Israelen eta AEBen bonbardaketek eragindako «giza hondamendia» salatu dute
*Irango lider berriaren aukeraketan parte hartu behar lukeela esan du Trumpek.
*Teheranek ohartarazi du gogortu egingo duela erasoaldia.
*Kaukasoraino hedatu da gatazka.
Israelek NBEren gune bat bonbardatu du Libanon, eta Ghanako zenbait soldadu zauritu
Israelek NBEren eraikin bat bonbardatu du Libano hegoaldean. Gune horretan Ghanako zenbait soldadu zeuden, eta horietako bi egoera kritikoan dira. Misilek eraikina erabat birrindu dutela salatu du Libanoko presidente Joseph Aounek.
Etxe Zuria, Iran gobernatzeko «hautagaien» bila
Kazetarien galderei erantzunez, AEBetako Gobernuko komunikazio arduradun Karoline Leavittek esan du Washington hautagai bila ari dela Iran gobernatzeko: «Badakit gure inteligentzia agentziek eta AEBetako Gobernuak aztertuak dituztela zenbait pertsona, baina ez dut gehiago esanen».
Aurretik, Donald Trump AEBetako presidenteak esan du ez duela adostasunik edo akordiorik bilatuko Irango Gobernuarekin, «baldintzarik gabeko errendizioa ez bada». Horri buruz ere galdetu diote kazetariek Leavitti: «Iran Amerikako Estatu Batuentzako mehatxu bat ez den unean, eta Epic Fury operazioaren helburuak erabat beteta daudenean, herrialde hori baldintzarik gabeko errendizio egoeran egonen da, eta hori Trump presidenteak erabakiko du, Iranek publikoki onartzen ez badu ere».
Israelek dio «Hezbollahren aginte guneei» eraso egin diela Beiruten
Al Jazeera telebista katearen arabera, Israelgo armadak bere gain hartu du Libanoko hiriburuko hegoaldeko Dahieh auzunean eginiko bonbardaketa. Agiri batean adierazi du «Hezbollahri eta Irango armadari lotutako aginte guneei» eraso egin diela.
Israelek Dahieh ebakuatzeko agindua eman zuen atzo, eta milaka desplazatu eragin ditu.
Guterres: «Gelditu borroka eta heldu negoziazio diplomatikoei»
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek «borroka gelditzeko eta negoziazio diplomatiko serioei heltzeko» galdegin du gaur, X sare sozialean. «Ekialde Hurbilean gertatzen ari diren erasoek sufrimendu eta kalte izugarria eragiten diete eskualde osoko zibilei, eta arrisku larria dira munduko ekonomiarentzat, bereziki, pertsona zaurgarrientzat». Edozein unetan egoerak «gainezka» egin dezakeela azpimarratu du.
Errusiak elkartasuna adierazi dio Irani
Errusiako atzerri ministroaren albokoa, Andrei Rudenko, Iranek Moskun duen enbaxadan izan da gaur, eta elkartasuna adierazi dio Irango herriari, Ali Khameneiren hilketa dela eta. Errusiako Gobernuak ohar bidez adierazi du Rudenkok «Sergei Lavrov ministroaren izenean» egin dituela adierazpen horiek.
Rudenkok txarretsi egin du AEBek eta Israelek eginiko erasoaldia, eta baita «estatu subirano bateko gobernukideen hilketa» ere. Azkenik, elkartasuna adierazi dio Irango herriari, Errusiako Gobernuaren izenean.
Brent upela %30 garestitu da astebetean
Brent petrolio upela %30 inguru garestitu da astebetean, Donald Trumpek Iranen aurkako eraso militarrari ekin zionetik. Europako findegien erreferente gisa erabiltzen den Ipar Itsasoko petrolioaren etorkizuneko kontratuak 92 dolarretik gora salerosten ari dira ICE Londresko merkatuan gaur arratsaldean; aldiz, iragan ostiralean 70,9 dolarrean salerosi ziren. Gaur bertan %8 inguru garestitu da upela.
