Guardia zibilek zeharo inguratua, zauritua eta ihes egiteko inongo aukerarik gabe, Joxe Antonio Garmendia Tupa etakidea bere buruaz beste egiten saiatu zen, 1974ko abuztuaren 28an, Donostian. Bera bezalako edozein etakide liberatuk bazekien, ederki jakin ere, bizirik harrapatuz gero oso nekez eutsi ahal izango ziela torturei. Horregatik saiatu zen torturaz beste egiten, aitorraraziko zizkioten datu garrantzitsuak betirako beretzat gordetzeko.
Tiro bat buruan, luzaz egon zen koman, torturatzaileak bertatik atera zain zituela. Atera zen azkenik, eta orduan erauzi zizkioten bizia emanez babestu nahi izan zituen datu garrantzitsu haiek. Tartean, Anjel Otaegiri buruzkoak, zeina berehala atxilotuko zuten.
Azpeitiko guardia zibil oso ezagunaren kontrako atentatua burutzeko laguntza emana zion Anjelek, eta auzitegi militar frankista batek atentatu harengatik kondenatu zituen biak heriotza zigorrera. Anjel fusilatu egin zuten, Txikirekin batera. Tupa azken orduan libratu zen, bere osasun egoera tamalgarriagatik. Gaur egun, gurpil-aulki batean dago buruko zauri ikaragarri haren eraginez.
Ramon Saizarbitoriak Hamaika pauso nobelan hala dio Tupak orduan harturiko erabaki heroikoari buruz: «Gazte batek bere burua guardia zibilei entregatzea baino heriotza nahiago izateak adieraziko luke, besteak beste, haiengandik heriotza bera baino erantzun ikaragarriagoa espero zuela».
Beste hau ere badio Saizarbitoriak aipatu eleberrian: «Suizidioa arbuiagarri gertatzen delako, eta propagandak herrikoa denean ere mezu primario eta sinplea behar duenez —eta suizidioaren eduki existentzialista ez da sinplea—, hilketaren tesia zabaldu zen».
Bai, hala gertatu zen, eta badirudi oraindik ere erreparoak ditugula Tupak hartu zuen bezalako erabaki heroikoei duten balio izugarria eman eta goraipatzeko, gaur egun suizidioa gure artean ez bada ere orduan bezain arbuiagarri.
Tupa torturaz beste egiten saiatu eta urtebetera, Agurtzane Juanenak antzeko erabakia hartu zuen. Irakasletza ikasten zebilen 18 urteko neska hura ere etakidea zen Franco hiltzear zen hartan; torturen bidez lagunen izenak erauziko zizkioten ikaraz, bere burua Donostiako Gobernu Zibileko leiho batetik bota zuen, eta zauri izugarriak jasan zituen. Hogeita bost urte geroago eman zuen orduan gertaturikoaren testigantza hunkigarria Esan gabe neukana liburuan.
Hara, adibidez, 66. orrialdean dioena: «Nahiago hil, berriz hartatik pasa behar izatea baino. Ez dakit nola egongo nintzatekeen orain ihes egin ahal izan ez banu. Ez dut uste orain idazten ari naizen bezala idazteko gauza izango nintzatekeenik, ez dut uste adorerik edukiko nukeenik kontatzeko. Hamabi ordu komisarian, hamabi ordu besterik ez... nekez idazten dut hala ere».
Frankismo garaian halako dezente gertatu ziren. Batzuetan, Agurtzaneren kasuan bezala, argi geratu zen atxilotuek berek harturiko erabaki latza izan zela, torturari kosta ahala kosta ihes egin nahian. Beste batzuetan, ordea, torturaz beste egitearen ondorio ez, baizik eta erailketa hutsak izan zirela dirudi.
Esate baterako, Madrilen 1969an gertaturiko oso kasu sonatua, Enrique Ruano ikaslearena. Poliziaren arabera, etxe-miaketa bat egiten ari ziren bitartean, zazpigarren solairuko leiho batetik bota omen zuen bere burua. Antifrankista guztiek zeharo ukatu zutena. Dena den, bere kabuz harturiko erabaki heroikoa izan edo torturatzaileek zuzenean buruturiko erailketa, nabarmena da bi kasuetan torturaren biktima izan zela, Estatu terrorismoarena.
Franco hil zen, ohean hil ere, baina halakoak ez ziren inolaz ere amaitu. Ez ahaleginak ezta azken bururaino eramandakoak ere. Mikel Arrastiaren kasua lekuko. Goizaldeko ordu txikitan atxilotu nahi izan zuten guardia zibilek haren Errenteriako etxean, 1988ko ekainean. Mikelek, ohartu, eta ihesari eman nahi izan zion, baina, azkenik, inongo ihesbiderik gabe, torturaz beste egitea erabaki zuen, leihotik amilduz. Ospitalerako bidean hil zen.
Hor dago ere, adibidez, Xabier Kalparsorori gertatua, justu Gurutze Iantzi Guardia Zibilaren kuartel batean «bihotzekoak jota» hil zen egun berean. Poliziek 1993ko irailean atxilotu eta Indautxuko komisarian zutela, Xabierrek irekita zegoen leiho batetik bota omen zuen bere burua, bertsio ofizialaren arabera.
Batere sinesgarritasunik ez zuen bertsioa izanik ere (poliziek eskainitako garagardo bat edaten ari omen zen une hartan!), berriro diot berdin-berdin diola Poliziak esandakoa egia edo zeharo gezurra izatea. Torturaz beste egiteko erabaki heroikoa hartu ala ez, torturaren biktima izan zen, Estatu terrorismoarena.
Kartzelan hildako presoak ere halaxe dira, torturaz beste egindakoak izan edo ez. Izan ere, etakideek bahituriko norbait haien esku zegoen bitartean hil balitz, bihotzekoak jota edo dena delakoagatik, inork zalantza izpirik al du terrorismoaren biktimatzat hartua izango zela? Oso biktima garrantzitsutzat, gainera.
Ikusi besterik ez Luis Miguel Allende mediku-dentistarekin gertatua. Hamar egunez izan zuen ETApm-k bahitua 1982an. Zortzi hilabete geroago hil zen, minbiziak jota, eta terrorismoaren biktimen zerrendan dago, epaile batek minbizia bahiketan jasandako estresarekin lotu zuelako.
Sakabanaturiko euskal preso politikoek urtetan jasan behar izaten dituztenak hain latzak izanik, batzuek bizitzarekin ordaindu dute, eta ez dira gutxi izan azken hatsa torturaz beste eginez eman dutenak. Tartean, Joxe Mari Aranzamendi Katxue laguna, beti bihotzean eramango dudana, behin baino gehiagotan bortizki torturatua eta depresioak jota zegoena.
Halakoetan, izugarri gogorra izaten da espetxeko errealitate krudelari aurre egitea, tortura hutsa, eta, azkenik, 1997ko otsailean, torturaz beste egitea erabaki zuen. Gutun batean azaldu bezala, etsaien jostailu bihurtzeko ikaraz, burua zeharo galdu aurretik nahiago izan zuen erabaki latz bezain heroiko hura hartzea. Bere duintasunari kosta ahala kosta eusteko hartu ere, beste hainbat lagunek bezala. Agur eta ohore guztiei.
Torturaz beste egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu