Marra zuri eta urdindun zapiak lepoan loturik dituzte jendeek, arnoa edaten dabiltza berinazko basoan, haurrei lastoa gelditu zaie ileetan, kabala harrabotsak ezagun dira gelan, talo usaina dago edonon, eta batzuei ageri zaie begitartean idatzirik izanen balute bezala goizean egunak argi zuelarik oraino Miarritzeko gaztetxetik ez zirela atera: dudarik ez, 20. Lurrama abian da.
Berezia da aurtengoa, Lurramaren 20. aldiak EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorreraren urteurrena ere baitakar, edo alderantziz. Apirilean ospatu zuten EHLGren sorrera, ELB sindikatuaren ekinaldi batek bultzatua, laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzeko xedez. Horretan dabiltza geroztik, eta Lurramak markatzen du, nolabait, ibilbide horren besta, urtero-urtero.
13:00etan abiatzekoa zuten gaurko bazkariaren zerbitzua, baina 13:12an oraino ari ziren jendeari deika: «Ez da grabe, 13:30ean zerbitzatuko dugu», ondorioztatu du Laida Camusek, urteetan Lurraman laguntzaile arduradun egona den zuberotarrak. Minutu batzuk lehenago bere lantaldeari manuak ematen ikus zitekeen bazter batean, arnoa eta haragia egoki zerbitzatzeko ordena laguntzaileei zehazten. Konbentzitua da denek badutela lekua Lurraman, eta ardurak banaturik «goxoki» baizik ez daitekeela pasa; batez ere, «kontent» baizik ez daitekeelako atera halako «lekuko mozkin onen» zerbitzua egitetik.
Horretan oinarritzen da Lurrama, eta hori du definizioa ere: laborantza herrikoiaren azoka da. Hain zuzen, haurrei kabalak erakustera ez bada, laborantza horretatik ekoitzitako mozkinak deskubritzera heldu ohi da jendea Lurramara, Miarritzeko Irati gelara. Azokaren bigarren gela irekian, Euskal Herriko merkatu ttipia dago, lurraldeka banatua. Xabi Txiplas Bizkaitik iritsia da, Errigoititik, Mungialdeko baserrietako produktuak saltzen dituen sarearen izenean. Lurrama hasieratik ezagutzen du, baina aurten gomita helarazi diete merkatuan parte hartzeko, eta fite onartu zuen, egitasmoaren filosofiarekin bat egiten dutelako.
Aukera da, gainera, Euskal Herriko beste zenbait ekoizlerekin biltzeko eta hitz egiteko, trukatzeko. Txiplasek dio hainbesteko desberdintasunik ez dagoela Ipar Euskal Herriaren eta Bizkaiaren edo Gipuzkoaren artean, adibidez, nahiko klima antzekoak direlako; Nafarroako hegoaldeko edo Arabako zenbait produktu, ordea, ezin dira hain errazki atzeman Euskal Herriko beste txokoetan, hala nola zerealak eta garia.Â
Aukeraz baliatu dira, hain zuzen, Gipuzkoako Gar, Amaia, Erika eta Sara lagun taldekoak. «Bagenekien hiru egunekoa zela, eta gaur etorri gara, eguna pasatzera eta hemengo ekoizleen lana ikustera». Prestatuak etorri ziren, badaezpada, poltsekin beharrez, eta ez du huts egin: poltsak osorik beterik zituzten goiza bukatu denerako. «Aipatzen genuen Hegoaldean ere badela elkarterik horretan ari dena, eta iruditzen zaigu asko nabari dela, dastatzen duzunean, produktuak beste kalitate batekoak direla; hori baloratzekoa da».Â