Zorionak maitasunez

Iñaki Uria.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Maitasun istorioa, zorionez. «Pentsa zenbat maite zuten Egunkaria, urtero festa antolatzen ziotela urteurrena ospatzeko eta tarta handi bat ere egiten zutela bertan» gogoratu zigun Onintza Enbeitak gaurko egunez epaiketa zain ginela, Egunkaria-ren urteurren ekitaldi batean.

Halaxe da. Donostiako Belodromoa betetzen genuen Euskaldun Egunkaria-ren urtebete bakoitza ospatzeko. Asko maite genuen. Bistan da.

Egun, arraroa egiten zait sortze eguna ospatzea. Sorrerakoari heriotza data gailendu zitzaionez geroztik, Belodromo hustuan lagun bila noa hogeita batgarrena ospatzeko.

Argia zahar hartako kide beti gazteak topatu ditut lehendabizi, Joxemi Zumalabe zena buru eta bihotz genuela. Hamar urtez sutan goritu ondoren gai izan ginen Euskaldunon Egunkaria erditzeko. Orduan ere baziren krisiak. Ekonomikoak, politikoak eta bestelakoak. Orduan ere baziren ezinak: «irakurlerik ez dago», «kazetaririk ez dago», «dirurik ez dago…». Eta, bitxia iruditu arren hasiberriei, orduan ere baziren oztopoak: «Egunkaria-k publikoa izan behar du», «Egunkaria EITB bezalako talde indartsu baten barruan egin behar da». Gaur bezalako egun batez, Euskaldunon Egunkaria sortu bezperan aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Durangoko Azokan, Egunero, egunkari publiko horrek izan nahi zuenaren eredua.

Hogeita bat urte ondoren, orduko krisiak, ezinak eta oztopoak gainditzeko Argia-ko ekipo txikiak izan zituen argitasuna, adorea eta indarra miresgarriak egiten zaizkit, eta gaur egun ageri diren euskal kazetari kopuru handi eta aurrekontu milioi handikoen aurrean, faltan botatzen ditut.

Argitasuna erakutsi zuen ekipo hark bere mugak zein ziren ohartu eta euskalgintzako eragile ezberdinen artean elkarlana sustatzeko. Eusko Jaurlaritzan zuzendari zen bitartean gure kritika gogorrak —dimisio eskaera publikoak tartean— jasan zituen Martin Ugalde gurekin etorri zen Egunkaria Sortzen sortzera. Pentsa daiteke ez zela erraza gertatuko berarentzat, ez eta guretzat ere. Baina ez da horrela. Erraz egin genuen bidea. Guk bezain ondo zekien Martinek Eusko Jaurlaritzak ez zuela sekula Euskaldunon Egunkaria-rik egingo. Egunkaria sortzeko indarra non zegoen ikusi zuen.

Argitasun handia izan zuen Joxemi Zumalabek Joseba Jakarekin batera Elkarren eta argitaletxe ezberdinen sinergiak Egunkaria Sortzenera erakartzen. Horretara erakarri genituen AEK, Ikastolak, Unibertsitate eta Egin-eko zenbait eragile ere. Euskalgintzako eragile ezberdinak, merkatuan elkarren lehiakide zenbait arlotan, gai izan ziren euskararen aldeko egitasmo berri eta handi bat martxan jartzeko: Egunkaria Sortzen. Aurretik aipatutako oinarri denak gabe ez zen Egunkaria Sortzen-ik izango, baina aurreko denak mahai gainean ipini eta Egunkaria Sortzen sortu ez balitz Euskaldunon Egunkaria-rik ere ez zen izango. Argiako ekipo bizia 70 laguneko plataforman urtu zen eta urak irekitan gora egin zuen, herriz herri Egunkaria sortzeko taldeak osatuaz.

Adore handia behar zen aipatutako krisi, ezin eta oztopoak gainditzeko. Gaztetasunak eskainitako indarra ezinbesteko gertatu zitzaigun ezbai-gabe. Hala nola gaztearen ausardia, harrotasuna, eta freskotasuna Egunkaria-ren Sorrera eguna, gaurko eguna, Dia de la Constitucion de Egunkaria izendatzeko. Euskararen aldeko haziaz gain Euskal Herriaren hazia ere bazegoen tinta usain eder hura zuen lehendabiziko Euskaldunon Egunkaria hartan. Espainiako Konstituzioaren aurrean, euskaldunok gure Konstituzioa idazten hasi ginen eguneroko batean. Geure buruari libre ginela esaten hasi ginen. Nazioa osatzen genuela. Munduaeuskaldunon begiz ikusi eta euskaraz idazten genuela. Krisi, ezin eta oztopo guztiei papera eta tinta ipini genizkien argitasun, adore eta indar handiz.

Tokatu izan zaigu sufritzea. Sakon eta asko. Jakina. Batzuk,geure haragitan ordaindu dugu Espainiako Estatuaren nagusikeria. Euskaldunok hilotz ikusi genuen hamahiru urte bete berri, orain hogeita bat sortutakoa. Ikara sartu ziguten neke handiz eta maitasun handiagoz sortutakoa hain erraz bota zezaketela erakutsiz. Garbiago ikusi genuen, Nazioaz gain, gure Konstituzioa ere behar genuela euskaldunok, hogeita batgarren mende honetan irauteko.

Bilaren bila, garai batean Anoetako belodromoan goritutakoberotasuna sentitu dut azkenean. Milaka eztarri eta bihotz batera kantari. Egunkaria-ren sortze maitasuna milaka euskal herritarron artean ospatu eta partekatu genuen urtea joan eta urtea etorri. Zorionez eta maitasunez.

Hogeita batgarrenean, izparringi zaharrean bezala gaurko egunkari BERRIAn ere Zorionak! handi bat idatzita geratuko da. Maitasunez.

Zorionak Egunkaria! Zorionak Euskal Herria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.