Aldarrikapen errimadunak

Beste behin, bertsozalez bete da Bilboko Done Jakue plaza Aste Nagusiko eguerdiroko saioan. Maialen Akizu, Andoni Egaña, Jone Uria eta Eneko Lazkoz aritu dira kantuan.

Maialen Akizu, Andoni Egaña, Jone Uria eta Eneko Lazkoz, atzo eguerdian, Bilboko Done Jakue plazan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Bertso saioa hasteko hamar minutu eskasen faltan, itzal bila ari dira bertsozaleak Bilboko Done Jakue plazaren inguruan. Oholtza aurrean txukun jarrita dauden aulki tolesgarriak hartu, eta elizaren parera arte mugitu dituzte askok, bero sapari aurre egiteko esperoan. Saioa hasterako, itzalpera lekualdatuta daude ekitaldirako eramandako aulki gehienak. Beste behin, jendez lepo dago plaza, eta bertsozale ugari batu dira eguerdiroko ekitaldira.

13:00etan ekin diote bertso saioari, eta, ordubetez, etenik gabe aritu dira kantuan Maialen Akizu, Andoni Egaña, Jone Uria eta Eneko Lazkoz bertsolariak, Urtzi Urrutikoetxea gai jartzailearen gaiei txukun erantzunez. Saioa abiatzeko, agur bana kantatu dute, eta beste kontu batzuen artean, eguraldia zein festa giroa nabarmendu dituzte guztiek. Bertsolaritzak jai giroan duen lekua ere azpimarratu nahi izan du Lazkozek: «Sinpleak gara gu/ ta gure atrezzoa,/ baina festaren parte/ badenez bertsoa,/ jar dezagun guk ere/ gure aletxoa».

Turistak izan dituzte hizpide saioaren lehenengo zatian. Horien gidariaren rolean jarri dute Egaña, eta Akizu, berriz, bertsolari gisa. Kantuan hasi eta berehala, hari argazkiak ateratzen ari direla konturatu da Akizu. Zorrotz abiatu da bertsolaria: «Ordena jarrizazu mesedez,/ esan kamerak uzteko,/ hau entzuteko izaten baita/ eta ez erakusteko». Bertsolaritza mundu osora zabaltzeko eta ospetsu bilakatzeko aukera dela erantzun dio Egañak, baina ez du Akizu konbentzitzea lortu.

Besteak beste, Uria eta Lazkoz izan dira argazkiak ateratzen ari ziren turistetako batzuk. Umorez heldu diote gaiari, eta bertsolariak banan-banan aztertu ostean, gai jartzailearengan jarri dute arreta. Hala esan du Uriak: «Hortxe dago izkinan,/ behar dugu izenda:/ gaizki kantatzen du ta/ prosan ari da». Barrez lehertu da publikoa, eta bide beretik jarraitu du Lazkozek ere: «Nahi duna egiten du/ jefea da-eta».

Gaurkotasuneko gaiei ere erreparatu diete saioan zehar: euskara hizkuntza ofizialen erregimenean sartzeko eskaera izan dute aztergai. Europako Parlamentura joateko Egaña aurkeztu da boluntario: «Alemanikan ez dakit bate/ inglesik ez dakit bate/ baina euskara jaiotzetikan/ ez dut ibili aparte./ Gutxienean adinagatik/ kontutan hartuko naute». Espainiako Gobernura joateko, berriz, Uria agertu da prest. Onintza Enbeitaren ordez aritu zen kantuan atzoko saioan, eta horixe nabarmendu zuen bertsoaldian ere: «Lasai esango dut behar den dena,/ lasai emango dut lata/ ni bihurtu naiz Onintzaren/ ordezko ofiziala-ta». Lazkozek Nazio Batuen Erakundean euskaraz egingo zuela esan zuen, baina, trukean, kasurik egingo ez ziotela ondorioztatu zuen.

Euskaraz egiteko eskubidea lortuta, zein beste eskakizun duten galdetu die gai jartzaileak Egaña eta Uria diputatuei. Lau eskaera egin ditu lehenengoak: zezenketak ken ditzatela, euskal presoen afera konpon dadila, etxebizitzen legea mantendu eta hobetu dadila eta euskal selekzioaren ofizialtasuna. Uriak, berriz, hizkuntza konpetentzia sor dadila eskatu du, eta kritiko agertu da bertsoaldiaren amaieran: «Eskakizun eta eskakizun gu/ eta hor dago bera so./ Guk botoa emango diogu,/ eta bueltan ezertxo ez jaso».

'Mary Party' eta erretiroa

Umorez aritu dira bertsolariak saioaren azken zatian. Marijaiaren larruan jarri dute Uria, eta New Yorkeko Askatasunaren estatuan Akizu. Ozeanoaren alde banatan, mundua nola ikusten duten aztertu behar izan dute bi bertsolariek. Aldarrikapenerako tartea hartu du Uriak bertsoaren hasieran: «Hemen festetan bada/ hamaika eraso/ bihurtzen zaizkigunak/ urtero arazo./ Hemen dena da libre,/ libreegi akaso». Antzera jarraitu du Akizuk ere: «Paradoxikoa naiz,/ hala zait iruditu:/ Askatasun estatu,/ askatasun itun,/ ta halere ezin naiz/ inora mugitu». Bi pertsonaiak elkarren artean antzekoak direla ondorioztatu dute bertsolariek; bereziki, besoak gorantz jasoak dituztelako. Hortik tiraka, migranteen egoera islatu dute bertsolariek. Akizu: «Beso tragikoenak itsasoan daude». Hala borobildu du bertsoa Uriak: «Hemen soilik nahi dute/ parrandaz disfruta:/ utzi alde batera/ kezka eta disputa./ Baina ez dezagula/ guztia ezkuta/ sinbolizatzen/ dugun hori ahaztuta». Barrez agurtu du Marijaia Akizuk: «Pasatu festa onak/ agur Mary Party».

Erretiroa hartzeko gero eta gutxiago falta zaiola esanez, azken urteak Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean igarotzeko gonbita egin dio Lazkozek Egañari: «Amets amerikarra/ behar duzu bete,/ egunero izanez/ gurea aterpe:/ bost otordu eta/ lau Ducados pakete». Tentazioa eduki baduela erantzun dio Egañak, baina arazo bakarra duela: ez daki ingelesez hitz egiten. Etxean euskaraz hitz egiten dutela esanez eman dio konponbidea Lazkozek, eta baldintza bakarra jarri dio honek: «Neretzat dena gastu,/ zuretzat etekin./ Ta eskatuko dizut/ gauza bat behinepin:/ gauero lokartzea/ zure bertsoekin». Segidan erantzun dio Egañak: «Zuk ni sartu nahi nauzu/ museo batean». Bertso sortaren amaierarako hartu du erabakia Egañak, publikoaren barre artean: «Alperrik egongo haiz/ nire zain bahago:/ eskela iritsiko dek/ ni baino lehenago».

Saioa borobiltzeko, puntuka jarri ditu gai jartzaileak lau bertsolariak. Fin aritu dira denak ala denak: oholtzak eskaintzen zien begiratokitik ikusten zuten erretratua deskribatu dute. Publikoak gogoz txalotu du, eta emanaldia amaitu orduko, abiatu da berriro ere jendearen joan-etorri etengabea.

Gaur eguerdiroko bertso saioa egin ordez, bertso bazkaria egingo dute 14:30etik aurrera Done Jakue plazan. Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo arituko dira kantuan. Urtero legez, Hor Dago Abante konpartsak antolatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.