Giro goxoa eta irribarreak ere kozinatu egiten dira. Ikas daiteke, baina berezkoa dute batzuek. Karlos Argiñanoren kasua da hori. Kapaz baita urteurreneko ekitaldi batean txisteak kontatzeko, edo bisita gidatu batean kantuan hasteko. Oharkabean giro goxoa eta irribarreak kozinatu eta zerbitzatzeko. Hori da haren marka eta haren lorpena, eta hori da Luisi Ameztoi emaztearekin batera sortutako Aiala ostalaritza eskolara eraman duena: familia giroa. 30 urte egin ditu eskolak, eta Zarautzen (Gipuzkoa) ospatu dute urteurrena. Argiñano familiako belaunaldi ezberdinetako kideak izan dira bertan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera, besteak beste.

Raul Gonzalez eskolako zuzendariak eta Karlos Argiñanok gidatuta bisitatu dute eskola. Ezagutu dituzte ikasgelak, eta izan dute ikastaroen berri. Argiñanok azaldu du zeintzuk diren sukaldari izatearen abantailak: «Ofizio honek horixe dauka ona: hemen ikasten duten neska-mutilek bizitza aurrera atera dezaketela munduko edozein tokitan. Izan hemen, edo izan hemendik kanpora; 10.000 kilometrora; edonon». Sariak eta aipamenak daude hormetan. Argiñanoren aspaldiko argazkiak batean zein bestean: arrautzekin, urazekin eta tipulinekin. «Harro nago hemen egiten dugunaz. Duela gutxi egon nintzen Martin Berasategirekin, eta zera esan zidan: ‘Badakizu Dubaiko nire jatetxeko sukaldezaina Aialan ikasitakoa dela?’. Oilo ipurdia jarri zitzaidan».
Ikasleak lanean ari dira gela hotzean. Postreak eta gozoak ari dira egiten. «Usain ederra dago, benetan», esan du ahaldun nagusiak. Hur garrapiñatuak eta parmesano makilatxoak dastatu dituzte. Tarta berezi bat ari dira lantzen. «Belvet tarta bat da», azaldu du Lordi Etxaondo gozotegi-okindegiko buruak. Txokolatea dastatu dute hurrengo aretoan: lantegian. Thierry Vallespir bigarren sukaldari nagusiak eman dizkie han azalpenak. Argiñano kantuan hasi da: «Somos lo que comemos, la vida es así... (Jaten duguna gara, halakoa da bizitza...)». Sukalde beroan, Manuel Piñeiro sukaldari nagusiak hartu du hitza, eta gonbidatuei azaldu die benetako praktikak direla han egiten dituztenak, jatetxea ere badela eskola, eta dastatze menu bat eskaintzen dutela egunero —itxaron zerrenda luzea dago joan nahi duenarentzat—. Bakailaoaren azal frijituarekin egindako mokadutxoak dastatu dituzte. Ekonomatua ikusten da handik irtenda, eta garbigunea eta jangela datoz gero. Argiñanoren biloba bat agertu da. «Hau ere aritzen da sukaldean», esan du.

Zorrak kitatu ostean
«Benetan pozgarria da 30 urte geroago hemen egotea. Baina eskola bat ez du pertsona bakarrak egiten. Hau ez dute Luisik eta Karlosek egin. Eskola bat talde handi batekin egiten da, eta guk talde handi bat izan dugu; talde oso on bat», azaldu du Argiñanok. «Eta benetan xelebrea ere bada hau. Nork esan behar zidan niri eskola bat irekiko nuela, kontuan hartuta klasean azkenekoa nintzela, klaseko tontoena». Kontatu du nola bururatu zitzaien ideia: «Halako batean, eta telebistari esker, Luisik eta biok zorrak kitatzea lortu genuen, eta ez ziren gutxi, ezta, Luisi? [Arrazoia eman dio emazteak jendartetik]. Diru apur bat geneukan, eta ez genekien diru harekin zer egin. Ez ginen joango Benicasimera pisuak erostera! Eta fundamentuzko zerbait egitea erabaki genuen: bion artean eskola hau irekitzea». Hasierako asmoa inguruko jendearentzat irekitzea zen: «16-17-18 urte izan eta bizitzan despistatu samar zebilen jende horrentzat. Ofizio bat ikas zezaten». 30 urte joan dira geroztik, eta herrialde askotako 3.000 lagun baino gehiago igaro dira Aiala eskolatik. Datuez harago, eskolaren «bereizgarria» zein den azaldu du Gonzalez zuzendariak: «Eskola txiki bat da, eta familia giroa da nagusi. Irakasle taldeak ikasleak izen-abizenez ezagutzen ditu, eta bakoitzaren bilakaera gertutik zaindu dezake».
Hiru hamarkada egin dituzte, baina beste horrenbeste egiteko asmoa dute. Ohikoa duen umorez agurtu da Argiñano: «30 urte barru begiak itxita edukiko ditut, baina begira egongo naiz».
