Adimen artifiziala erabili dute ‘Teknopolis’-eko elkarrizketak euskarara bikoizteko

Elhuyarrek garatu du teknologia, eta imitaziozko ahots sintetikoa erabiltzen du. Larunbatean hasiko da saioaren 28. denboraldia, ETB1en. 36 atal izango ditu guztira.

'Teknopolis' saioko arduradunak eta ordezkariak, gaur, Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen As Fabrik campusean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Teknopolis' saioko arduradunak eta ordezkariak, gaur, Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen As Fabrik campusean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko irailaren 25a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarrizketatuaren jatorrizko ahotsa entzuten da segundo batzuetan, nahiko apal, eta indar handiagoarekin hasten da berbetan haren antza duen bikoizketa ahots bat. Sinesgarria da tonua, nahiz eta igartzen zaion ez dela erabat gizatiarra. Izan ere, adimen artifiziala da. Elhuyar fundazioak garatu du teknologia, eta hark ekoizten duen Teknopolis saioan probatuko dute denboraldi honetan, elkarrizketatu erdaldunen hitzak euskarara ekartzeko. Asteburuan hasiko da zientzia eta teknologia saioaren 28. denboraldia: larunbatetan ETB1en izango da ikusgai, 13:30ean; eta igandeetan, ETB2n, 12:15ean. 36 atal izango ditu guztira.

Bilbon aurkeztu dituzte denboraldi berriaren nondik norakoak, Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurre auzoan duen As Fabrik campusean —unibertsitatea saioaren babesleetako bat da—. Eta, hain justu, saioaren arduradunek nabarmendu dute ahots sintetikoa izango dela aurtengo berritasun nagusia. Badira gisa bereko teknologiak dagoeneko, baina Elhuyarrenak berezitasun bat dauka, fundazioko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaile Itziar Cortes Etxabek azaldu duenez: jatorrizko ahotsaren antza izateko gai da. «Erdarazko jatorrizko audioa abiapuntutzat hartuta, eta testu berri bat emanda, adimen artifiziala kapaz da eman diogun testu hori imitazioz irakurtzeko», xehatu du Elhuyarreko ikerlariak. Bikoizketa automatikoa erdiesteko plataforma bat sortu dute, finean, eta edonoren eskura jarri: aditu.eus webgunean erabil daiteke. Sistemak sei hizkuntzarekin egiten du lan, zehazki: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.

«Erdarazko jatorrizko audioa abiapuntutzat hartuta, eta testu berri bat emanda, adimen artifiziala kapaz da eman diogun testu hori imitazioz irakurtzeko»

ITZIAR CORTES ETXABE Elhuyar fundazioko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzailea

Edonola ere, ez da Teknopolis-en adimen artifiziala erabili duten lehen aldia. Aurreko urteetan, hainbatetan izan dute hizpide, beste gai batzuekin batera. «Unean uneko osasun aurrerapenen berri eman dugu, puntako teknologia ezagutarazi, sarean lan egiteak dakartzan onurak ikusi ditugu, eta oinarrizko zientziak duen garrantzia azpimarratu dugu, hemengo ikerlari eta erreferenteekin», zerrendatu du Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak. Nobedadeak nobedade, saioaren hasierako helburuek bere horretan segitzen dute, haren esanetan. «Garaiak asko aldatu dira, baina beharrak antzekoak dira oraindik. Gure gizartean, zientziak eta teknologiak garrantzi handia dute, baina askotan ez da erraza izaten aurrerapenen inguruko informaziora heltzea». Ezinbestekoa deritzo ezagutza hori zabaltzeari, «pertsona guztiek informatzeko eskubidea izan dezaten».

Euskararen inguruko jarrera ere ez da aldatu, orobat; euskaraz egindako dibulgazioak orain 28 urteko garrantzi bera du gaur egun ere. «Ikerketek hala diote: informazioa ez dugu berdin jasotzen gure ama hizkuntzan datorrenean edo beste hizkuntza batean», Andonegiren hitzetan. «Ama hizkuntzan jasoz gero, atxikimendua sortzen du, egiazkotasuna transmititu, eta galderak eragiten ditu». Halaber, euskaraz dibulgatzerakoan hizkuntza bera ere garatzen dela uste du.

Zinemaldiaren uberan

Donostiako 73. Zinemaldiaren lekukoa hartuko du Teknopolis-ek, eta, hain justu, zinemaz mintzatuko dira lehen atalean, arte horrek asko edaten baitu zientziatik eta teknologiatik, Iñaki Leturia Iurrita aurkezleak adierazi duenez. Horrez gain, eltxoek eta kalparrek kutsatzen dituzten gaixotasun emergenteei ere helduko diete, zahartzaroaz ariko dira, teleskopioak nola egiten diren esplikatuko dute, Antartikako ikerketa baseko mediku bat elkarrizketatuko dute, EHUko Kimika Fakultatearen 50. urteurrena aitzakiatzat hartuko dute jakintza arlo horretan sakontzeko, ordenagailu kuantikoetan eta basoen kudeaketan arakatuko dute, eta bitxikeriak ere izango dituzte hizpide: esate baterako, kloroformoak loa eragiteko zenbat denbora behar duen kalkulatuta.

«Ikerketek hala diote: informazioa ez dugu berdin jasotzen gure ama hizkuntzan datorrenean edo beste hizkuntza batean»

GARAZI ANDONEGI BERISTAIN Elhuyar fundazioko Zientzia Unitateko koordinatzailea

ETBko zuzendari Unai Iparragirre Torresek aitatu duenez, Teknopolis da euskal telebista publikoko programen artean aitortza eta sari gehien jaso dituena, eta zera dago horren atzean, haren iritziz: «Gai zientifiko eta teknologikoak erakargarri egitea, guztiok ulertzeko moduan». Bertuteen zerrenda osatu du Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendari Eli Garcia Caballerok: «Gure eraldaketa industrialaren kontakizuna eraikitzen laguntzen digu». Jaurlaritzako ordezkariaren aburuz, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bizkortzea da euskal industriak duen erronka behinena, eta, hala, «ezinbestekoa da gizarteak bide hori ulertu eta bere egin dezan». Teknopolis-i «funtsezkoa» deritzo asmo horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.