Apirilaren 20an, PPk aurrera atera zuen 14/2012 Dekretua, argi islatzen duena alderdi horrek nola irudikatzen duen Hezkuntza. Lege horretan proposatzen dituzten neurriek Hezkuntzan izan dezaketen eraginei buruz arituko gara.
Hartutako neurrien artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, ratioen igoera, ordezkapenik ez izatea lehenengo hamar egunetan, irakasleek ikasleekin duten saio kopurua handitzea eta batxilergoko eskoletan modalitate bakarra eskaini ahal izatea.
Neurri horiek, ordea, ez dira neurri solte batzuk, beraien hezkuntza politika, eta, are gehiago, indartu nahi duten gizarte ereduaren mesederako estrategiak dira. Merkatuaren politikan oinarritzen dute kalitatearen kontzeptua, ikasleen eta ikastetxeen lehiakortasuna bultzatzen dute «bikaintasuna» bilatzeko asmoz, eta, printzipio orokor gisa, bermatu nahi dute askatasuna familiek eskola aukeratzeko orduan.
Hezkuntza politika hori atzerakada nabarmena da bidezko eta kalitatezko hezkuntza sistema bat eraikitzeko bidean. Gaur egun hezkuntzan kalitatea ulertzen den moduari erreparatuta, ez du inolako zilegitasun teknikorik. Berriro ere gaiztakeriaz darabilte hizkuntza. Kalitatea ikasle guztien arrakasta bermatzean datza, horretarako behar diren prozesuak, baliabideak eta esperientziak eskainiz, betiere «bikaintasunaren» bidean. Ekitate printzipioa, beraz,guztiontzako eskola bat eraikitze aldera.
Beraien ustetan, kalitate irizpide garrantzitsuenetariko bat da ikasleen errendimendua; «emaitza akademikoa», hain zuzen ere. Irizpide hori izango dute kontuan eskolen arteko ranking publiko bat egiteko. Rankingak balio izango du familiek eskola aukeratzeko orduan aukeraketa hobea egiteko. Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan, arrakasta akademikoa lortzen duten eskolek «arrakasta akademiko» handiena duten ikasleak hautatzeko aukera izango dute, bezero potentzial gehiago izango dutelako. Viñaok (1999) egindako ikerketak aintzat hartuta, baieztatu daiteke halako ikuspuntuek pertsonen arteko desberdintasunak areagotzen dituztela, gizarteko erdi eta goi mailakoekhezkuntza aukera gehiago dituztela, alegia. Antza, eskola aukeratzeko orduan eragin zuzena dute aukeratutako eskolan dauden familien maila sozialak eta bertan izaten diren «emaitza akademikoak».
Ikusten denez, neurriok sare publikoaren eta pribatuaren arteko diferentziazioa bultzatu nahi dute, izan ere,eskola publikoei finantzaketa murriztuko diete (irakasle gutxiago, baliabide eta zerbitzu gutxiago) eta eskola pribatuei, berriz, hainbat eratan, finantzaketa handituko diete. Beste era batera esanda, ikastetxeen «emaitzetan» oinarriturik, kontzertazio gehiago, proiektuak garatzeko diru gehiago eta, modu ez-zuzenean,jada Europanaplikatzen ari diren neurriak ere jarri nahi dituzte indarrean. Adibidez, eskola horietara eramaten dituztenentzako «eskola txekeak» edota desgrabazio fiskalak, eta, hori guztiori, ikasle guztientzako doako eskubide aldarrikapenaren izenean. Hizkuntzaren erabilera maltzurraz baliatuz, doako printzipioaren berformulazioa egiten dute. Hezkuntza, banakoaren kontsumoaren asebetetzean oinarritzen den ikuspuntu merkantilista batetik irudikatzen dute; ez dute hezkuntza irudikatzen herritar guztion eskubide modura eta estatuaren betekizun gisa.
Ikastetxeen arteko lehiakortasunaren eta aipatutako neurrien bidez, esklusiora daraman prozesu bat jarri nahi dute abian , hain zuzen, orain dela urte batzuk geunden egoerara bueltatzea proposatzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan hainbeste landu den eredu barne-hartzaile batetik, eredu selektibo batera eraman nahi gaituzte, eta, horretarako, hainbat estrategia proposatzen dituzte. Esate baterako, DBHko egitura berria baliatuta, formazio paraleloak emaitza akademikoen arabera, gaitasunetan oinarritzen den taldeen homogeneizazioa, eskolatik kanpo dauden agentzia batzuen ardurapena utzitako proba nazionalak, eta abar.
Bestalde, esan gabe doa testuinguru aniztasunaren errespetuaren kontra dagoela ezarri nahi duten eta homogeneotasunera daraman curriculum nazional espainol bakarra. Are gehiago, errealitatearen ikuspegi murritz eta alderdikoiak gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren ukazioa ekarriko du. Ezer egin ezean, Euskal Curriculumaren garapena hutsean geratuko da.
Geletan, maila akademikoan bederen, kalitatearen adierazleukaezina da ratioa, eta onartuta jada ditugun ratioak oso handiak direla, horren inguruan hartutako neurria burugabekeria galanta dela besterik ezin daiteke esan. Irakaslearen ongizatearen kontrako neurria da, ikasleen ikaste prozesuaren jarraipena zailduko duena. Horrek metodologia tradizionaletara bueltatzeko arriskua handiagotzen duela irizten diogu. Are gehiago, erabat sinetsita gaude ikasleen garapenaren kalterako izango dela. Horrez gain, balio lehiakorrak gailentzen badira —jada nahiko presente daude gure gizartean— gure seme-alabak estres egoeretara bultzatuko ditugu, batzuengan ezintasunaren sentimendua areagotuko da, eta, horren ondorioz, patologiak garatzeko bidean jarriko ditugu.
Bukatzeko, esan nahi dugu gure haurren oinarrizko eskubideen urraketa argi baten aurrean gaudela. Baina ez zaie inporta. Eta guri? Bada, axola badigu, defenda dezagun denon artean euskal herritar guztiontzat hezkuntza eskubidea bermatzen duen hezkuntza sistema publikoa, ume guztien garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak eskaintzen dituena, gure profesionalak lagundu eta motibatzen duen sistema. Zaindu dezagun denontzako etorkizun hobea eskaintzen digun hezkuntza, gizarte justuago bat eraikitzeko dugun altxor hori.
Hezkuntza ere atzeraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu