Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak

Agur Zikinaren Egunari

Zikinaren Eguna kendu dute lehenengoz jaien programatik; Batasuna eta Txirrita kuadrillek ospatu dute, halere

Zikinaren egunari jarraipena eman nahi izan dio Batasuna kuadrillak, kalean aparra botata. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Zikinaren Eguna izenez izan da beti ezaguna Gasteizko jaien azken eguna. Aurten, ordea, Blusa eta Nesken Batzordeak jaien egitarautik kendu zuela iragarri zuen bertako presidente Jose Miguel Garatxanak. Erabakiak, dena den, aldekoak eta kontrako iritziak piztu ditu, betidanik eztabaida eragin duen auziaren harira.

Kontrako hotsak entzun behar izan ditu aspalditik zikinaren eguna ospatzeak. Egun horretan, zenbait kuadrillak substantzia batzuk erabiltzen zituzten guztien arteko borroka antzeko bat eginez. Urteak pasatu ahala, geroz eta jende gutxiagok eutsi diote ohitura horri, kuadrilla gutxi batzuek bakarrik.

Batasuna kuadrilla da horietako bat. Inoiz ez dio hutsik egin uztailaren 9an irina eta ura jaurtitzeari, besteak beste. Zezenatara egiten diren joan-etorrietan, gainera, txerrikumeak erabili izan ditu noizbait. Hori dela eta, iazko festetan, Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak (ATEAK) salaketa jarri zuen, eta 1.200 euro —300 euro erabilitako txerrikume bakoitzagatik— ordaintzera behartu Batasunakoak. Dena den, animaliak erabiltzeagatik soilik ez dituzte kritikatu kuadrilla horiek.

Iaz ere, Ostalaritzako Enpresarien Elkarteak ezinegona azaldu zion Herriko Defendatzaileari ospakizun horregatik. Honela adierazi zuen elkarteak: «Gastu handia suposatzen du gure lokalak garbitzeak». Hartara, Gasteizko Sindikoak egun honi lotutako edozein ekintza ekonomikoki ez laguntzeko gomendioa egin zion udalari. Era berean, ohitura honekin jarraitzen zuten kuadrillei emandako diru laguntzak gutxitzea proposatu zuen.

Sindikoak gogora ekarri zuen egun horretako zikinkeriak garbitzeak 7.000 eurotik gorako gastua eskatzen diola udalari. Aurtengo debekua ezarrita, ikusmina sortu zuen atzoko Blusa eta Nesken zezenetarako joan-etorriak.

Aurreko urteko gertaerak gogoratzen zituen pankarta batekin egin zuten sarrera Batasunakoek Dato kalean: «Txerrikume gabe, irinik gabe, baina ez digute zikinenak izaten jarraitzeko gogoa kenduko!»

Batasunakoen historiako zikinaren egunik «garbiena» izan zen atzokoa. Aparrez betetako kamioi batekin ezker-eskuin, goitik behera aritu ziren kalea zuriz margotzen. Txirrita kuadrillakoek, ostera, urez betetako ihinztagailuak erabili zituzten, tarteka elkarri bustitzeko.

Jatorren Garbiaren Eguna

Hemendik aurrera ospatu ezingo den Zikinaren Egunaren beste aldean, Jatorrak kuadrillakoek bost urte daramatzate Andre Mari Zuriaren plazan Garbiaren Eguna ospatzen, erreibindikazio gisa: «Ez dugu partekatzen batzuek dibertitzeko daukaten forma hori; horregatik, geuk igerileku txiki hau prestatu dugu, nahi duena bertan sar dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.