Tortura: proposamen bat

Jon-Mirena Landa Gorostiza.
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Atzo, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu zen mundu osoan zehar. 1948ko Aldarrikapen Unibertsalaz geroztik, lehenengo aldiz gizateriaren historian, denon eskubideak, gizakiak izategatik ditugunak, aldarrikatu ziren. Aldarrikatu bai, gutxi ez dena baina, aldi berean, esan genezake aldarrikatu direla besterik gabe: alegia, ez daudela bermaturik, hainbat urraketak jarraitzen duela. Izan ere, eskubide horien aldeko borrokak, zuzenbidearen borrokak Rudolf von Ihering legegizon eta filosofo germaniar handiaren esanetan (Der Kampf ums Recht 1872), jarraitzen baitu, injustiziaren aurrean Justizia, Zuzenbidea hitz larritan, zimentatu nahian.

Aldarrikatutako eskubideen artean bada bat, tortura eta tratu txarrak ez jasotzeko eskubidea, era absolutuan laster aldarrikatu zena: hau da, inor inoiz inolaz ere ezin da torturatua izan edo tratu txarrak jaso, debekua absolutua da-eta. Hori, esaterako, ezin da ezta bizitza-eskubideaz aldarrikatu: bestea hiltzea, gure gizarteetan, noski, guztiz debekatuta egon arren, batzuetan, ordea, legebidezko defentsan kasu, hiltzea baimenduta egon daitekeelako. Tortura, ordea, inoiz ezin da justifikatu, ezta guda bezalako salbuespenezko kasuetan ere.

Eta nola dabil torturaren gaia gure Hego Euskal Herrian? Eta zehatz-mehatz tortura terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan? Portu eta Sarasola izeneko kasuan Gipuzkoako Entzutegiak fundamentuzko epaia (2010eko abenduaren 30ekoa) eman zuen, lehenengo aldiz Zigor Kode berriaren ikuspegitik, tortura delitua (art. 174 ZK) aplikatzen zuena, Guardia Zibilak egindako torturak zirela-eta hain justu ere. Epaiak oso landuta eta lotuta utzi zituen frogatutzat jotzen ziren egitateak, goreneko auzitegiak berrikusteko orduan hura izango baitzen, zalantza barik, gairik garrantzitsuenetakoa. Eta hala suertatu zen, Auzitegi Gorenak, 2011ko azaroaren 2ko epai baten bitartez, ETAk ematen omen dituen torturak salatzeko orientabideei helduta, froga nahikorik ez omen zegoela ebatzi zuen, erruztatuen guztien delituen kondenak ezereztuz.

Estatu espainarrean 1978ko Konstituzioa onartu zenez geroztik, 14 kondena irmo (alegia, behin betikoa, berrikusi ezin dena) besterik ez dira, ETAkide eta ustezko ETAkideen aurkako operazioetan izandako polizien torturak direla kausa. Hamalau soilik. Gainera kondenak arinak izan ziren, lehengo (1973koa) kodearen zigorrak arinak zirelako eta, dena dela, indulto ugari izan dira kondena kasu horietan (12 indulto behintzat izandako kondenatuen kasuetan). Azken kondenak, 2003ko azaroaren 13koak, Auzitegi Gorenaren epaiak, tortura kasu bat berresten du, Zornotzan 1980an! gertatu ziren egitate batzuen gainean. Hortaz, Estatu espainiarrean inoiz ez da aplikatu, ETAren borrokaren testuinguruan, 1995eko Kode penal berriaren tortura delitua, askoz zigor gogorragoak dakartzana (presoaldia eta erabateko desgaikuntza) bere 1973ko aurrekaria baino. Gainera, torturak onartu ziren hamalau kasuetan, zein egitate ari ziren epaitzen kontuan hartuz gero, gehienak 1979 eta 1984 bitartean gertatu ziren (14etatik, 13, alegia: denak Kepa Urraren kasua izan ezik). Epaileek gai honetan ezarri duten egia judiziala benetako egia balitz, horrek esan nahiko luke Hego Euskal Herrian tortura bakarrik 14 aldiz-edo gertatu dela, eta funtsean 1985etik aurrera ez omen dago torturarik ETAren kontrako operazio edota atxiloketetan.

