Hala Bedi hitzak entzunda, oharkabean 1983tik martxan dirauen Gasteizko irrati librea dator burura. Eta ez da kasualitatea, badu eta bere meritua berrogei urteotan «uhinak okupatzen» aritu izanak. Martxan daramatzan berrogeitaka urteetan aldaketa ugari izan ditu, baina hasieratik izan ditu gainontzeko irratietatik bereizi duten ezaugarri batzuk: autogestioa, batzar bidezko funtzionamendua, inongo interes ekonomiko zein politikoren menpe ez egotea... Laburbilduz, irrati libre bat izatea.
Bada, 2000. urtean izen berarekin Aiztogile kaleko 98. zenbakian ireki zuten tabernak irratiaren ildo berari jarraitzen dio. Bertako sukaldeko arduraduna da Ander Abascal (Gasteiz, 1993), eta azaldu du bere lantokia «ostalaritza autoesplotazio libre bat» dela. Kontatu du eskaintzen dituzten jaki eta ekitaldi kulturalak kontzienteki eta kolektiboki erabakitakoak direla.
Tabernara sartzea nahikoa da jan eskaintzaren lagin bat ikusteko, atetik sartuta parez pare baitago pintxoen erakusleihoa. Abascalek kontatu du egunero antzeko lana egiten duela: «Goizero pintxoen zatia betetzen dut. Normalean, hiruzpalau pintxo motarekin betetzen dut bitrina. Bi pintxo finko ditugu, eta gainontzekoak aldatuz joaten gara, sukaldean ditugun produktuen arabera». Pintxo finkoen artean hanburgesa beganoa dute. Uraza, tomatea, hanburgesa beganoa eta alioli beganoa daramatza. Alioli saltsa beganoa bertan egiten duela azaldu du: «Baratxuria, olioa eta soja esnearekin egiten dut. Azken hori erabiltzen dut, gainontzeko esneek ez bezala, emultsionatzeko beharrezkoa den gantza duelako».
Pintxoez gain, eguneko platera eskaintzen dute astelehenetik ostiralera. Aste honetan, adibidez, Arabako babarrun nabarrak —babarrunak, odolkiarekin, txorizoarekin eta azarekin—, pasta berdurekin, eta halakoak izan dituzte idatziak tabernaren bereizgarria den arbelean. Egunetik egunera aldatzen dute eguneko platera, «baina beti aldian aldiko jakiak erabiliz», adierazi du.
Gertukoa gerturatuz
Aldian aldiko elikagaiak erabiltzeaz gain, jakien jatorriari ere arreta berezia jartzen diote: «Gure ideia argia da: nahi duguna ahalik eta gertuenetik lortu, eta nahi ez duguna ahalik eta gehien urrundu». Multinazionalak aldentzeko eta, aldi berean, bertakoa ekartzeko ahalegina egiten dute. Horren adibide gisara azaldu du edarietan egiten ari diren apustua: «Jada bertako garagardo asko ditugu, eta Euskola ere nahiko saltzen dugu. Ezin dugu esan gehien saltzen dena denik, baina hori lortzeko bidean da. Eta, gainera, euskal marka horren limoizko eta laranjazko freskagarriak ere ekarri ditugu orain».
Adierazi duenez, edariak ez ezik, jakiak ere ahalik eta gertuenetik ekartzen dituzte: esaterako, babarrunak eta patatak Aiztogile kalean ibiltzen den saltzaile batek ekartzen dizkie, eta gainerako barazkiak eta produktuak alboko dendan erosten dituzte. Halere, halako hautuak egitearen ahalegina nekeza dela aitortu du: «Gastua handiagoa da, jakina, baina azken emaitzaren kalitatean asko antzematen da».
«Gastua handiagoa da, jakina, baina azken emaitzaren kalitatean asko antzematen da»
ANDER ABASCAL Hala Bediko sukaldearen arduraduna
Aitortu du bezeroek eskertu egiten dutela egiten duten ahalegina; izan ere, badituzte egunero joaten diren bezeroak, eta pintxo batzuek ez dute askorik irauten barran: «Cabra miel [ahuntz eztia] izeneko tortilla hau nire sorkuntza da. Tipularekin egindako patata tortillari gainetik eztia eta ahuntz gazta ipintzea bururatu zitzaidan, eta gazteen artean izugarrizko arrakasta du».
Ostalaritzan irautearen gakoa eraberritzean dagoela azaldu du. Kontatu duenez, bertan lanean hasi aurretik, Hala Bedi tabernaren krepeak zuten ospea, baina ez ziren batere errentagarriak. Eta, ondorioz, erabaki zuten krepeen tokia kulturari ematea.
Gaur egun, Hala Bedi taberna eskaintza kulturalarengatik da ezaguna. Aiztogile kalearen amaiera aldean dago, eta hilero erakusketa bat izaten du tabernako harrizko hormetan —orain Ekidak antolatutako bat dago—. Hilabetez edukitzen dituzte, nahiz eta batzuek denbora gehiagoz egon ohi diren, «jendearen harreraren arabera». Eta hilabeteko hirugarren asteazkenetan folk saio bat ere egiten dute. Erakusketak eta folk saioak ekitaldi finkoak dira egitarau kulturalean, baina beste hainbat ere egiten dituzte: kontzertuak, DJ saioak, hitzaldiak eta abar. Asteartean, esate baterako, Behe Bandakoek poesia errezital bat egin zuten, eta gaur bertan Subrats eta Parentesis 536 musika taldeek kontzertu bat egingo dute.

Halere, tabernaren berezitasunak ez dira eskaintza kulturalera mugatzen, harago doaz. Kontzientzia duen «ostalaritza autoesplotazio libre» gisara definitu du taberna Abascalek, eta kontatu du kooperatiba baten moduan funtzionatzen dutela: «Astelehenero izaten ditugu batzarrak, eta bertan erabakitzen dugu tabernaren inguruko dena. Gure soldatak irabazi behar ditugu, noski, baina ez daukagu interes ekonomikoa besterik ez duen nagusirik».
Eta tabernara joaten diren bezero gehienak ere «kontzientziadunak» direla azaldu du: «Tabernaren barrualdeari begiratzea nahikoa da ikusteko askotariko jendea elkartzen dela hemen, eta horrek are bereziagoa egiten du lekua».
