Donald Trumpentzat ez da aski Iranen erregimen aldaketa behartzea, buruzagi berriaren aukeraketan ere parte hartu nahi du. «Denbora galtzen ari dira. Parte hartu behar dut izendapenean, Venezuelan Delcyrekin [Rodriguez] egin bezala», esan du Axios hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.
AEBetako presidenteak ohartarazi ere egin dio Teherani hurrengo aiatola ezin zitekeela izan Ali Khameneiren semea, ez eta ere joan den larunbatean hildako buruzagiaren politikak jarraituko dituen inor, hala balitz, AEBek beste gerra bat hasiko lukeelako «bost urtean».
Bestalde, Iranek ukatu egin du Turkiara misil bat jaurti izana, eta herrialde haren subiranotasuna errespetatzen duela esanez erantzun die akusazioei. Izan ere, Turkiak salatu zuen atzo Iranen misil bat eraitsi zutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aireko defentsa sistemek, eta ohartarazi «edozein ekintzari erantzuteko eskubidea» dutela.
Iranek Turkiara misil bat jaurti izanak are gehiago nahasi zezakeen nazioarteko egoera geopolitikoa. Izan ere, Turkia NATOko kidea da, eta, erakunde horren bosgarren artikuluaren arabera, aliatu baten aurkako erasoa «aliatu guztien aurkakoa» da, eta horrek «defentsarako eskubide zilegia» aitortzen dio NATOri. Bada, Mark Ruttek gaur adierazi duenez, gertaera «larria» da, baina baztertu egin du bosgarren artikulua aplikatzea. «Gaur-gaurkoz, inork ez dauka bosgarren artikulua mahai gainean».
Ruttek gaineratu du NATO ez dagoela zuzenean AEB Ameriketako Estatu Batuen, Israelen eta Iranen arteko gerran sartuta, baina AEBei «funtsezko laguntza» ematen ari dela. «Badakigu Iran misilak sortzeko gaitasun nuklearra eskuratzear zegoela. Trump babesten dugu Iranen ahalmen arriskutsu hori ezabatzeko gaitasuna duelako».
Baina nazioartea Turkiara begira zen bitartean, Kaukasora zabaldu da gerra. Hainbat dronek Iranekin mugan dagoen Azerbaijango aireportua jo dute gaur goizean. Azerbaijango Defentsa Ministerioak Irani egotzi dio erasoaren erantzule izatea: «Irango Islamiar Errepublikak dauka gertatu den horren erantzukizun guztia», zabaldu dute ohar batean. Iranek, ordea, ukatu egin du ekintza horrekin zerikusia duela. «Herrialde guztien subiranotasuna errespetatzen dugu, batez ere herrialde musulmanena eta auzokoena», adierazi du Irango armadak.
Baina argudio hori ez da aski izan Azerbaijanentzat, eta neurriak hartzeko eskatu du hango presidente Ilham Aliyevek: «Iranek azalpen ofizial bat zor dio Azerbaijani; barkamena eskatu behar du, eta bermatu erasotzaileek zigorra jasoko dutela. Erantzuleak lehenbailehen eraman behar dira justiziaren aurrera». Jakinarazi du bilera bat eskatu diola Irango enbaxadoreari horri buruz jarduteko.
Astelehenean antzeko gertakari bat izan zen Zipren. Erresuma Batuak Mediterraneoko uharte horretan duen base militar bat jo zuen drone batek. Horren harira, Europako hainbat herrialdek gerraontziak bidali dituzte Ziprera. Gaur Londresek ziurtatu du drone hori ez zutela Irandik jaurti. Defentsa Ministerioak kaleratutako ohar batean adierazi dute hori.
Kurduei eraso
Irango indarrek eraso egin diete Iraken menpeko Kurdistango hainbat kuarteli. Argudiatu dute AEBek milizia kurduak armatzeko asmoa zutela, Iranen infiltra zitezen. Hori dela eta, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko buru Ali Lariyanik ohartarazpen bat egin die kurduei eta oposizioko kideei: «Ez dugu tolerantziarik izango. Talde separatistek ez lukete aukera gisa hartu behar egungo egoera».
Horren harira, Iraken menpeko Kurdistango administrazioak ukatu egin du erasoetan parte hartuko duela. «Ez dugu parte hartuko gure herritarren biziari eta segurtasunari kalte egiten dien gatazka batean edo ekintza militarren areagotze batean», esan dio Netxirvan Barzani eskualdeko presidenteak Reuters berri agentziari. Gainera, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak atzo adierazi zuen «guztiz faltsua» dela AEBek talde kurduak armatzeko asmoa daukatela.
Bestalde, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik X sare sozialean idatzi du AEBek «ankerkeriaz» jardun zutela atzo, Iranen gerraontzi bat hondoratu baitzuten Indiako ozeanoan, eta gutxienez 87 soldadu hil —guztira 130 soldadu zeuden ontzian erasoa gertatu zenean—. «AEBek aurrekari bat ezarri dute, eta gogotik damutuko dira».
Irango Guardia Iraultzaileak, berriz, gaur adierazi du Ormuzko itsasartea —munduko petrolio guztiaren %20 igarotzen da handik— errepublika islamiarraren esku dagoela «nazioarteko legeen arabera», eta ohartarazi du eskubidea daukala ezarrita dauden protokoloak betetzen ez dituzten ontziei eraso egiteko. Bada, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri du «eskoltatu» egingo dituztela itsasartean diren ontziak. Hori baino lehenago, Guardia Iraultzaileak adierazi du AEBetako petroliontzi bati eraso egin diola Persiar golkoan, eta ontziak su hartu duela.
1.332AEBek eta Israelek egindako zenbat eraso erregistratu dituzten Iranen bonbardaketak hasi zirenetik. Irango Gurutze Gorriak adierazi du AEBetako eta Israelgo armaden 1.332 eraso erregistratu dituztela Iranen, larunbatean bonbardaketa abiatu zutenetik. Horrez gain, Tasnam albiste agentziak jakinarazi du jada 1.230 direla eraso horietan hildakoak.
Horrez gain, Iranek erasoak egin ditu gaur goizean Israelen, bertako armadak adierazi duenez. Bitartean, Tel Avivek jarraitu egin du Teheranen eta Beiruten eraso egiten. Beirut hegoaldeko zenbait auzo bonbardatu ditu gaur goizean. Hezbollah talde xiitaren gotorlekuetako bat da eremu hori. Tel Avivek auzune horiek husteko agindu du. Aurrez, Israelgo armadaren bozeramaile Effie Defrinek prentsaurreko bat eman du, eta Libano hegoaldeari eraso egiten jarraitzeko asmoa daukatela baieztatu. Horregatik, «berehala ihes egiteko» esan die Israelgo armadak bertako herritarrei. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, astelehenetik gutxienez 102 lagun hil dituzte herrialde horretan egindako erasoetan. Gaur Tripolin (Libano) Hamaseko buruzagi bat hil duela ziurtatu du Israelek.
Bestalde, X sare sozialaren bidez, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baqaeik AEBei eta Israeli leporatu die eremu zibilen aurka «nahita» egitea. «Gure herritarrak modu basatian hiltzen ari dira; zibilei nahita erasotzen diete, ahalik eta sufrimendu handiena eta ahalik eta hilketa gehien eragiteko». Iranen gutxienez 1.230 pertsona hil dira jada AEBen eta Israelen erasoen ondorioz.