Euskal musikan ibilbide oparoa izan du Mikel Kazalisek (1968, Zarautz, Gipuzkoa), eta orain egitasmo berria besapean duela itzuli da: Matxura taldea. Bidean, Fernando Apoa —El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla—, Aitor Abio —PiLT— eta Txarly Diaz —Anestesia— bildu ditu abentura berri horretarako. Gaur kontzertua emango dute Herstura taldeaekin batera, Oñatiko gaztetxean (Gipuzkoa), 22:00etatik aurrera.
Kazalisek Estigia izeneko metal taldean eman zituen lehen pausoak, 80ko hamarkadaren hasieran; gerora Anestesia, Negu Gorriak, Bi Kate eta Kuraia taldeetan jotzeko. Azken boladan, ordea, musika elektronikoan murgildu da buru-belarri, musika eremu berrietara bidaiatuz. Hortik sortu da Matxura taldea, esperimentazio grina dago sorburuan. Emaitza, punk jarrera duten eta metal industrialez beteriko hamaika kantu indartsu dira. Eta musika oldarkorra bada, kantuen hitzek apokalipsira gerturatzen dute, non misantropia eta askatasuna diren hitzen ardatz nagusi. Musika egitasmoa grabazio estudioko laborategian sortu da, aurrez entsegu lokaleko lana egin gabe. Kontzertu nagusiaren aurretik Herstura taldeak egingo ditu berotze lanak. Oñatiko laukoteak taldearen izen bereko lehen diskoa kaleratu du berriki, melodikoki eta instrumentalki indartsuak diren sei abestirekin.
MATXURA + HERSTURA
Noiz. Gaur, 22:00etan.
Noiz. Oñatiko gaztetxean (Gipuzkoa).
Aitzindarien egitasmo berriak
Matxurak, Mikel Kazalis musikariaren talde berriak, eta Herstura taldeak kontzertua emango dute Oñatin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu