Marimi Ugalde. Irurako alkate ohia

«Agintzeko ez, herritarrei zerbitzatzeko dago alkatea»

Umeak eta Irurako herria. Horiexek izan ditu pasio Ugaldek. Erretiroa hartuta egon arren, haien alde lan nekaezina egiten du oraindik. «Baina alkate izateak dakarren presiorik gabe».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Irura
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irurako udaletxeko bulegoan baino gutxiago izan arren, adinekoen elkarteko bulegoko mahaia paperez betea du Marimi Ugaldek (Elduain, Gipuzkoa, 1940). Hamasei urtez Irurako alkate jardunarren, nekaezina da, eta ilusioz mintzo da esku artean duen proiektu berriaz: Irura lagunkoia. Alkate zenean bezala, herritarren beharrak jakitea eta haien egunerokoa hobetzea du helburu egitasmo horrekin. «Herritarren bati ezetz esan behar izatea izan zen alkate garaiko gauzarik gogorrena». Agintean egon zenean haiengandik jasotako babesa eskertzen jarraitu nahi du, nolabait. Bilobak eta futbola ditu beste bi zaletasunak

2011n utzi zenuen alkate kargua, baina Iruraren alde lanean jarraitzen duzu: umeen dantza irakasle, adinekoen elkarteko lehendakari... Bizimodu lasaiaren beharrik ez duzu?

Beharra beti izaten da, baina hainbeste urte udalean eman ostean, garbi nuen herriaren alde lanean jarraitu nahi nuela, beste modu batera bazen ere. Batetik, uste nuen adinekoei lagun niezaiekeela, hainbeste aipatzen den zahartzaro hori aurrera eramaten. Besteak beste, astean behin memoria lantzeko eskolak ematen dizkiet; bestalde, ume txikienei euskal dantzak irakasten dizkiet. Horrek ere asko betetzen nau. Astean bitan ematen dizkiet. Urteak daramatzat horretan.

Herrian oraindik ere geratzen al zaituzte laguntza eske?

Lau urte pasatu dira, eta jendea ohituz doa. Baina, onerako eta txarrerako, beti eramango dut alkate zigilu hori. Jendeak oraindik ere geratzen nau, bere arazoen eta abarren inguruko gauzak galdetzeko. Gogoan dut alkate nintzela, senarrarekin joan, eta jendeak ni agurtzen ninduela. Berak, umoretsu, zera esaten zien: «Eta, ni, zer?».

Alkate, irakasle, zaharren elkarteko lehendakari... Nor da Marimi Ugalde?

Horixe jakin nahiko nuke nik!. Lan desberdinak dira, baina, nireustez, jendea laguntzen eta zerbitzatzen saiatzen den pertsona bat naize. Irurako herria asko maite dut, eta beti prest nago haren alde edozer egiteko. Nire nahia beti izan da, eta da, Irura hobe bat egitea. Esku artean dudan azken proiektua Irura lagunkoia da. Herritarren artean galdetegi bat egiten ari gara, herriaren beharrak ikusi eta Udalarekin batera behar horiei erantzuteko. Dena den, ororen gainetan, Marimi naiz, jaio nintzenetik hiltzen naizen arte.

Herriaren aldeko lan horiek alkate izateak dakarren presiorik gabe egitea; antzemango duzu, ezta?

Erosoago nabil, eta ez dut hainbesteko presiorik. Beste lasaitasun batekin ari naiz. Dena den, ardurak hartzen ditudanean gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta dena ematen dut. Adibidez, adinekoen elkarteko presidente kargua hartu nuenean, ikusi nuen, beste adinekoen elkarte gehienetan bezala, egiten edo eskaintzen zen gauza bakarra bingoa eta kartak zirela. Orain, tarteka, hitzaldiak antolatzen ditugu, memoria lantzeko eskolak eman... Elkartea dinamizatzen saiatu gara, eta, batez ere, zahartzaro aktibo eta positibo bat sustatzen. Izan ere, uste dut aktibitatea eta positibismoa direla zahartzaro on bat edukitzeko gakoetako bi.

Oraindik ere deitzen dizute udaletik laguntza eta aholku eske?

Ba, hortxe ibiltzen naiz hara eta hona. Ni, izandako esperientzia kontuan hartuta, gomendioak ematen saiatzen naiz. Baina azken erabakia beraiek dute.

Alkate izan aurretik, ordea, irakasle izan zinen. Amonaren eragina izan omen zen.

Halaxe da. Zazpi anai-arreba gara, ni zaharrena, eta lau neskak irakasleak izan gara. Aitaren amona, Joxepa, irakasle izan zen Elduainen. Nik bost urte nituela, Irurara etorri ginen gurasoekin. Baina opor guztietan amonarengana joaten ginen. Izeba bat ere bagenuen Nafarroan irakasle, eta harekin ere egoten ginen. Beraz, beti ibiltzen ginen irakasle artean. Garai hartako irakasle gehienak bezala, oso zorrotza eta gogorra zen amona. Oporretan egon arren, etxeko lanak jartzen zizkigun. Baina oso oroitzapen onak ditut. Haren ikasle izandakoak ezagutzen ditut, ni baino zaharragoak direnak, eta beti esaten didate dakiten guztia amonari esker dakitela, eta oso ondo irakatsi ziela idazten, ez dutela ortografia akats bakar bat ere egiten.

