Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (eta V)

1.200 kilometro eta beste horrenbeste abentura

Urtebete eta 3 urteko bi ume bizikletan hartu, eta Suitzan barrena egindako familia bidaiaren kontakizuna da honako hau. BERRIAren lehiaketaren irabazlea izan da.

Suitzako ohiko paisaia bat; argazkian, Leman lakua, Lausanna eta Ginebra hirien artean. MIKEL GOMEZ GAUNA
Suitzako ohiko paisaia bat; argazkian, Leman lakua, Lausanna eta Ginebra hirien artean. MIKEL GOMEZ GAUNA
Mikel Gomez Gauna
2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan gure ametsetako bidaia egiteari ekin genion. Ekainaren 8a aukeratu genuen abentura hau hasteko egun gisa, egiteko gai izango ote ginen ez bagenekien ere. Nola demontre sartuko ditugu 3 urte eta ia urtebeteko bi ume (20 kilo eta 10 kilo, hurrenez hurren) gehi mendirako arropa, kalean sukaldatzeko tresna guztiak, kanpadenda, fardelak...?

Bidaian zehar gure errutina perfekzionatzen joan ginen, eta hasieran ezinezkoa zirudiena eguneroko ohitura bilakatu zen: eguzkitarako krema eman, alforjak prestatu, fardelak parrillan lotu, gainean Elurren motxila jarri, ondoren alforjak bere tokian ipini, eta, azkenik, olagarroekin lotu beharreko gauza guztiak lotu (eguneroko janaria, bainua hartzeko arropa eta arropa zikinaren poltsa). Hurrenkera horretan. Gure egungo egoera fisikoak behartuta, purismoa alde batera utzi, eta bizikleta elektriko bat alokatzea erabaki genuen; horrek buruhauste dezente aurreztu zizkigun.

Ibilbide osoa, Jons herrian hasita. MIKEL GOMEZ GAUNA
Ibilbide osoa, Jons herrian hasita. MIKEL GOMEZ GAUNA

Aspalditik begiz joa genuen Rodano ibaia bizikletaz iturbururaino igotzea. Baina hain urrutira gindoazela baliatuta, bidaia luzatu eta Suitzan barrena ibilaldi zirkular bat egitea erabaki genuen. Ginebra hiritik berriz pasatu eta joaneko ibilbidean baino ekialderagotik itzuli ginen berriz ere Jons herriraino.

Guztira, 1.119,4 kilometro egin genituen 38 egunean. Horietako zazpitan, kanpinetan egin genuen lo, 28 egun Warmshower etxeetan igaro genituen (bizikletaz bidaiatzen dutenen arteko elkarlanerako plataforma da, lotarako lekua eta harrera eskaintzen dituena, doakoa dena), eta hiru gau Home Exchange etxea trukatzeko plataformari esker egin genituen.

Bizikleta, karga-karga eginda. MIKEL GOMEZ GAUNA
Bizikleta, karga-karga eginda. MIKEL GOMEZ GAUNA

Espazio faltagatik, ezinezkoa zaigu gure bidaia guztia kontatzea. Hala ere, gure memorian ondo gordeta dauzkagu orduko bizipen guztiak. Ez ginen ohitu lakuetan bainatu bitartean inguruko mendi tontor guztiak elurrez zipriztinduta ikustera, eta ezta egunero animalia basatiak topatzera ere: azkonarrak, marmotak, muskerrak, oreinak, belatzak, erbinudeak eta abar.

Hauek dira bidaiako pasarte esanguratsu bi, 38 egunetan bizitakoaren lagin moduan balio dutenak:

Furkapass mendatea, gure etapa nagusia

Eguna nekatuegi nagoela sentituz hasi dut, ziur asko atzoko etapa exijentearen eta lo faltaren ondorioz (etengabe mugitzen diren bi umerekin kanpadenda txiki batean lo egitearen ajeak). Kanpadenda lehortu, jaso, gosaria prestatu eta lehenbailehen bidaia honetako etapa nagusia izango dena hasteko gogoz gaude. Furkapassek 16,7 kilometro dauzka, eta %6,6koa da batez besteko pendiza.

Bego Serrieres de Briorderako bidean, lehenengo etapan. Alforjak, pardelak, kanpadenda, erosketak... MIKEL GOMEZ GAUNA
Bego Serrieres de Briorderako bidean, lehenengo etapan. Alforjak, fardelak, kanpadenda, erosketak... MIKEL GOMEZ GAUNA

Lehenengo kilometroetan Begok atzean utzi nau, eta uste nuen baino gogorragoak egin zaizkit kilometro horiek; erritmoa hartu ezinik nabil, eta faltan sentitzen ditut pare bat pinoi gehiago. Luzea izango da igoera, eta Begok ezin du geldialdi askorik egin, umeak daramatzalako. Alegia, bakarrik igoko dut mendate guztia. Zorionez, ederra da paisaia. Aurreko egunetako Rodano ibai ikaragarria hari fin bat baino ez da orain, eta ikaratzekoak diren mendi erraldoien artean mehartuz doa. Gora begiratuz gero, errepide amaiezina daukat parez pare, eta gogorregia dirudi igoerak. Aurrera jarraitzen dut Furka izango ote den peskizan; «baina zer bestela?». Gletsch herrira iritsi eta Grimselpass mendatea dela konturatu naiz. Furkapass ekialderago dago. «Eskerrak!».

