Zientzia, irakaskuntza eta teknologiaren munduko izen garrantzitsuz betetzen ari da Future of Life Institutuak plazaratu duen larrialdi oihuaren sinatzaileen zerrenda. Pausatu adimen artifizialeko esperimentuak izenburuko gutun irekian, aditu sinatzaileek munduko laborategi guztiei eskatu diete gutxienez sei hilabetez gelditzeko adimen sistemak trebatzeko prozesuak, horien inguruan hausnartu ahal izateko, eta «gizarteari moldatzeko aukera emateko». Konpainiek ezin badituzte lanak azkar gelditu, gobernuei dei egin diete esku hartzeko eta luzapen bat ezartzeko.
Anthony Aguirre fisika irakaslearen gidaritzapean egiten du lan institutuak, eta mundua eraldatzeko ahalmena duen teknologia «biziaren alde eta arrisku handietatik urrun» gidatzea du helburu.
Kezkaturik daude sinatzaileak gizakiekin lehiatzeko moduko adimena duten sistemek ekar dezaketen «arrisku sakonarekin». Teknologia horrek Lur planetaren biziaren historia aldatzea litekeena dela iritzita, kontuz handiz egin beharko litzatekeela uste dute. Baina hori «ez da gertatzen ari». Kontrara, laborategiak «kontrolik gabeko lasterketa batean» daude murgilduta, «eurek ere ulertzen ez dituzten gogo digitalak garatzen».
Galderak egiten dituzte gutunaren egileek: «Utzi behar al diegu makinei gure informazio bideak propaganda eta gezurrarekin gainezka betetzen? Lan guztiak automatizatu behar al ditugu, atseginak tartean?». Gizakiak erabat gainditu, gutxiengo eta ezgauza bihur dezaketen sistemak garatzeko beharra zalantzan jarri dute. «Gure zibilizazioaren kontrola galtzera arriska gaitezke?».
Proposatzen dutenez, adimen artifizialeko sistemak bakarrik garatu beharko lirateke «onerako izango dela ziur dakigunean», eta arriskuak kontrolatzeko modukoak direla.
Geldialdia egiteko garaia orain dela uste dute. Tarte horretan, segurtasun protokolo batzuk eratu beharko lirateke, sistema horiek diseinatzeko orduan. Zehaztu dutenez, ez dute eskatzen adimen artifiziala ez ikertzeko orokorrean, baizik eta «aurreikusi ezin diren ahalmenak dituzten eredu ilunak garatzeko lasterketa arriskutsua» gelditzeko.
Haatik, garapena gaurko sistemak zorrotzagoak, seguruagoak, gardenagoak eta fidagarriagoak egiten zentratu beharko litzateke berriz.
Erakundeak eskatu dituzte, AAk sortuko dituen «aldaketa ekonomiko eta politiko suntsigarri izugarriei» aurre egiteko.
Baikortasun izpi batekin amaitu dute gutuna: «Gizateriak etorkizun oparoaz goza dezake adimen artifizialarekin». Halako sistema indartsuak sortu ostean, horren uzta jaso dezake gizateriak, «denon mesederako diseinatuta, eta gizarteari moldatzeko aukera emanda».
Orain arteko sinatzaileen artean, Yuval Noah Harari pentsalari eta Sapiens liburuaren idazlea, Steve Wozniak Apple konpainiaren sortzailea, Turing saridun Yoshua Bengio irakaslea eta Tesla zein Twitterreko buru Elon Musk daude.
Stephen Hawking fisikariak eta Muskek berak antzeko gutun irekia sinatu zuten 2015eko urtarrilean. Mende honetan adimen artifizialak gizateria suntsi dezakeela ohartarazi zuten biek 2014an. Gutunean, lehentasun zerrenda bat eman zuten, adimen artifiziala ikertzen ari direnek segurua edo kontrolaezina den zerbait sor ez zezaten.