Batxilergoa amaitu, eta Donostiara joan zinen irakasle eskolak egitera. Orduan, ez zen ohikoa emakumeek ikasten jarraitzea. Zuk, ordea, etxekoen babes osoa izan zenuen.

Halaxe da. Amona eta izeba irakasle izanda, guk ere hori izatea nahi zuten. Beraz, ez ziguten arazorik jarri. Nik, bestela, erizain edo mediku ikasketak egin nahi nituen. Baina, horretarako, kanpora joan behar zen. Gurasoek nahiko sakrifizio egin zuten ni Donostiara bidalita.

Azkenerako, 19 urterekin hasi zinen eskolak ematen.

Bai. Aurrena, Tolosan hasi nintzen. Herri txikietan ez bezala, mutilak eta neskak banatzen zituzten geletan. Lehen eskola egun haietaz oso oroitzapen onak ditut. Oso gustura aritu nintzen. Izan ere, 14 urteko ikasleak ziren, eta haietako bat sentitzen nintzen, nahiz eta beti errespetarazten nuen nere burua. Gero, Adunan eta Hernialden jarraitu nuen. Azkenerako, Iruratik deitu ninduten. Ez nuen horretarako puntuaziorik, baina orduan bazen parrokia eskola bat umetxoentzat. Hango irakaslea joan egin zen, eta parrokiatik deitu ninduten. Berehala eman nien baiezkoa.

Artean ikastolak sortzen ari ziren, eta Andoaindik dei bat jaso zenuen, ikastola bat sortzen ari zirela, eta irakasle bat behar zutela esanez.

Gutxi ginen irakasle ikasketak genituenak, eta, are gutxiago, euskaraz genekienak. Beraz, niregana jo zuten. Beti esan didate arazoak non, hara joateko ohitura dudala, eta, ondo pentsatu ostean, baiezkoa eman nien. Frankismoa bete-betean zen, eta ikastolak klandestinitatean sortzen ziren. Oso hasiera gogorrak izan ziren. Izan ere, On Eugenio Arregi parrokoa ikastolaren bultzatzaileetako bat izan zen arren, ikastolaren gainean apaiz frankista bat bizi zen, eta beti aritzen zen gure aurka. Guardia Zibila maiz etortzen zen, eta, azkenerako, esan genien mesedez umeak ez zeudenean etortzeko. Bi irakasle aritzen ginen, ni eta Mari Paz Artolazabal. Gerora, nire ahizpa Maria Jesus ere hasi zen eskolak ematen. Oso baliabide gutxi genituen. Umeak lurrean esertzen ziren, eta materiala guk geuk sortzengenuen. Zorionez, gurasoekin oso harreman estua genuen, eta denen artean aurrera ateratzea lortu genuen. Gero, handik Tolosara joan nintzen. Ikusita Andoainen martxan jarri zela, Tolosan saiatzea erabaki genuen. Bitxia izan zen, falangista bat alkate zela ireki baitzuten. Gogorra izan zen, baina pozgarria. Euskararen alde lan egiteko bidea ireki zidan, eta pozgarria da ikustea ikastolek izan duten bidea.

Tolosatik Bartzelonara joan zineten. Senarrak jatetxe bat zabaldu zuen han.

Han ere euskarari lotuta jarraitu nuen. Izan ere, aita Tolosako epaile izan zuen gizon bat topatu nuen, eta haren seme-alabei euskara irakatsi nahi zien. Hortxe aritu nintzen eskolak ematen. Gainontzean, senarrari laguntzen aritzen nintzen jatetxean. Jendearekiko tratua oso gustuko nuenez,zerbitzatzen aritzen nintzen. Primeran egon nintzen Bartzelonan. Orain, hemendik beste nonbaitera joan beharko banu bizitzera, Bartzelonara joango nintzateke. Orduan, katalanek gehiago estimatzen gintuzten gu, guk katalanak baino. Dena den, aukera izan genuenean itzultzeko, bueltatu egin ginen. Izan ere, semeak heltzen ari ziren, eta ez baginen orduan itzultzen, han geratuko ginen betirako.

Itzuli eta berehala hasi zinen herrigintzan, Kultur zinegotzi. Hortik, nola jaso zenuen alkate izateko proposamena?

Kulturan lan handia egin genuen. Orduan ez zekiten zein jarri alkategai, eta niri egin zidaten proposamena. Egia esan, ez zitzaidan asko kostatu baiezkoa ematea, aurreko lau urteetan ikusi nuelako udaletxearen martxa. Artean eskolak ematen jarraitzen nuen, eta pena ematen zidan. Hori dela eta, dantza eskolak ematen jarraitu nuen, alkate izan arren. Ohorehandia izan zen, herriko lehen emakume alkatea izatea. Gainera, hasieratik garbi esan nien nire lehen helburua euskara eta kultura sustatzea izango zirela.