Zeozer jateko eta edateko gelditu, eta laster ekin diot, berriz ere, igoerari. Gelditzeak on egin dit, indarberrituta sentitu naiz, eta neure buruari zin egin diot mendatearen amaierara arte ez naizela 10 kilometro orduko abiaduratik jaitsiko. Baina, noski, gauza bat da zeure buruari esaten diozuna eta bestea errealitatea. Uste baino astiroago noa, baina mendatearen hasieran ez bezala, hartuta daukat gustuko pedal kolpea. Zenbait elurtegi ikusi ditut errepidearen ondoan, igotzen ari naizen seinale. Aurreratzen nauten luxuzko autoengatik ez balitz, zoriontasuna eta minaren arteko sentsazio orekatu batean nengoke, baina tarteka amorrua gailentzen zait, paisaia gero eta ederragoa den arren: Rodanoren glaziarra bete-betean ikusten dut, lakua eta hamarnaka ur jauzik osatzen duten ibaia. Errepideak egiten dituen sigi-sagak eta Belvedere hotel mitikoa; a zer lekua!

Furkapasseko gainetik hurbil. Ezkerrean, igotako errepidearen zati luze bat. MIKEL GOMEZ GAUNA
Furkapasseko gainetik hurbil. Ezkerrean, igotako errepidearen zati luze bat. MIKEL GOMEZ GAUNA

Nire amaren heriotzaren lehenengo urteurrena izango da hiru egun barru, eta irudimenezko elkarrizketa batean dihardut hurrengo kilometroetan, hunkituta: «Jakingo bazenu non nagoen, ama..., errieta egingo zenidake!».

Begorekin elkartu ondoren, Belvederetik aurrera bizpahiru kilometro baino ez zaizkigu faltako, ia maldarik gabe. Haran guztia oso-osorik ikus daiteke, eta bista itzela da. Dagoeneko ez daukat mendatea gelditu gabe ez igotzeagatik nire egoarekin borrokatzeko beharrik, eta, beraz, argazki pare bat atera ditut. Harro sentiarazi nau igotako bidearen zati handi bat ikusteak. Mendien bi magalek sortzen duten harantxoan, Rodano dakusat suge bihurri baten moduan, etengabeko sigi-sagan. Agur ezin hobea iruditu zait horrenbeste kilometroz bidelagun izan dugun ibaiarentzat. Alpeen dimentsioa ere antzeman daitekeela esango nuke, mendi elurtuen segida zeruertzeraino iristen baita.

Ilunabarra Andermatteko kanpinean; gau hartan 10 gradu azpitik egon ginen. MIKEL GOMEZ GAUNA
Ilunabarra Andermatteko kanpinean; gau hartan 10 gradu azpitik egon ginen. MIKEL GOMEZ GAUNA

Jarraian, Furkako gainera iritsi gara, 2.436 metrora! Hiru Erregeen Mahaia baino apurtxo bat altuago! Ohiko argazkia atera eta Andermatteko kanpineraino 1.000 metroko desnibela duen jaitsiera paregabea zain daukagu. Pozez zoratzen gaude, gora gu eta gutarrak!

Savoia Garaia eta Rodano-Alpeak, azken egunetako sorpresak

Eta horrela iritsi gara, bigarrenez, Fredericen etxera, Ginebrako periferian dagoen Martigny herrira. Bidaiaren hasieran, Suitzara bidean, oso harreman ona egin genuen, eta bueltakoan itzuliko ginela zin egin genion. Zin egindakoa bete, eta bueltan gaude berriro ere.

Elai Fredericen etxean, Martignyn (Suitza), Frantziako mugatik gertu. MIKEL GOMEZ GAUNA
Elai Fredericen etxean, Martignyn (Suitza), Frantziako mugatik gertu. MIKEL GOMEZ GAUNA

Etxean giroa atsegina eta abegikorra da. Egia esan, errazagoa da eskuzabala izatea 250 metroko etxea eta bi hektareako basoa duzunean. Umeak ere poz-pozik daude:

«Beti pentsatu izan dut lorategi ederra dudala. Hementxe ikusi ditut muskerrak, sugeak edo urtxintxak, adarrez adar, saltoka, baina Elur biluzik eta fruta arboletatik fruta jasotzen ikusteak ez dauka parekorik!», dio Fredericek.

Hiru gau igaro ditugu hemen, baina alde egiteko garaia iritsi da. Agurrak bidaiaren despedida kutsua dauka guretzat. Ia 200 kilometrok banatzen gaituzte gure autotik, eta luze egingo zaizkigula uste dugu...

