Izozkiei buruzko pieza bat izozte betean: izotz ondoko izozki. Ausarta da proposamena, baina are ausartagoa da ardi esnearekin izozkiak egiteari ekin, lehen aldiz lehiaketa entzutetsu batean parte hartu, eta hiru domina lortzea. Miren Aire artzainarena da atrebentzia eta lorpena. Lyongo (Frantzia) lehiaketan hiru domina irabazi zituen joan den larrazkenean: pistatxo eta hur zaporedunekin urrezko bi, eta esne hutsez egindako izozkiarekin zilarrezko bat. Izotz artean dabiltza egun hauetan Urepeleko Iturribeltzea etxaldean (Nafarroa Beherea) izozkiaren benetako egileak: manex ardi burubeltzak.
«Gurean, aski arraroa da ardi esnearekin izozkiak egitea. Normalean, gasna ekoizten dugu. Duela gutxi hasi ziren bi bat lagun horretan, eta niri ere ideia lotu zitzaidan», azaldu du Miren Aire artzainak. «Etxean aspaldi hasi ziren gasna egiten: amak, aitak, osabek... Betidanik ikusi dugu. Ni artzain plantatu nintzelarik ere horretan hasi nintzen», jarraitu du Airek. Urte batzuk pasatuta, ordea, aldaketa bat egitea deliberatu zuen: «Ossau-Irati sor-markatik apur bat aldentzen hasi nintzen, nahiz eta segitzen dudan sor-markako gazta ere egiten. Hasi nintzen gasna guriak egiten, gasna freskoak, eta garatu nuen halako gama bat. Baina badira lau edo bost urte izozkiak egiten entseatu nahi nuela. Hasi nintzen, eta oraindik segitzen dut ikasten».
«Gasna egiten delarik, kausitzen da beti. Baina izozkiaren egiteko, errezeta arrunt zuzena behar da. Oreka handi bat»
MIREN AIREArtzaina
Agidanez, ikasketa prozesua bikain doa. Ez baita batere erraza ardi esnearekin izozkiak egitea. Airek azaldu du zergatik den prozesua horren zaila: «Gasna egiten delarik, kausitzen da beti. Beti ateratzen da zerbait: bata bestearengandik ezberdina izaten da, baina beti izaten da ona. Baina izozkiaren egiteko, errezeta arrunt zuzena behar da. Oreka zuzen-zuzena. Neurri arrunt zuzenak behar dira. Bertzela, ez on eta ez txar, izozkia ez da kausitzen. Horretan bada zailtasun handia. Esneak badu bere urina, eta ez da beti berdina. Sasoi hastapenean kantitate bat izaten du, eta sasoi amaieran gehiago. Eta hori guztia kontuan hartuta, azukre kantitatea egokitu behar da, baita gehitzen zaizkion beste osagaiak ere».

Lyongo lehiaketara lehen aldiz aurkeztu da. Artzain eta ekoizle gisa behin baino gehiagotan ukan zuen bertara joateko gonbita, baina gasnak aurkezteko beti. «Lehiaketako baldintzak hurbilagotik begiratuta, ikusi nuen izozkien lehia ere bazela. Zortzi edo bederatzi izozki ezberdin ditut, eta iruditzen zait batzuk aski ontsa kausitzen ditudala. Horietako bost aurkeztu nituen, eta hiru saritu dituzte. Neroni izan nintzen harritu zen lehena». Eta izan dute sariek oihartzuna inguruan: «Izoztuak gaude, beraz, ez da izozkien garaia [barrez], baina espero dut jendea hurbilduko dela, emeki-emeki, eta kuriositatez».
Ahadi: Urepeleko mendi bat
Ahadi izenarekin merkaturatzen dituzte izozkiak, gasnak, jogurtak eta bestelakoak. Urepeleko mendi baten izena da Ahadi. Aireren ardiek hango etxolan pasatzen dute urtearen ia erdia, eta Iturribeltzea etxaldean beste erdia. «Urepeleko etxalde ia denak bezala, etxalde ttipi bat da gurea. Hogei bat hektarea ditugu. Ardiekin bakarrik aritzen gara, ez da sekretua, eta kopuru zuzen-zuzena ere ez dizut agian emanen, baina hirurehun bat buru ditugu». Airek nabarmendu du «mendiarekin batera» lan egiten dutela: «Oso garrantzitsua da guretzat mendia. Mendirik gabe ezingo genuke ez jan eta ez jatekorik izan. Orain, neguan, ardiak jetzi, eta gasnak eta esnekiak egiten ari gara. Udan, han pasatzen dituzte egunak».

2001. urtean hasi zen Miren Aire artzain soil gisa. Amaren sortetxean instalatu zen, Iturribeltzean. Osaba erretretan sartu zenean, berak hartu zuen segida. 49 urte ditu orain, eta badu laguntza: «Kattalin alaba zaharrenak badu gogoa eta gustua. Hogei urte ditu, eta nirekin batera aritzen da orain. Ikusiko da ea gero horretan nahi duen segitu. Bakarrik egiteko lan nekeza da hau, nahiz eta ni bakar-bakarrik ez naizen sekula sentitu. Gurasoen, osaben eta ingurukoen laguntza izan dut beti. Artzainak eta laborariak ez dira sekula bakar-bakarrik egoten».
Eta nora jo behar da Ahadi izozkiak eta bestelako produktuak erosteko? «Iparraldeko laborariek eurek sortutako zenbait saltoki badira hemen. Guk horietan saltzen ditugu gure produktuak: Donibane Garaziko Eztika laborarien dendan, Donibane Lohizuneko merkatu estalian, Idokiren postuan. Beste toki batzuetako ekoizpen saltegietan ere bai: Donapaleun, Ezpeletan...». Eta azken boladan indarra hartzen ari den beste aukera bat: «Geroz eta gehiago, ostalaritzako jendea ari zaigu hurbiltzen, hemengo jatetxeetan gure produktuak eskaintzeko».
Segituko du Airek artzaintzan, eta segituko du kantuan ere. Aire ahizpak taldeko kideetako bat baita Miren. «Neguan kantaldi gutxiago dauzkagu, baina udan eta larrazkenean plazarik plaza arituko gara», aurreratu du.