Eguzki izpiak lagun izan zituzten igandean Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Urte luze batez aritu dira aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen Andra Mari ikastolan, baina egindako lanak bere fruituak eman ditu. Iñigo Orella Andra Mari ikastolako zuzendariak zoriontzeko mezuak jaso ditu asteburuan egondako giroagatik: «Oso pozik gaude, Etxarri Aranatzen sekulako giroa egon baitzen. Milaka pertsona egon ziren, eta jarrera ezin hobea izan zuten».
Hotsein izan da Nafarroa Oinez-en aurtengo leloa, eta bi esanahi ditu hitzak: batetik, zarata egin, eta, bestetik, deitu edo aldarrikatu. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten Etxarri Aranatzen, baita ikasleen aniztasuna ere. Besta gozatzeko eguna izateaz gain, aldarrikapenak zabaltzeko eguna dela gogoratu du Orellak; euskarari bultzada emateko eguna, baita euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan bermatzeko eguna ere, euskaldun guztien hizkuntz eskubideak lurralde osoan errespeta daitezen.
Aurten laugarren aldiz hartu du Nafarroa Oinez-en lekukoa Etxarri Aranatzek. 1989, 1996 eta 2009 dira Andra Mari Ikastolako historian azpimarratutako urteak, eta 2023 gehitu da zerrenda horretara. Eguna antolatzea lan «luzea» eta «gogorra» dela adierazi du zuzendariak, eta berrehun pertsona inguruk parte hartu dutela urtebeteko prestakuntzan. Gainera, asteburuan bertan 1.000 boluntarioren laguntza izan dute. «Eskertu nahi dugu boluntarioen lana, izugarria izan baitzen. Eskerrak herritarrei ere. Bestan ikusi genuen ikastolok eragile aktiboa garela, eta herritarrei ekarpenak egiten dizkiegula», esan du Orellak.
Eguzkiak mezu horiek zabaltzen lagundu zuen. Giro «ederra» bermatzeko, antolatzaileek hiru gune osatu zituzten: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta. Hirurak Etxarri Aranatzen zeuden, eta ia 3 kilometroko luzera zuen ibilbidearen parte ziren. Hiru guneetan aukera biziki interesgarriak prestatu zituen Andra Mari Ikastolak. Hasteko, oholtzara igo ziren, besatean beste, Trikiteens, Nafarroa 1512, Gozategi, Alerta Gorria, Trikidantz, Alarma Morea, DJ Bull eta The Potes, eta musikaz bete zuten besta.
Zuzeneko musikarekin gozatzeaz gain, Nafarroa Oinez-en izandako gazte eta haur guztiek Erronkan parte hartzeko aukera zuten. Euskara eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz antolatzen den jolas erraldoia da Erronka. Erronkalariek, gunez gune, hainbat kirol ekintza edo trebetasun proba gainditu behar zituzten. Proba horietan arauak errespetatzen zirela bermatzeko zegoen Asier Estarriaga, Nafarroa Oinez-en boluntario ari baitzen. Parte hartzaileek ura erabili zuten berotik babesteko, eta irristaka aritu ziren proba batetik bestera. «Giroa izugarria izan zen. Jendetza hurbildu zen guregana, eta musika zuen gurdi bat ere agertu zen», azaldu du Estarriagak.
Lekukoa pasatu
Txikientzako programazioa bereziki zaindu dute aurten. Kirol ekintzez gain, jolas gune ugari izan zituzten belaunaldi berriak erakartzeko asmoz: puzgarriak, jolas libreko guneak, aurpegia margotzeko eremua, bizikleta zirkuitua eta abar. Musika presente zegoen gune guztietan, noski, baina gonbidatu bereziak ere izan zituzten Etxarri Aranatzen: erraldoiak. Umeen aurpegi harrituen aurrean dantzatu zuten, gune batetik bestera. Utzubar Txiki gunean, «haurren hiria» eratu zuten, eta birziklatutako osagaiekin egindako txoko horretan hainbat materialekin esperimentatzeko aukera izan zuten haurrek, birziklatutako osagaiei beste bizialdi bat emateko aukera.
Aipatutako jarduerez gain, bestaren ardatzetako bat ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa izan da aurten. «Beti saiatzen gara besta gero eta erosoagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Ahalik eta gutxiena zikintzen, kontsumitzen eta kutsatzen», azaldu du zuzendariak. Horren harira sortu zen Oinez Basoa proiektua 2008an, bestak naturan duen inpaktu ekologikoaz jabetzeko. Egitasmoa abian jarri zenetik, hamaika baso berri sortu dira. Horregatik, plastikoaren kontsumoa apaltzeko proiektu bat aurkeztu zuten aurten, Nafarroa Oinez jasangarriagoa izan zedin. Gune guztietan iturriak jarri ziren plastikozko edalontzien erabilera murrizteko. Gainera, guneetako batean edalontzia erosterakoan, dirua Oinez Basoa proiekturako bideratzen zen.
«Urtez urte ikasten da. Gainera, besta aldatuz eta garatuz joaten da», esan du zuzendariak. Urteetan aldatu ez dena herrikoen eta boluntarioen prestutasuna izan da, Orellaren hitzetan: «Gure jendea inplikatu egin da guztiz, eta, haiei esker, dena ederki atera da». Oraindik ez da jakina alor ekonomikoari begira arrakastatsua izan den edo ez; oraindik hilabeteak beharko dira hori jakiteko, Orellaren ustez. Asteburuan lortutakoa DBHko eraikina berritzeko erabiliko da, 1960ko hamarkadan eraiki baitzen. «Zenbat eta gehiago, beti hobe. Baina nik uste dut jendeak oso ondo erantzun duela, eta horrek laguntzen du», esan du Estarriagak.
Ikasle ohiak eta gurasoak aritu ziren Estarriagarekin batera lanean. Aparkalekuak bete ziren, eta autokarabanak ere agertu ziren, asteburu pasa. «Mahai gainean jarri genituen aldarrikapenak garrantzitsuak dira, eta jendeak babestu ditu», esan du zuzendariak. Zangozako ikastolak hartu du lekukoa, eta haiek antolatuko dute 2024ko Nafarroa Oinez. «Arduraz betetako» lana dela esan du zuzendariak, baina «oso polita». Zangozarrek erronkari «ederki» erantzungo diotela uste du Estarriagak: «Oraindik garrantzitsuagoa ikusten dut Zangozan egitea zonifikazioari dagokionez. Gure herrira etortzea oso erraza da, baina Zangozak behar handiagoak ditu».