400 urteko marrazoa igerian

Groenlandiako ozeanoan, 2.000 metroko sakoneran, orain arte aurkitu duten animalia ornodunik zaharrena bizi da: 'Somniosus microcephalus' marrazoa. Duela 400 urte jaio ziren espezie horretako aleak bizirik daude oraindik.

Groenlandian aurkitu duten marrazoa; laurehun urte inguru ditu. JULIUS NIELSEN
Groenlandian aurkitu duten marrazoa; laurehun urte inguru ditu. JULIUS NIELSEN
itsaso jauregi 2
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Gorputz lodia, hegal motzak eta kolore gris-arre iluneko azala. Ezaugarri fisiko horiekin mugitzen da poliki-poliki Somniosus microcephalus marrazoa, Groenlandiako itsaso sakonean. Groenlandia bizileku duen marrazoa da ornodunen artean bizitzarik luzeena duen animalia: 400-500 urte inguru bizi baita. Zientzialariek gaur egun argazkietan jaso ahal izan duten marrazo bera da 1620an bizirik zegoena; Galileo Galileik Jupiter behatzen zuen bitartean, espezie horretako marrazoak itsasoan zeuden, igerian, jakin gabe laurehun urte geroago ur horietan jarraitzeko aukera izango zutela.

Marrazoaren tartak laurehun kandela izango lituzke. Hala ere, zientzialariek zailtasunak izan dituzte animalia horren adina zehazteko: hegatsetan arantzarik, gorputzean ehun gogorrik edo ornoetan hazteko bandarik ez dutenez, duela gutxira arte ezin zen kalkulatu haren adina ziurtasunez. Urtean zentimetro bat hazten dela deskubritu zuten zientzialariek, eta, animaliaren luzera neurtu, eta eragiketa matematikoa egin zuten. Alfonso Ramos Alacanteko (Herrialde Katalanak) Unibertsitateko Zoologiako katedradun eta itsas biologiako irakasleak azaldu duenez, marrazoaren bizitza bi hazkuntza fasetan banatzen da: «Marrazoa etengabe hazten da, eta bere bizitzan bi etapa daude. Bata, iraunkorragoa, heldutasun sexualeraino, 150 urtetik gora; eta bestea, etengabea baina irregularragoa, zelula sexualen ekoizpenaren ondorioz gertatzen dena».

Etengabeko hazkuntza prozesuaren ondorioz, animalia zazpi metro luze izan daiteke. Ornoak hazteko eraztunek informazio pixka bat eman ahal izan zuten adina zehazteko orduan, baina arrastorik handiena begietan aurkitu zuten. Zientzialariak begiko kristalinoaren nukleoaren karbono-14 proba bidezko datazioan oinarritu dira. Nukleo hori konstantea da jaiotzatik, eta, zuhaitz baten eraztunak balira bezala, espezie horren adina zehaztu ahal izan dute: laurehun urte. Marrazoaren begietako proteinak aztertzeko metodoari esker, Julius Nielsen Kopenhage unibertsitateko biologoak lehen aldiz datatu zuen 28 emeren adina; denak lau mendekoak ziren. Begiak arrastorik handiena izan arren, animalia horiek ia erabat itsuak dira, eta Lurraren eremu magnetikoari esker mugitzen dira Artikoko itsaso izoztuetan. Kornean maizter bat ere badute, krustazeo parasito bat, bioluminiszentea dena, eta adituek uste dute parasitoak igortzen duen argiak harrapakin posibleak erakar ditzakeela.

Laurehun urteko ibilbidea izanik, marrazo horiek hainbat arriskuri egin behar izan diete aurre. Gaur egun, kezka nagusi da zientzialarien artean, ozeanoan aske dauden aleen kopurua kontuan hartuta. Espezieari buruz informazio gutxi dagoenez, arrantza da marrazo horiek duten mehatxurik handiena: arrantzako sareetan ustekabean harrapatzeagatik arriskuan dagoen espezie gisa sailkatuta dago. Izan ere, animalia horietako 3.500 inguru hiltzen dira urtero, Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) kalkuluen arabera.

Hotza eta sakona

Marrazoen inguruan zabaldu den irudia ez bezala, ur hotzetan murgilduta dauden marrazoak lotsatiak eta iheskorrak dira. Informazio gutxi bildu dute haien portaerari buruz. Izan ere, ugalketa eta jaiotza ezin dira ikertu; zaharrenak duela lau mende jaio zirelako, eta gazteenak ez direlako ateratzen iluntasunetik. Gainera, bereziki zaurgarriak dira, hazkunde eta ugalketa-erritmoak oso motelak baitira. Baina, nola lortu dute laurehun urtez bizirik irautea? «Ur polar edo sakonetako espezieek metabolismo motela dute, eta horrek garapen motela dakar, tenperatura baxuen ondorioz», azaldu du Ramosek. Gainera, bere tamaina handiak harrapari askorengandik libratzen du.

Beren habitat naturalean baliabideak urriak direnez, oso astiro mugitzen dira; lasaiak dira, eta oso gutxitan ikusten dira gainazalean, nahiago baitituzte 2.200 metroko sakoneran dagoen hotza eta iluntasuna. Haien lehengusu tropikalek egiten duten bezala, planetaren eremu magnetikoa erabil dezakete bidea ezagutzeko eta itsasoan ez galtzeko, eta horrek energia gutxiago gastarazten die, eta bizi itxaropen luzeagoa bermatu.

«Haren bizi zikloa oso gutxi ezagutzen da, eta, hasieran, espezie sedentario gisa har daiteke, ur sakonetan mugimendu gutxi egiten dituelako», azaldu du Ramosek. Lau mendeko animalia hori astiro-astiro mugituz joan da ozeanoen alde ilunetan barrena: Ozeano Artikoan, eta Amerikako eta Europako eskualde borealetan ibiltzen da igerian. Ez du gelditzeko asmorik, eta, Ramosen arabera, arrainak ehizatzeko maiztasunak erakusten du Groenlandiako erraldoia uste zen baino aktiboago dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.