Duela gutxi Hezkuntza Sailak eta hainbat eragilek giza eskubideen eta bizikidetzaren inguruan agiri bat sinatu dute. Kasualitatea ote da bertan lan egiten duten langileen ordezkarien gehiengo sindikalak ez sinatzea? Gaizki hasi dira, giza eskubideen izenean mintzatzen diren horiek, bertan inplikaturiko langileen eta irakasleen parte hartze zuzena bazterrean utzi badute. Eztabaidarik gabe eta parte hartzerik gabe, goitik behera datorren ekimenak mesede gutxi egiten dio bizikidetzari.
Agiria ez dut irakurri, ez baitigute irakasleoi ezer helarazi. Beraz, ezin dut ezer baloratu. Baina, egun hezkuntzan bizi dugun errealitatea pixka bat ezagututa, horrelako ekimenak zalantzak sortzen dizkit, hitz hutsetan geratzeko arrisku handia baitauka.
Euskal Herriko Unibertsitateari
Unibertsitatean aurrerapauso handiak eman dira. Hala ere, Unibertsitatea jakintza osoaren bilgunea izanik, nola gauzatuko du agiri horrek ikasle euskaldunek edozein karrera euskaraz ikasteko duten eskubidea? Eta nola bermatuko du akordio horrek udako ikastaroa euskaraz egin nahi duen ikaslearen eskubidea? Errealitateak bestelakoa dela esaten digu. Joan den ikasturtean euskarazko azterketa batekin zer gertatu zen ikusi genuen. Duela gutxi, Hezkuntza sailburuak UEUri diru-laguntza kendu diola jakin izan dugu, hau da, EHU sortu baino lehen udan euskal unibertsitarioei euskarazko ikastaroak eskaintzen zizkion erakundeari.
Mondragon Unibertsitateari
Lan munduko euskararen egoeran astinaldi ederra eman du Mondragon Unibertsitateak, baita tresnen funtzionamenduan eta argibideetan ere. Hala ere, sinatutako akordio horrek nola bermatuko dio edozein euskal herritarri Basque Culinary Centerren euskaraz ikasteko eskubidea? Errealitatea gordina da, herritar espainol edo ingeles batek sukaldaritza bere hizkuntzan ikasteko aukera izango du, euskal herritar batek, ostera, ez. Eta Don Bosco Lanbide Heziketa ikastetxean, D ereduan matrikulatuta egon arren, hainbat arlo gaztelaniaz jaso behar dute ikasleek, oraindik irakasle euskaldunik ez delako kontratatu edota euskarazko ikaslibururik ez dagoelako.
Ehige elkarteari
Ikasleen gurasoen elkarteek egoera larria bizi badute ere, lanean diharduten gurasoek itzelezko ekarri positiboa egin diote hezkuntzari. Hala ere, sinatu duten agiriak ikasleei heziketarako eskubidea bermatuko al die, gero eta diru gutxiago inbertitzen den bitartean? Bermatuko al die eskubide hori ordezkapenik gabe pasatzen dituzten ordu horietan? Eta euskara jakiteko eskubidea, euskarari (eta ez gaztelaniari) kenduta ingelesari ordu gehiago ematen zaion bitartean? Heziketa osoaren errealitatea hauxe da: ekonomiaren eta enpresen irizpideak erabiliz, gimnastika, euskara, arte hezkuntza (plastika, musika…) gutxiagora doaz, matematika eta ingelesa indartuz. Irakasle kopurua nahita ari da gutxitzen, boterearen asmoa teknologia berria haren nahierara jartzea baita, esaterako, Lezoko eskolan laurehun ikasletik gora ordenagailurik gabe geratu dira, eskolak wifi ez erabiltzea erabaki duelako, bere autonomiaz baliatuz eta ikasle, irakasle eta gurasoen osasuna kontuan hartuz.
Ikastolen elkarteari
Ikastolek lan handia egin dute testu-liburugintzan. Hala ere, akordio horrek onartuko al du gure ikasleek eta euskal herritar orok gure herriaren historia, Nafarroaren erresumarena barnean, ezagutzeko duten eskubidea? Euskal Herriaren geografia eta mapak erabiltzeko eskubidea onartuko al du delitua izan gabe? Egun, errealitatea ez da hori, curriculumean, legez, Espainiaren historia eta geografia oinarri izanik, honen barnean Euskal Autonomia Erkidegoarenak landu behar dira, Nafarroatik, Lapurditik eta Zuberoatik bereizita. Irakasleen borondatean geratzen da Euskal Herriaren historia eta geografia lantzea.
Lokarriri
Helduen arteko bizikidetzan lan egin du Lokarrik azken urteotan. Hala ere, nola jarriko du Lokarrik bizikidetza abian eskoletan irakasleekin ez badu hitz egin eta agiria adostu? Bidaliko al dizkigu sailburua eta honen aginduak hura betetzera? Hauxe al da ikasleei erakutsi behar diegun bizikidetzaren eredua? Eskoletan, ordea, eguneroko errealitatean bizi dugu guk bizikidetza. Irakasleok ez gara perfektuak, eta okertu egiten gara, baina gure ikasleei zer den bizikidetza, zer den besteekiko errespetua, zer den lagunak izatea, zer den elkarrizketa erakusten diegu egunero, inongo agiriren beharrik gabe, zentzuz eta pentsamenduz, hala egin behar dugula uste dugulako.
Arestian esandako guztia eta gehiago gertatzen ari da egun hezkuntza arloan. Eta zuek eskubide urraketa horiek onartu eta ahalbidetzen dituen sailburuarekin sinatu duzue bizikidetzaren agiria.
Nola sina daiteke agiri bat, praktikara eraman beharko duten pertsonak, irakasleak, langileak, hauen ordezkari sindikalak kontuan hartu gabe? Zer-nolako bizikidetza da hau? Non dago besteekiko errespetua? Zergatik ez da guraso, irakasle eta ikasleen artean behetik gorako eztabaida-prozesua gertatu? Zer gertatuko da irakasle batzuek edo eskola batek agiri horrek dioenari uko egiten badiote, beren iritzia eta parte hartzea ez delako kontuan hartu?
Post-data
Gutun honek ez du idatzizko erantzunik behar, ezta desenkusarik ere. Eskubide urraketa eta bazterkeria horiek jasaten dituzten kolektiboek behar dute berehalako erantzuna, benetako bizikidetza nahi bada: eskubide urraketa horiek lehenbailehen desagertu behar dira, ez hogeita hamar urte barru, eta denon parte hartzea hasieratik bermatu behar da. Baliteke asmo ona izatea, baina eredu txarra eman duzue. Agiri horren balioa hutsaren hurrengoa izan daiteke ekimenean parte hartu ez dugun guraso, ikasle eta irakasleon iritzia kontuan hartzen ez den bitartean.
Hezkuntzan, hipokrisia nagusi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu