiak ditugu. Duela gutxi, haiek ere gu ulertzeko zailtasun berberak dituztela jakin dugu. Baina, gure uste apalean, gure harridurak herritar xume orok izango zuenarekin bat egiten du, ezin ulertuko bailitzateke Estatutu baten erreforma baterako edota «Merkatuek» egin dituen sarraskiaren hondarrak kudeatzeko gobernu-akordiorik. Ko-burujabetzarako proposamenetik hiru legealditara ulertezina litzateke ezker subiranistak PNVk, UPNk, PPk eta PSOEk babesten duten ereduaren aurkako alternatiba garatzeko gaitasunik ez izatea.

Jakina, Bildu, Amaiur eta gutxiago EH Bildu aske ez den testu-inguru batean jaio dira, ilegalizazio arriskua ez da-eta amaitu. Alabaina, honezkero, EH Bildu parte-hartzaile, subiranista eta antikapitalistaren lehenengo keinuak ikustea espero genuen. Keinu horiek isla paregabea izango zuketen herriz herriko batzarrek programa eta zerrendak hautatu izan balituzte. Ziur baikaude batzar horien agindua ez zela izango beste arloen gainetik erakundeetako borrokari lehentasuna ematea, ezta unionistekin gobernuan aritzeko aukera aztertzea ere.

Lehendabiziko zikloa ixtear dago, eta espero dezagun itxiera polita izatea; mendebaldeko hiru herrialdeetan EH Bilduren garaipenaz izatea, alegia. Baina, garaipenarekin batera, zikloaren amaierak beste bi opari ekar ditzala nahi dugu: ezker independentistak idatzitako ibilbide-orri subiranista eztabaidatu eta garatu ahal izatea, eta ezkerreko subiranismo osoari eskainitako Herritar Batasun zabal, parte-hartzaile eta demokratikoa eratzea, soilik borroka tresna zibilen bateragarritasunaz: instituzionala, soziala, herrikoia, sindikala, lortu baitagehiengo errepublikazale, ezkertiar eta subiranista berri batera iristea. Estatuen nazionalismoari aurre egingo diena eta Mundu-Diktadura berriari aurre egingo diona; Merkatuen diktadurari, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.