Imajinatzen zenuena izan zen kargua?

Garbi nuen kezka eta buruhauste gehiago izango nituela, eta horregatik utzi nuen irakasle lana. Baina garbi nuen gorputz eta arima jardungo nuela alkate. Herritarren aldetik laguntza handia izan nuen karguan egon nintzen urte guztietan. Nik beti esaten dut, gainera, alkate izatea ez dela agintzea, zerbitzatzea baizik. Denei entzun behar diezu, eta lagundu. Gogorrena herritar bati ezetz esan behar izatea izan zen. Azkenengo egunean ere arantza horrekin atera nintzen. Ezetz esaten ez dakit, eta beti saiatzen naiz laguntzen.

Legez kanporatzeen urteak bizi izan zenituen. Gogorrak izango ziren urte haiek...?

Oso gogorrak izan ziren, eta inpotentzia handiarekin bizi izan nituen. Zein eskubide zuten gurekin hori egiteko? Are gutxiago, herri guztiaren babesa genuenean. Kudeaketarako ere mugak genituen. Baina, esan bezala, herritarren babesa erabakigarria izan zen aurrera egiteko. Denen babesa izanda, aurrera jarraitu behar genuen. Asko lagundu zidaten, eta, beste alderdiren bati boza eman arren, beti errespetatu ninduten herritar guztiek.

Jende asko atxilotu zuten lan politikoa egite hutsagatik. Izan zenuen beldurrik? Etxean zer esaten zizuten?

Nik kontzientzia oso lasai nuen, baina ez genekien zer gerta zitekeen. Dena den, ez naiz beldurtzen diren horietako bat, bestela ez nituen egin ditudan gauzetako asko egingo. Gainera, ordurako senarra hilda zegoen, baina semeek beti esaten zidaten aurrera egiteko. «Herriak nahi badu, aurrera, ama», esaten zidaten.

Inoiz jaso zenuen proposamenik aldundirako edo Jaurlaritzarako zerrendetan joateko?

Sekula ez, eta nik garbi nuen hasieratik herri mailan egingo nuela lan bakarrik.

Herritarrei ezetz esan behar izatea izan zen zure arantza. Eta lorpenik handiena?

Nik uste dut denen artean herria eraldatzea lortu dugula. Ni kargura iritsi nintzenean 700 biztanle zituen Irurak, baina pixkanaka garatu genuen hirigintza planari esker, herritik jende gehiago ez joatea lortu genuen. Kargua utzi nuenean, 1.400 biztanle zituen. Badakit herria hazi egin zela, eta horren inguruan izan genituen eztabaidak. Baina nik uste dut bizitza eman geniola, modu txukuneta moderno batean, gainera. Osasun zentroa, ikastola, frontoia eta beste hainbat azpiegitura ere berritu genituen. Dena den, garrantzitsuena izan zen kontzientziarekin lasai joan nintzela, eta lasai ibil naitekeela kalean, nuen guztia eman nuelako.

Umeek zer ematen dizute? Eta adinekoek?

Dena ematen didate. Oso gustura nago bai batzuekin eta bai besteekin ere. Denak dira oso esker onekoak.

Umeekin lan egitetik zer ikasi duzu?

Pazientzia izatea, taldean lan egitea eta gauzak behar den moduan esatea. Izan ere, hiru gauza horiek funtsezkoak dira umeekin lan egitean. Guztiak oso lagungarriak eta baliagarriak izan zaizkit bizitzan, eta zer esanik ez alkate nintzen garaian

Noiz hartzen duzu atseden, eta familiari denbora eskaini?

Hiru seme ditut. Semeetako bat etxean bizi da, eta nahiz eta lanagatik nahi bezainbeste ez ikusi, beti dakit hor dagoela. Euskarri handia da. Beste bi semeak etxetik kanpo bizi dira, eta seme-alabak dituzte. Bat Durangon bizi da, eta hortxe aritzen gara, ni joan, beraiek etorri. Hemen bizi dena, berriz, maizago ikusten dut. Asteazkenetan, bilobak etxera ekartzen ditut bazkaltzera. Onartu behar dut azkenerako dena ematen dieten amona horietako bat naizela.

Horrez gain, zein zaletasun dituzu?

Futbola. Reala eta Bartzelona ditut gustuko. Asko sufritzen dut partidak ikusten. Beti izan nahiz Bartzelonaren zalea; are gehiago,han bizi izan nintzenetik. Hemengoa izanda, Reala ere oso gustuko dut. Bartzelonak 2006an Txapeldunen Liga irabazi zuenean hiru semeekin egon nintzen Parisen. Ikaragarria izan zen, oso berezia. Kirol guztiak ditut gustuko. Asko gustatzen zait lagun artean egotea ere, eta haiekin afariak egitea. Lehen ere asko bidaiatzen nuen, eta asko gozatzen nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.