Demokraziarik garatuenetan ere tortura dago, baina tortura maila «arrunta» izendatzeko esamolde teknikoa zera izaten da: tortura-kasu «isolatuak» gertatzen direla. Ez dago, beraz, Estatu bakar bat tortura kasurik gabe, zoritxarrez. Kasurik onenean tortura «isolatuak» topa ditzakegu. Estandar hori, ordea, ez da lortzen terrorismo-fenomeno edo Estatu-interesak auzitan jartzen diren fenomeno bati aurre egiten zaion lekuetan, orduan tentsioa igo eta horren ondorioz Estatuaren gehiegikeriak gora jotzen baitu. Beno, ba Estatu Espainiarrean 33 urteetako kontraterrorismoaren kronikan 14 kondena ditugu eta duela 25 urte-edo ez dago batere kasu ofizialik. Hori sinistuko bagenu Espainia mundo osoan dagoen herrialderik onena izango litzateke torturarik gabeko estandarrei begira!

Torturaren egoera kontrolatzen duten erakunde ofizialak (Nazio Batuen Batzordeak, Europako Batzordeak) eta ez-ofizialak (Amnesty International-ek, Human Rights Watch-ek), ukaezinezko prestigiodunak, guztiak, urteetan behin eta berriro bat datoz: Espainian tortura dago eta 90 eko hamarkadaz geroztik sistematikoa izan ez bada ere, ez da isolatua: «era isolatuz baina ohikotasun gehiagoz» gertatzen da.

Tortura, hortaz, ukaezina da, barne sail guztiek, aitzitik, Espainiakoek zein Euskadikoek, konstituzio ondorengoek eta aurrekoek, guztiek, beti ukatu badute ere.

Poliziak milaka dira eta, sinetsita nago, gaur gehiengoa profesionala dela, torturaren jardunetik beste muturrean. Baina gutxi batzuek aurrera daramate torturaren jarduna eta beraien gaineko aginte-katean beste batzuek hori estaltzen dute, Justizia-administrazioak, salbuespen gutxi batzuekin (horra hor Gipuzkoako Entzutegiaren epaia kasu) beste aldera begiratzen ari dela. Eta kontuz beste aldera begiratzearena ez da nire iritzia soilik: azken bi urteotan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bitan kondenatu du Espainia tortura bi kasu ez ikertzeagatik (San Argimiro Isasa kasua 2010ean eta Beristain kasua 2011n). Baina baita Konstituzio Auzitegiak (Majarenas kasua 63/2010 Epaian), Auzitegi Gorenak (483/2011 Epaian) edo Entzutegi Nazionala berak (Egunkaria-ren kasuan) gauza bera berretsi dute: alegia, instrukzioan ez dela ikertu nahi izaten eta horrela ez dagoela modurik tortura frogatzeko.

Zer egin egoera honen aurrean? ETAk behin betiko jardun armatua utzi duela aldarrikatu ondoren eta Euskal Herrian bakegintza beste fase batean murgildurik, gai honi heldu beharko zaio. Ez da posible izango egin den kalte itzela guztiz konpontzea. Justizia-administrazioak egin ez duen lana ezin da orain guztiz ordeztu. Baina Justiziak galdatzen du arazoa aitortzeko. Nork eta Estatuak aitortu behar du hor egindako giza-eskubideen urraketa argia. Hori bideratzeko mekanismo extrajudizial bat sortu beharko litzateke, kasu zehatzen gainean ebaluazio independente bat aurrera eramateko. Zientzia mediku-forense lagun, egingarria izango litzateke eta beste herrialdeetan bada eskarmentua (Txileko Valech izeneko txostena kasu). Horrela torturatuei aukera emango litzaieke egia ateratzeko eta era horretan kaltea hein batean konpontzen hasteko. Eusko Jaurlaritzak esku artean duen Dekretotan, batzuek modu despektiboan deitzen duten «beste biktimen» izenekotan, horrelako mekanismo bat sortzeko aurkera eduki badu, gure herriaren zati beltz hau argitzen hasteko.

Barne sailek hain garbi badute torturarik ez dela, zeri diote beldur?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.