Bularreko minbizia aipatu, eta arrosa kolorea etorriko zaie burura bati baino gehiagori. Bada, hain justu, horrelako loturei eta estereotipoei aurre egitea du xede Izan Inurri elkarteak, besteak beste. Izan ere, argi dute bularreko minbizia ez dela arrosa. Inurriek osatzen dute Izan Inurri, eta guztiak inurritegian bilduko dira Hil arte bizi lelopean, igandean, Usurbilen (Gipuzkoa). Haien diru iturri nagusia denda solidarioa da; eta arropa bilduma berria aurkeztuko dute bertan. Horren aitzakian, egitarau zabala prestatu dute jai giroan ospatzeko.
2019an sortu zuten elkartea, eta haien jarduna zertan datzan azaldu du Beñat Elizaldek, Izan Inurriko kide batek: «Minbizia duten pazienteei babesa ematen diegu, eta dibulgazioa sustatzen dugu, ikuspegi feminista batetik eta kolektiboki, betiere». Sareak berebiziko garrantzia du bertakoentzat, baita elkar zaintzeak ere. Horregatik, eskaintzen dituzten zerbitzuen artean dago inurri berri bati erreferentziazko inurri bat jartzea: «Egoera beretik pasatu den norbait jartzen diegu; izan ere, zalantza asko egoten dira prozesuan zehar, eta, askotan, oso baliagarria da azkar eta ondo ulertuko zaituen norbait alboan edukitzea».
Zerbitzuen zerrenda amaigabea da, baina Elizadek azpimarratu du aldarrikatzen dutela horiek guztiak osasun sistema publiko batek eskaintzea aldez aurretik. Batetik, talde terapiak dituzte, bai minbizia duten pazienteentzat, bai bidelagunentzat, «zaintzaileari ere bizitza asko aldatzen zaiolako». Bestetik, fisioterapeutak, psikologoak eta nutrizio saioak eskaintzen dituzte. Horietaz gain, abokatu talde bat ere badute, aholkularitza juridikoa eta laborala emateko: «Lanean istiluak izaten dira; izan ere, askotan ez dituzte lanpostuak egokitzen, eta laneko baja hartzeko ere arazoak egoten dira». Eskubide laboralen arloan gauzak «gero eta okerrago» daudela ohartarazi du.Â
Aldarrikapenez jositako eguna izango da igandea, eta aurretik aipatutakoei beste hainbeste gehituko zaizkie. Horien artean dago, esaterako, minbizia duten emakumeek sufritzen duten presio estetikoa: «Gaur egun, minbiziaren diagnostikoa jasotzen dutenei, prozesua martxan jarri bezain pronto esaten diete ileordeak non erosi ditzaketen, bai eta mikropigmentazioa non egin dezaketen ere. Ez diete eskaintzen fisioterapeuten edo psikologoen zerrenda bat». Hori guztia «gaixoaren irudia estaltzeko» egiten dutela azaldu du. Horrez gain, bularrak berreraikitzea ere eskaintzen die, eta horren arriskuaz ohartarazi du: «Ez da pazientea sendatuko duen operazio bat. Are, arazo asko ematen ditu». Hori horrela izanik, ospitalea «sexualizatuta» dagoen eremu bat dela adierazi du: «55-60 urte baino gehiagokoei galdetu izan diete ea zertarako nahi duten berreraikitze hori. Eta lesbianekin, esaterako, ez dira hainbeste tematzen, bular horren atzean ez baitago gizon baten desira».
Inurriak batzeko eguna
Ez da jai girorik faltako igandean Usurbilen, eta bertan izango dira, besteak beste, elkartearekin kolaboratu nahi izan duten zenbait sortzaile eta artista. Josune Otamendiren Marrazoen horzkada liburuaren aurkezpenarekin abiatuko dute arratsaldea. Pankreako minbiziaren ondoriozko astinaldiak kontatu ditu bertan, lehen pertsonan. 17:00etan izango da, eta ordu berean hasiko dira haurrentzako ekitaldiak ere: eskulanak, aurpegi pintaketa eta marrazketa tailerra. 19:00ak arte egingo dituzte horiek.
Arropa bilduma berria, berriz, 18:00etan aurkeztuko dute. Maialen Arozena eta Jabier Rodriguez bildumako ilustrazioen egileak ere bertan izango dira, eta horma handi batean margotuko dituzte jantzien diseinu guztiak. Margotu bitartean, 19:00etan, Esanezin taldeak kontzertu akustiko bat emango du. Eta, ordu berean, sabelak betetzeko, pizza jana egingo dute, Ktxo jatetxearen eskutik.