Aialako Andre Mariaren ohorezko festek hurrengo asteburura arte iraungo dute Dulantzin (Araba). Atzo hasi ziren festak. Astelehenetik ostegunera deskantsatu egingo dute, eta ostiralean berriro ekingo diote tripafinek jaiari. Dulantziko biztanleek jasotzen duten ezizena da tripafina, eta atzo, Zeledon bezala, elizatik jaitsi eta jaiei hasiera eman zien panpina batean gorpuztu zen. Txupina botatzen arduraduna, ostera, Dulantziko Kirol Elkartea izan zen, herriko elkarte beteranoena izateagatik.
Hasiera indartsuarekin ekin diete Dulantzin festei. Def Con Dos taldearen urteurrenaren zirkuituan parte hartu du herriak, eta talde horren emanaldiaz gozatu ahal izan zen atzo gaueko hamabietan. Asteburua geratzen da oraindik, baina.
Diana berezi batekin esnatuko dira gaur Dulantzin. Arabako Bertsozale Elkarteak antolatuta, bertso-txaranga bat arituko da goizeko hamaiketatik aurrera. Bestalde, erretiratuen eguna izango da gaurkoa, eta meza, bazkaria eta dantzaldia izango dituen ekitaldiarekin ospatuko dute.
Arratsaldean, jende gehien biltzen duen ekitaldia ospatuko dute: bigantxak. Ondoren, iluntzeko zazpi eta erdietan herri putxea izango da. Larunbateko musika doinuak Maitana taldeak jarriko ditu, gaueko hamabietan. Goizeko lauetan, karaokea egongo da Txosna Batzordearen eskutik.
Igandean, umeak protagonista izango dituen Madiber, Magia eta Dibertsioa uztartuko dituen ikuskizunarekin hasiko da egitaraua, goizeko hamabietan. Ordubete geroago, dantza erakustaldia egongo da, Haize Dulantzi Dantza Elkarteak prestaturik.
Arratsalde partean, bigantxez gain, izkingileak arituko dira plazan. Zortzietan, Una Noche Sin Sabina kontzertu emanaldia izango da herriko plazan. Eztarriak freskatzeko txanda izango da ordu erdi ondoren, pintxo-potearekin. Bederatzi eta erdietan, zezensuzkoa ibiliko da Dulantziko kaleetan gora eta behera. Hamarretan, su festarekin amaituko dira biharko ekitaldiak.
Aialako erromeria
Aialako baselizara egiten da erromeria astelehenean. Egun horretan, jarduera guztiak baselizan burutuko dira. Besteak beste, haurrentzako puzgarriak, zurrakapote eta pintxoak, herri bazkaria, dantzaldia eta bukaerako txokolate jana egongo dira. Dulantziko festetako ekitaldi kutuna dela adierazi dute udaletxetik, «eboluzio handia jasan duen festa da, geroz eta jende gehiago hasi da joaten, baita herriko bizilagun berriak ere. Ekitaldi oso herrikoia da».
Berritasun atsegina dakarte aurten festek. Hurrengo larunbatean Gazte Jaia antolatu dute. Gazteriak hala eskatuta, kanpaldirako gune bat izango da 13-18 urteko gazteentzat soilik. Kanpalekuak begirale taldea izango du zaintza lanetarako. Era berean, umeentzako era guztietako jarduerak bilduko dituen abentura parkea egongo da; apar festa, quad-ak, tirolina, arku tiroa, eta abar.
Gainera, udaletxeak bokatetara eta barraketara gonbidatuko ditu Dulantziko gazteak, banatuko diren tiketekin. 22:00etan, Trikomaren kontzertua izango da.
Jaiak. Dulantzi
Aialako amaren omenezko festak
Berritasun gisa, aurten Gazte Jaia egingo dute, datorren larunbatean, 13 eta 18 urte arteko gazteentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu