Mugarik gabeko telebista

Josu Aztiria eta Inaki Irazabalbeitia
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Valentziako PPren gobernua ezaguna da oso kultura katalanari dion gorrotoarengatik eta katalanaren normalizazioa eragozteko izandako ekimenengatik. Zeregin horretan grina berezia izan du TV3kiko, hots, Kataluniako Generalitatearen telebista publikoaren kontra. TV3 Valentzian ikusia izan ez dadin direnak eta ez direnak egin ditu. Atzenean, 2007an Valentziako Generalitateak debekatu egin zuen TV3ren emisioa komunitate autonomoaren lurralde-esparruan. Horretarako, herritarren eta mugimendu sozialen eraginez, Valentzian zehar ezarritako errepikagailuak ixtea agindu zuen. Errepikagailuak kudeatzen zituen Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak ez zuen agindua obeditu, eta Generalitateak indarrez itxiarazi zituen 2007ko azaroan. Accio Cultura-ri ez zitzaion doan atera beren jarrera tinkoa, 300.000 €tako isuna jaso baitzuen.

Acciok ez zuen, horratio, etsi. Valentziako herritarrek katalanezko telebista jasotzeko eta informazio-askatasunerako eskubidea bermatzeko, Acciok lege-ekimen herritar bat abian jartzea erabaki zuen. 2009an, Televisio sense Fronteres (Mugarik gabeko telebista) izeneko LEH abiatu zuen Diputatuen Kongresuan aurkezteko asmoarekin. Ekimenaren helburuak Valentziako eta katalan hiztunen esparrua gainditzen du: katalanezko, gailegozko, aranerazko eta euskal hiztunei. Honela dio proposamen legegile horrek bere lehen artikulua:

«1. Lege honen helburua da bermatzea zuzenean jaso ahal izatea irrati eta telebista autonomikoetako emisioak —erabat edo gehienbat Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean jasotako babes eremukoetan egindakoak— beste hainbat Autonomia Erkidegotan ere, baldin eta haietan era berdinean edo bertsuan badarabilte hizkuntza horietakoren bat, hain zuzen, hizkuntza horien komunikazio guneak garatzea sustatzeko asmoz».

Euskararen kasura ekarrita, Nafarroan EITBko euskarazko kanalak ikusteko eskubidea bermatzea ekarriko luke.

Ekimena Madrilgo kongresuan aurkeztu ahal izateko, 500.000 lagunen sinadurak bildu behar ziren. Sinadura-bilketaren ahaleginik handiena Herrialde Katalanetan egin bazen ere, Estatu osoko sinadurak bildu ziren. Jordi Pujol, Herribert Barrera, Antoni Tapies edo Xabier Mariscal moduko katalan ospetsuen bultzada ere aipatzekoa da. Euskal Herrian hainbat erakunderen eta eragile politikoen babesa izan zuen, hala nola, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua edo Aralar. 650.000 sinaduratik gora jaso ziren Estatu osoan. Kongresuan erregistratu zen, eta 2010ko uztailean erakunde horren erroldarako bulegoak 550.000 baleko sinadura zituela jakinarazi zuen, ondorioz lege-proposamena Kongresuan bere bidea egiten hasiko zela. Bide oztopotsua izan da. Lehen oztopoa Zapateroren gobernuak jarri zuen. Gobernuak egin beharreko txostenak ez onartzearen alde egin zuen argudiatuta eskatzen zena bermatzeak Estatuari gehiegizko kostua ekarriko ziola. Hainbat hilabeteren gorabeheren eta bileren ondoren, PSOEk jarrera aldatu eta 2011ko irailean tramitera onartu zen, PPren abstentzioarekin.

Ekimenaren ibilbideak mugarri erabakigarria izango du gaur. Diadarekin ospakizunaren egun berean, Madrilgo Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak ea proposamena aintzat hartzen duen erabakiko du. Zein izango da emaitza? Ez dirudi aurrera egiteko aukerarik izango duenik. PPren aldeko jarrera ezinbestekoa da, edo abstentzioa behinik behin. Ez dugu uste hori gertatuko denik. Batetik, PPk ez du nahi izan eztabaidaren eguna aldatzea eta Diadaren egunarekin bat ez egitea. Iaz PPk izaniko jarrera abstentzionista ere kontuan hartu behar da. Aieru ezkorrak izateko adierazgarriagoa da, hala ere, PPk Valentzian TV3rekin eta PP-UPNk Nafarroan ETBrekin izaniko jarrera historikoa, bete-betean txertatzen dena PPk Espainiari buruz eta eleaniztasunari eta kultur aniztasunari buruz duen kontrako ideologia atzerakoian. Gainera, krisi ekonomikoko garai honetan Zapateroren gobernuak esanikoak aitzakia ederra ematen die. Gaur, dena den, argituko da egoera.

Espero dena gertatzen bada, ahaleginak eta borroka ez dira une horretan amaituko. Intsistitu egin beharko da. Aralarrek konpromisoa hartzen du bideak jorratuko dituela hizkuntza koofizialetako telebista publikoak Estatu osoan libreki eta irekian ikus ahal izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.