Elur, Matterhorn mendi mitikoari begira. MIKEL GOMEZ GAUNA
Elur, Matterhorn mendi mitikoari begira. MIKEL GOMEZ GAUNA

Martigny-Annecy etapa polita izan da; funtsean, mendate bat igotzea eta jaistea izan da. Frantzian sartzean, trafikoa areagotu egin da, eta txirrindulariak errepidean hutsaren hurrengoa garela gogorarazi digu horrek. Annecy hiria polita da, politegia akaso, eta, beraz, uztail erdialdean turistikoegia iruditu zaigu. Hala ere, pare bat gau egin ditugu Ayoub txirrindulari paregabearenean, katu usaina darion bidaiako apartamentu txikienean.

Ayouben etxetik irteten, Annecyn. MIKEL GOMEZ GAUNA
Ayouben etxetik irteten, Annecyn. MIKEL GOMEZ GAUNA

Annecytik aurrera Aix-les-Bainserainoko bidea hartu dugu, motibazio eta espektatiba handiegirik gabe, baina etapa politenetako bat izan da. Gorabeheratsua, mendiz eta arroilaz betea. Mel eta Benoiten etxean lotan geratzea plazera izan da. Oso familia jatorra izateaz gain, Revard mendilerroko bista ederrak oparitu dizkigute.

Hurrengoa bidaiako azken gaua izango da. Horregatik, autoa dagoen herrirako bide ahalik eta zuzenena hartu dugu. Bideaz disfrutatzea baino gehiago, lehenbailehen iristea da helburua. Gure harridurarako, ordea, etapa gozatu egin dugu: espero ez genituen aintzirak eta txonboak aurkitu ditugu; umeen gozamenerako, horma irudiz josita dagoen lau kilometroko bizikletentzako tunel bat ere bai; ederra izan da Rodano ibaiarekin berriz elkartzea eta berau hornitzen duten ibaiadarrez eta inguruko arroilez gozatzea... Askotan pentsatu izan dut mendi hauek beste leku batean baleude, Alpeek ez lieketela bidegabeki itzalik egingo.

Lucerna lakuaren ondoan, Lucernara bidean. MIKEL GOMEZ GAUNA
Lucerna lakuaren ondoan, Lucernara bidean. MIKEL GOMEZ GAUNA

Inguruan dagoen Warmshower kide bakarrari idatzi diogu ea gau horretan bertan lotan gera gaitezkeen galdetuz, eta honako hau erantzun digu: «Nire etxean ongietorriak zarete, eta, lasai, ez duzue espazio faltarik izango, gaztelu batean bizi naiz eta!».

Eta horrela, kasualitatez, Chateau de Montolivet-era heldu gara, 5.000 metro koadro eta hamalau hektareako gaztelu puskara! Merezi izan du amaiezina egin zaidan 1,5 kilometroko aldapa malkartsua igotzea. Bertan gaudela, Didierrek eta Juliettek harrera bikaina egin digute, gure jakin-mina asetzeko egindako galderei erantzunez: sarrerako alboa Frantziako Iraultzaren ondorengo urteetan landatu zutela esan digute, eta zazpi gaztelutan bakarrik landatu zituztela horrelako zuhaitzak. Gaineratu dute ezkontzak ere antolatzen dituztela bertan eta 150 gonbidaturentzako lotarako lekua dagoela... Afaria prestatu bitartean, bertako larreetan aritu gara badminton partida bat jokatzen. Badaezpada ere, semeari ohartarazi diot:

Gure azken gaua, Montoliveteko gazteluan, Didier eta Julietterek. MIKEL GOMEZ GAUNA
Gure azken gaua, Montoliveteko gazteluan, Didier eta Julietterrekin. MIKEL GOMEZ GAUNA

«Elur, ez ahaztu 3 urterekin gaztelu batean egin zenuela lo».

Ia oharkabean, azken etapara iritsi gara, 38 eguneko abenturako azkenera. Asfaltorik gabeko pista zati ugari dituen 40 kilometro ditugu zain, ordekan. Gure batez besteko abiadurarik azkarrena lortu dugu: 19,1 kilometro orduko. Oso hunkituta nago: tarteka, iristeko gogoa eta bidaia amaitzearen pena uztartzen zaizkit. Azkenik iritsi gara Jonsera, eta kilometro kontagailuak 1.119,4 kilometroko marka ezarri du. Pentsatu dut hogei urte geroago jaio izan banintz, agian, tatuatu egingo nukeela zenbaki hori, eta helduen irribarrea egin dut.

Berez, ospakizunetarako tartea izan behar zuena aldrebestu eta ezinegon bilakatu da, ordea. Begok bere amaren dei bat jaso du, bularreko minbizia duela esanez. Bueltako bidea gelditu gabe egin dugu, ia isilik eta triste. Tarte horretan BERRIAko bidaia eta mendi kroniken lehiaketan parte hartuko dudala erabaki dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.