Gatazkak zenbat iraungo duen ez jakiteak eta Iranek Ormuzko itsasartea itxi izanak kezka eragiten du, eta petrolio hornidura etengo den beldur dira merkatuak. Saad al Kaabi Qatarreko Petrolio ministroak Financial Times egunkariari onartu dio eskualdeko gas eta petrolio ekoizleak hornidura eten beharko dutela gerraren ondorioz, eta horrek are gehiago hauspotuko ditu prezioak. Kasu horretan, 150 dolarrera irits daitekeela diote adituek.
Irango Osasun Ministerioa: «Bonbek 200 haur baino gehiago hil dituzte Iranen»
AEBen bonbardaketek eragindako biktimei buruz hitz egin du Irango Osasun Ministerioko bozeramaile batek, X sare sozialean. Haren arabera, 18 urtetik beherako 200 haur baino gehiago hil dira herrialdean, bonbardaketak hasi zirenetik. Biktima gazteena zortzi hilabeteko ume bat da. Osasun Ministerioko bozeramaileak esan du oraingoz ez dutela hildako guztien datu zehatza.
Uneotan, 2.000 zauritu baino gehiago daude Irango ospitaleetan. Horietatik, 552 adingabeak dira, eta gazteena lau hilabeteko ume bat da. Ministerioko eledunak gaineratu du erasoaldi honek Irango osasun sistemari eragiten diola bete-betean: «Zortzi osasun langile hil eta hogeita hamar zauritu dituzte, eta 11 ospitaleri eraso egin diete misilekin».
Bahraingo erresumaren aurkako erasoa aldarrikatu du Irango armadak
Tasnim berri agentziaren arabera, Irango armadak AEBetako base militar bati eraso egin dio Bahrainen, eta «heriotzak eta zaurituak» eragin ditu —ez dute datu zehatzik eman—.
Bestalde, Centcom AEBetako armadak Ekialde Hurbilerako duen Komandantzia Nagusiko buru Brad Cooperrek esan du erasoa Bahraingo etxebizitzen aurkakoa izan dela, eta Iranen asmoa zela «zibilak hiltzea». AEBetako buruzagi militarraren arabera, erasoa «onargaitza» da, eta Washingtonek «erantzun» eginen dio.
Israelen aurkako zenbait eraso bere gain hartu ditu Hezbollahk
Al Jazeera telebista kateak jakinarazi duenez, Hezbollahk bere gain hartu ditu Israelen aurkako zenbait eraso. Alde batetik, miliziak bi suziri sorta jaurti ditu Malkia eta Ramot Naftali hirien aurka; lehen suziriak Malkian erori dira 10:00ak aldera, eta bigarren multzoa, Ramot Naftalin, 15:00etan.
Bestalde, Hezbollahk droneekin eraso egin die Israelgo armadaren bi baseri: lehen erasoaldia Safad hiritik gertu izan da, eta bigarrena, okupatutako Golango gainetan, Siriako hego-mendebaldean. Miliziaren arabera, Israelen bonbardaketen erantzun gisa egin dituzte erasook.
Israelgo Gobernuak onartu du Hezbollahk 70tik gora suziri jaurti dituela gauerdiaz geroztik.
Israelek eragindako desplazatuen «hondamendiaz» ohartarazi dute
NBEko Migraziorako Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du Siriako 50.000 errefuxiatu inguru ihesean direla uneotan, Israelek Libanon eginiko azken bonbardaketen ondorioz. Izan ere, errefuxiatu horiek Beirut hegoaldean hartua zuten aterpe, baina zona horiek berehala ebakuatzeko agindua emana du Israelek.
Datu are kezkagarriagoak eman ditu NRC Norvegiako Errefuxiatuen Batzordeak. Erakunde horren esanetan, Israelek Libanon eginikoa «hondamendi humanitarioa» da, eta eskatu dio bertan behera utz ditzala «ebakuazio masiborako aginduak», iritzita ehunka milaka desplazatu eragin dituela eta are gehiago izanen direla datozen egunetan. NRCren estimazioen arabera, 300.000 pertsona inguru desplazatu dituzte Libanon, Israelek herrialde horren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik.
