Zientzia

30 ibai Heraklito batentzat

EHUko ikertzaile talde batek laborategi bitxia antolatu du Leioan: 30 erreka artifizial sortu ditu, klima aldaketak Euskal Herriko ur-lasterretan izan dezakeen eragina aztertzeko, besteak beste. Prest daude pinuak fungizidez tratatzearen eragina ere ikertzeko.

Jesus Pozo ibai artifizialen laborategiko burua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Leioa
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jesus Pozori Olentzero aurreratu zaio. Ekologia eta itsasokoak ez diren ur ekosistemak ikertzen dituen zientzia (limnologia) irakasten ditu Pozok EHUn, eta pozik erakusten du azaroan ekarri dioten jostailua. Ez da tren baten maketa Pozok muntatu duena, baina badu antza. Denera, 30 ibai artifizialen modeloak antolatuko ditu irakasleak, EHUren Leioako campuseko (Bizkaia) Biofisika eraikin zaharreko sotoan. Besteak beste, klima aldaketak ibaiei nola eragingo dien aztertuko du horiekin.

Sei mahai handi daude sotoan. Horietako bakoitzean, metakrilato gardenez eginiko bost aska, hogei zentimetro zabal, hamabost sakon eta bi metro luze. Aska bakoitzean erreka baten eredua ezarriko dute. Multzoka dituzte, horren bidez esperimentuak errepikatu ahal izateko, metodo zientifikoak agintzen duen bezala.

Beste inon egin al da Pozok Leioan antolatu duen laborategiaren modukorik? «Hau geure planteamendua da», esan du irakasleak. Erreka artifizial batzuk badaude Gironako (Katalunia) ICRA ura ikertzeko institutuan, «baina hura ez da hau bezalakoa». Pozok argi zuen ibai asko sartu behar zirela: 45 nahi zituen hasieran, baina, azkenean, 30 jarri dituzte, toki gehiagoren faltan.

«Laborategi honen funtsa da esperimentuak errepikatu ahalko direla, eta hori oso zaila da naturan, ezin delako benetako ibai edo erreka bateko emaitza estrapolatu beste batera».

Teilatutik jasotako euri ura, eguzki energiarekin epeltzen dute laborategian. Horren bidez, uraren tenperaturaren aldaketek erreketan duten eraginarekin esperimentatu ahalko dute. Uretan dauden zomorroen arnasketa ikertu ahalko dute, esaterako, eta ura beroago dagoenean edo hotzago dagoenean zomorroak «estresatuago» ote dauden ikusi.

Ibaien hondoan egoten diren hondarra eta harriak jarri dituzte dagoeneko 30 erreka artifizialetako bostetan. Harrien artean, plastikozko saretxoak daude. Horien barruan, hostoak, harrapatuta, lasterrak eraman ez ditzan. «Euskal Herriko ibai gehienak txikiak dira, eta zuhaitzak dituzte alboetan. Horien hostoak uretara sartzen dira, eta han bizi diren organismo komunitateen elikagai nagusia da orbel hori». Pozoren laborategiko esperimentatzaileek euren buruei galde diezaiekete zein organismok kontsumitzen duten orbela, eta zein abiadarekin egiten duten. Noski, hostoez elikatzen diren organismoak, arrainen janari izan daitezke gero. Beraz, elikadura kate osoa oinarritik aztertu ahalko dute.

«Gaur arro askotan, tokiko zuhaitzak kendu dituzte, eta kanpoko zuhaitzen landaketekin ordezkatu dituzte; esaterako, eukaliptoekin eta pinuekin: zer eragina du horrek ibaien funtzionamenduan?». Horra laborategian eukalipto hostoak erabilita egin ahalko duten beste ikerketa bat. Izan ere, eukaliptoen hostoek alkaloideak eta polifenolak dituzte, tartean bizidun askorentzat hilgarriak izan daitezkeenak.

Klima aldaketa

Ondo batek erasanda daude Euskal Herriko pinu landaketak, eta, horri aurre egiteko, zuhaitzak fungizida batekin tratatzea proposatzen ari dira hainbat pinuzale. Ikertuko al dute Leioako laborategian fungizidek ibaietan izango duen eragina, erabili aurretik? «Ez dut uste azkenean egingo dutenik», ohartarazi du ikertzaileak. «Izan ere, beldur handia dute eraginaz, oso azalera handia tratatu beharko litzatekeelako, batez ere Gipuzkoan, eta zalantzak daudelako halako tratamendua eraginkorra izan daitekeen». Edonola ere, azkar batean jarri ditu Pozok mahai gainean laborategian horretaz egin zitzaketen esperimentuak: «Uraren kalitatearen indikatzaile diren espezieak erabili genitzakeen; hau da, ibaietan dauden bizidunak ekarri, batzuk gai kimiko horrekin nahastu, eta beste batzuk ez, eta ikusi zein organismo geratzen den bizirik».

Leioako laborategia erabiltzeko moduan dago, erabat, oraintxe. Laster, esperimentuak egiten hasiko dira han. Lehenak material finen sedimentazioaren eta bioaniztasunaren inguruan egingo dituzte, Pozok esan duenez. «Hamarkadak daramatzagu esperimentuak egiten, baina, orain, horien emaitzak klima aldaketarekin lot ditzakegu».

Pozok aipatzen dituen ereduen arabera, ibaien tenperatura handitu egingo da datozen hamarkadetan. «Esperimentuak egingo ditugu tenperaturarekin, zer gertatzen den jakiteko, eta aurrea hartzeko egoerei». Euskal Herriko ibaiei klima aldaketak nola eragingo dien aztertzeko, ontzietan egin dituzte orain arte esperimentuak. Benetako erreketan tenperatura aldaketa ikertzeko egon den aukera bakarra, altuera ezberdinetan dauden ur lasterretan aritzea izan da, eta, noski, emaitzak ezin izan dira errepikatu, behe ibarretako edo goi mendiko errekastoko inguruneak ere oso ezberdinak direlako, ez bakarrik tenperatura.

Klima berotu ahala, uretan gertatzen diren prozesuak azkartu egingo direla uste du Pozok. Espero daiteke organismoek gehiago arnastea, eta elikagaiak azkarrago kontsumitzea. «Lege biokimiko hutsa da». Ereduen arabera, euri eta lehorte boladak orain baino nabarmenagoak izango dira: eurite gogor gehiago egongo dira, eta lehorte aldi luzeagoak. «Horrek eragingo die gure errekei: batzuetan, lehortu egingo dira, eta, besteetan, gainezka egingo dute». Erreka bazterreko landaredia aldatzea litekeena dela uste du Pozok. «Ibaietan sartuko den gai organikoak aldatuko ditu horrek, eta haren funtzionamenduari eragingo dio».

Gauza guztiak etengabe aldatzen direla adierazi nahi izan zuen Heraklito filosofoak askotan aipaturiko esaldi honekin: «Inoiz ezin zara bitan sartu ibai berean». Pozo zientzialariak laborategi oso bat muntatu du, ezin hori ekinez egiteko, edo, gutxienez, ahalik eta gehien hurbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.