Abentura

1.200 Renault 4 zahar Miarritzetik atera dira, Sahararaino joateko

Tartean dira EAko (Bizkaia) Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxebarria lehengusuak, aitonaren auto eraberrituarekin.

Rallyaren irtera, gaur, Miarritzen. FLASHSPORT / 4L TROPHY
2023ko otsailaren 16a
18:38
Entzun

Gaur, eguerdian atera dira Miarritzetik (Lapurdi) 4L Trophy rallyan aurten parte hartzeko izena eman duten 1.200 Renault 4 modeloko autoak. 6.000 kilometro egingo dituzte datozen egunetan, Marrakexeraino. Bikote bat doa auto bakoitzean, txandaka gidatzeko. Tartean dira Andoni Larrinaga eta Ibon Malaxetxeberria lehengusuak. Urtebete pasatu zuten aitonaren auto zaharra konpontzen.

«3, 2, 1... atera!» oihuarekin hasi dute lasterketa solidarioa. «Bihar Algecirasen elkartuko gara», esan diete antolatzaileek parte hartzaileei. Banan-banan atera dira, presarik gabe, autoak ez direlako berriak, eta helburua heltzea baita.

18 eta 28 urteko gazteentzako rallya da 4L Trophy. Parte hartzeko baldintza Renault 4L bat gidatzea da, eta, helburua, «basamortuko haurrei» eskola materiala eta botikak eramatea da, antolatzaileen arabera.

Albiste izan ziren abenduan Larrinaga-Malaxetxeberria lehengusuak. Bideo baten bidez kontatu zuten aitonak baserrian gordea zuen 4L auto zaharra eraberritzen ari zirela, rallyan parte hartzeko.

Orduan kontatu zutenez, rallyan izena emateko, 3.500 euro jarri zituzten, euren poltsikotik. Autoa margotzeaz gain, malgukiak aldatu nahi zizkioten, erradiadore eta enbragea.

Dena ondo bidean, otsailaren 24an dira Marrakexera heltzekoak, eta, gero sei etapa egingo dituzte basamortuan. Han, bi puntu artekoa bidaiatu beharko dute, ahalik eta kilometro gutxien eginda. «Beldurra beti dago, baina sinetsi egin behar. Hala edo nola, iritsiko gara», esan zuten orduan.

1997. urtetik urtero egiten dute 4L Trophy rallya. Miarritze-Dakar rallyan ibilitako Jean-Jacques Reyk sortu zuen egitasmoa. Antolatzaileen arabera, 300-400 pertsona inguru ibiltzen dira rallyaren antolakuntzan, horietako 40 urte osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.