217 hildako eta ia 800 zauritu Libanon, Israelen bonbardaketetan
Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, Israelek herrialdean eginiko bonbardaketek 217 hildako eta 798 zauritu eragin dituzte astelehenaz geroztik. Bart gauean, esate baterako, Israelek bonba gehiago jaurti zituen Libanoko hiriburuan, Beiruten. Israelen arabera, «Hezbollahren azpiegituren aurkako erasoaldia» izan zen.
Irakeko eta Kurdistango buruzagien arteko bilera
Irakeko lehen ministro Mohammed Xia al-Sudanik eta Iraken menpeko Kurdistango buru Netxirvan Barzanik telefono bidezko bilera izan dute gaur, Irango gerrari lotutako gertakariez hitz egiteko. Irakeko Gobernuak eman du horren berri, X sare sozialean.
Bi buruzagiek txarretsi egin dituzte azken egunetako erasoak, hala Iraken nola Kurdistanen gertatutakoak, eta —Irakeko Gobernuaren arabera, betiere— «konpromisoa» agertu dute «lurraldea bihur ez dadin inguruko herrialdeei eraso egiteko plataforma». «Batasun nazionalaren beharra» aldarrikatu du Bagdadek, herrialde osoan «segurtasuna» bermatze aldera.
Trumpek esan du «milaka pertsona» aterarazi dituela Ekialde Hurbiletik
Truth Social sare sozialean argitaratutako beste mezu batean, AEBetako presidente Donald Trumpek esan du AEBetako Estatu Departamentuak «milaka pertsona» atera dituela jada «Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetatik».
«Lasai, zaratarik atera gabe, baina arazorik gabe» eginiko lana dela nabarmendu du Trumpek, eta Marco Rubio estatu idazkaria txalotu du. Hain zuzen, Etxe Zuriak atzo iragarri zuen 20.000 estatubatuar itzuli direla AEBetara azken egunetan, eta hegaldi gehiago prestatzen ari dela horretarako.
Trump: «Baldintzarik gabeko errendizioa ez bada, ez dugu ezer adostuko Iranekin»
Donald Trumpek, AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, Iranen aurkako oldarraldi militarrari buruzko adierazpenak egin ditu bere sare sozial propioan, Truth Social izenekoan. Plataforma horretan, Trumpek esan du Washingtonek ez duela Iranekin ezer adosteko asmorik, «ez bada [Iranen] baldintzarik gabeko errendizioa».
Horren ostean, zera idatzi du: «[Errendizio] hori lortu ostean, eta buruzagi handi eta onargarri bat hautatu ondoren, guk, eta gure aliatu eta bazkide zoragarri eta ausartetako askok, tai gabe eginen dugu lan, Iran hondamendiaren ertzetik salbatzeko, ekonomikoki inoiz baino handiagoa, hobea eta indartsuagoa izan dadin». Bukatzeko, bere lelo ezagunena moldatu du: «MAKE IRAN GREAT AGAIN» (egin dezagun Iran handi berriro).
Irango eskolaren aurkako erasoa gerra krimen gisa ikertzeko eskatu dute NBEren zenbait adituk
Minab hiriko eskolaren aurkako erasoaldia gerra krimen gisa ikertzeko galdegin dute giza eskubideen alorreko zenbait adituk. Eskaera egin dutenen artean dago Mai Sato, Nazio Batuen Erakunderen Iranerako kontalaria. Adierazpen bateratu bat argitaratu dute adituek, eta bertan, gogorarazi dute hezkuntza eraikinen aurka nahita eginiko erasoak gerra krimenak direla Erromako Estatutuaren arabera: «Jardunean den ikastetxe baten aurkako eraso bat, eskola orduetan eginikoa, kezka larrienak pizten ditu nazioarteko zuzenbideari dagokionez, eta berehala ikertu beharko litzateke era independentean eta eraginkorrean».